Joana Flandriakoa

Joana Flandriakoa


Bretainiako dukerriako dukea ezkontzaz

1341eko apirilaren 30a - 1345eko irailaren 16a
Joana Savoiakoa - Maria Walthamgoa
Bizitza
Jaiotza1295
BizilekuaTickhill gaztelua
Heriotza1374ko iraila (78/79 urte)
Familia
AitaLuis I.a Neverskoa
AmaJoan, Retheleko kondesa
Ezkontidea(k)Joan IV.a Bretainiakoa  (1329 (egutegi gregorianoa) -
Seme-alabak
Haurrideak
LeinuaMonfort
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatolizismoa

Joana Flandriakoa, edo Joana "la Flama" ('Sugarra') (c. 1295 - 1374ko iraila) Bretainiako dukesa izan zen ezkontzagatik, Joan Montfortekoarekin ezkondu ostean. Bizitza gehiena bere senarraren eskubideak eta gero Joan IV.a Bretainiakoa semearen eskubideak babesten igaro zuen, Bloiseko familiak erasotua Bretainiako Ondorengotza Gerran. Bere senarra preso hartu ondoren, berak zuzendu zuen Monfortarren aldeko gudua, eta buruzagi militar bikaina ere izan zen.

Ingalaterran babesa hartu eta gutxira, Tickhilleko gazteluan giltzapetu zuen Eduardo III.a erregeak.

XIV. mendeko Jean Froissart kronistak goratu egin zuen bere indarragatik. David Humek ere haren lidergo gaitasunagatik bere garaiko emakume nabarmenetako bat izan zela esan zuen.

Biografia

Gurasoak zituen Luis I.a Neverseko kondea eta Joana Retheleko kondesa, eta neba Luis I.a Flandriako kondea.

Ezer gutxi dakigu bere ezkon aurreko urteez.

Joan Monfortekoarekin ezkondu zen 1329ko martxoan. Bi seme-alaba izan zituzten:[1]

  • Juan IV.a Bretainiakoa, Bretainiako dukea (1339–1399).
  • Joana Bretainia, Draytongo baroia (1341 – 1399ko urriak 20 ostean), Bretainiako ondoregotza gerra hasieran jaio zen, Ralph Bassetekin, 4.º Barón Basset Draytongo 4. baroiarekin ezkondu zen 1385eko urriak 21 baino lehen.

Joan Monfortekoak Bretainiako dukerria beretzat eskatu zuen, baina Joana Penthièvrekoak eta bere senar Karlos Bloiskoak aurre egin zioten.

Bretainiako Ondorengotza Gerra

Joan III.a, Bretainiako dukea, semerik gabe hil zenean 1341an, ondorengotza arazo larria bihurtu zen. Urtetan zehar ahalegindu zen bere amaorde zen Iolanda Dreuxkoak ez zezan dukerria herentzian jaso (bere aitarekin zuen ezkontza ezetatzen ere saiatu zen). Garai horretan, bere oinordeko izendatu zuen Joana Penthièvrekoa bere iloba, baina, hil aurretxoan, Joan Monfortekoa anaiordearekin adiskidetu zen eta ondorengo izendatu zuen. Ondorioz, Joan III.a dukea hiltzean, bi hautagai etsai zeuden Bretainiako dukegai: Montforteko etxea, Joan Montfortekoa eta haren emazte Joana Flandriakoa buru zituena, eta Blois edo Txanpainiako etxea Karlos Bloisekoa eta haren emazte Joana Penthièvrekoa buruz zituena.

Joan Monfortekoa Parisera joan zen Filipe VI.a Frantziakoarekin hitz egitera, baina errege frantsesa Karlos Bloisekoaren osaba zenez, Joan Monfortekoa preso hartu zuen, segurtasuna hitz emana zion arren. Era horretan, errege eta epaile frantsesek Bretainiako dukerriaren ondorengo izendatu zituzten Karlos Bloisekoa eta Joana Penthièvrekoa.

Aldiz, Joana Flandriakoak bere seme txikia Monfort etxearen buru izendatu zuen eta bere burua dukeorde haren izenean. Armada bat bildu zuen eta Redon hartu zuen. Handik Hennebont inguratzera joan zen. Karlos Bloisekoa 1342an iritsi zen eta hiria inguratu zuen honek ere. Joana Flandriakoak Amaury Clissongoa bidali zuen Ingalaterrako Eduardo III.ari laguntza eskatzera. Eduardo III.ak gogotsu eman zion laguntza, Frantziako koroa beretzat nahi baitzuen eta, beraz, Filipe Frantziakoaren etsai baitzen. Bretainiako dukea bere aldekoa izateak abantaila emango ziokeen etorkizuneko Frantziaren kontrako gudaldietan. Itsas armada bat prestatu zuen Gilen Maunykoaren agintepean laguntza moduan bidaltzeko eta Bloisen setioa arintzeko.[2]

Hennebonteko setioa

Joana Flandriakoak ingeles armada ikusten du Hennebont askatzera datorrena, 1342. François Guizoten ilustrazioa: Historia de Francia, 1869.

Hennebonteko setioan, Joana Flandriakoak armak hartu zituen eta hiriaren defentsa zuzendu zuen, hiriko gizon-emakumeak borrokara bultzatuz (emakumeei gonak moztu eta beren burua babestera animatu zituen).

Dorre batetik etsaien kanpalekua ia babesgabe ikusi zuen une batean, 300 gizoneko erasoa zuzendu zuen: Karlos Bloisekoaren baliabideak eta dendak errez suntsitu zituen. Horren ondorioz, "Juana la Flama (‘Joana Sugarra’)" ezizena jarri zioten. Bloistarrak saiatu ziren bidea moztenhirira erretiratzen zihoala, baina orduan Joana Flandriakoak bere zaldunak Brestera eraman zituen (Bloistarren aldekoen parte batek beraiekin bat egin zuen). Brest segurtatuta, aldeko kide gehiago lortu zituen eta izkutuka itzuli ziren Hennebontera, indarberrituta.

Karlos Bloisekoak gosez errenditu nahi izan zuen Hennebont, orduan. Bilera luze baten bidez, Leongo apezpikua saiatu zen Joana Flandirakoa errendi zedin, baina bere alde Ingalaterratik zetozen Gilen Maunyren itsasontziak ikusi zituen eta Joanak eta Hennebont hiriak eutsi egin zuen.[3] Ingelesen etorreraren ondorioz, Karlos Bloisekoak atzera egin behar izan zuen eta Joana Flandriakoa Bretainiako beste hirietatik isolatzen saiatu zen arren, ez zuen Hennebont lortu ahal izan.

Hurrengo borroka

Joana Flandriakoa Ingalaterrara joan zen Eduardo III.a errege ingelesari laguntza gehiago eskatzeko eta lortu egin zuen, baina Bretainiara bidean zirela, Karlos Bloisekoaren aliatua zen Luis de la Cerda espainiarrak moztu zien bidea. Borroka gogorra izan zen eta Joana Flandriakoaren itsasontzia hartzen saiatu zirenean, Froissart kronistaren arabera, Joana Flandriakoak berak ere borrokatu zuen sekulako indarrez. Itsas gudaldia ingelesek garaitu zuten eta Vannes portuan lurra hartu zuten. Hiri hori hartzeaz gain, Rennes setiatu zuten, Hennebonteko setioa hautsi asmoz.

Une horretatik aurrera, jaun ingelesak izan ziren Joana Flandriakoaren tropak zuzentzen zituztenak.

Ez zenez garaipen handirik izan, ez batzuen ez besteen aldetik, 1343an Malestroiteko suetena hitzartu zuten: Joan Monfortekoa askatua izan zen eta guda bertan behera geratu zen aldi batez. Dena den, berriro hartu zuten preso Joan Monfortekoa, baina ihes egitea lortu zuen eta guda hasi zen berriro. 1345an, gerraren erdian, hil zen eta Joana Flandriakoak berriro hartu zuen bere taldearen buruzagitza, bere seme Joan IV.aren eskubideak Bloistarren kontra babesteko. 1347an, bere aldeko indar ingelesek preso hartu zuten Karlos Bloisekoa gudaldi batean.

Preso

Garai hartan Joana Flandriakoa eta bere semea Ingalaterran bizi ziren. Eduardo III.ak hasieran ohoreekin jaso zuen arren, gero preso hartu zuen Joana eta hil arte Tickhill gazteluan egon zen. Bere zaintzaren ardura hainbat pretsonen esku utzi zuen errege ingelesak: Sir William Frank 1346 arte, Thomas Haukeston 1346–1357 artean, John Delves 1370 ostean eta haren alargun Isabella eta Godfrei Foljambe. Arthur de la Borderiek azaldu zuen preso izan zutela, gaixotasun mentalarengatik, baina ez dago horretarako inongo frogarik. Ez da sinesgarria "Warmer" (Warnier?) Gistongoak, bere yeomen nekazari jabeen laguntzaz, Joana Flandriakoa askatzeko arriskua hartzea 1347an, bere burua larriki arriskuan jarriz, kondesa gaixo izan balitz.[4] Seguruena Eduardo III.ak preso hartu zuen bere boterea Bretainian zabaltzeko.

Nahikoa bizi izan zen, bere semea Joan IV.a Bretainiako duke gisa ikusteko 1364n, bloistarrak garaituta, baina ez zen dukerrira itzuli.

Joana Flandriakoaz dugun azken berria, eta baita bere zaindariaz, 1374ko otsailaren 14koa da eta, badirudi, urte horretan zendu zela.

Legatua

"Juana la Flama", Jeanne Malivelen irudia, Histoire de Notre Bretagne lanean.
"Juana la Flama", Jeanne Malivelen irudia, Histoire de Notre Bretagne lanean.

Joana Flandriakoa emakume borrokalarien eredu izan zen, beharbada baita Joan Arc-ekoarentzat ere.[5] Jean Froissartek esan zuen gizonaren adorea eta leoiaren bihotza zituela eta David Humeek bere garaiko emakume nabarmenena izendatu zuen.

Feminista viktoriarrek ere eredu gisa zuten.

Harriet Taylor Millek aipatzen du Erdi Aroko gazteludun emakume heroien artean (chatelaines bere "The Enfranchisement of Women" izeneko lanean).[6] Amelia Bloomerrek ere antzera izendatu zuen garaiko emakume heroi gisa.[7] Pierce Butlerrek dio Froissartengatik dela amazona edo emkume gerrari gisa ezaguna, baina emakume moduan gutxi ezagutzen dugula.

Bretainiako folklorean oroitua izan zen, bereizki Barzaz Breizen jasotako balada batean, Hennebonten bloistarren kanpamenduari egindako erasoa kontatzen duena.

Jeanne Coroller-Danio-k bere Histoire de Notre Bretagne (1922) izeneko liburuan, frantsesen kontra egin zuen heroi bretoi gisa azaltzen du.

Erreferentziak

  1. Jones, Michael, The Creation of Brittany, (The Hambledon Press, 1988), 210.
  2. Butler, Pierce, Women of Medieval France, Chapter IX, Barrie, London 1907.
  3. Mortimer, Ian (2008): The Perfect King The Life of Edward III, Father of the English Nation. Vintage. 204-205. or.
  4. Audouin Chauveron. 2 (2015) 86-87. or.
  5. Stephen Wesley Richey, Joan of Arc: The Warrior Saint, Greenwood, 2003, p.116.
  6. John Stuart Mill, John; Alice S. Rossi, Harriet Taylor Mill (1970): Essays on Sex Equality, University of Chicago Press, 102. or.
  7. Anne C. Coon (ed) Hear Me Patiently:The Reform Speeches of Amelia Jenks Bloomer, Greenwood Press, Westport, CT, 1994, p.158/

Kanpo estekak