Jesusen Zerbitzarien kaia

Jesusen Zerbitzarien kaia
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaBilbo
Koordenatuak43°15′30″N 2°55′39″W / 43.25824373°N 2.92756802°W / 43.25824373; -2.92756802
Map

Jesusen Zerbitzarien kaia San Frantzisko auzoan dagoen kaia da, Bilboko udalerrian, Bizkaiko Lurralde Historikoan. Lehen Naxako kaia bezala ezagutzen zen.

Kokapena

Mesedeetako zubiaren eta Areatzako zubiaren arteko espazioa hartzen du kaiak. Alde batean Naxa kalearekin lotzen du, eta beste aldean, berriz, Areatzako zubiarekin, Bilbo-Naxa tren geltoki zaharreko eskaileren bidez, geltokia itxi zuten arte.[1]

Kaiaren izenak

Kaiaren egungo izena nahiko berria da, eta Jesusen Zerbitzarien komentutik gertu dagoelako datorkio. Erabaki hori 1992ko irailaren 24ko Bilboko alkatetzaren dekretu bidez hartu zen,[1] nahiz eta mende batez, 1879ko maiatzaz geroztik zehazki, izen ofiziala Naxako kaia izan.[2]

Naxa kaia eta Bailen kaleko eraikinak

Kaiaren urbanizazioa

Bilbo-Tutera trenbidearen geltokia eraikitzeko 1858an Kontzezioko komentua desjabetu ondoren,[3]kaiaren goiko aldea urbanizatzeari eta egungo Bailen kalean etxebizitzak eraikitzeari ekin zioten. Geroago, eraikin horiek arkuak izango zituzten kaiaren gainean bertan, eta egungo itxura emango zioten. Arku horien azpian, eta urteetan zehar, Bilboko merkatu txikia antolatzen zen, ingurua itxi arte.[4] Gaur egun, kaiak gutxieneko hedadura batera baino ez du sarbidea. 1999ko martxoan Naxako geltokia itxi zenetik,[5] eta urte bereko abenduan arkuak itxi eta hesitu zirenetik, ez dago pasabide librerik bi zubien arteko kaitik.[6]

Historia

Martin Saez Lanajaren plaka

Naxa aldea

Zonaldeak izen hori hartu zuen, Martin Saez de Lanajaren etxea bertan zegoelako. 1526ko abuztuaren 10ean, Pedro Giron de Loaysa Bizkaiko Jaurerriko Korrejidorearen aurrean, Bizkaiko Foru berriaren testua idazteari ekin zioten. 1527ko ekainaren 7an, Iñigo Urtiz de Ibarguenek eta Pedro de Barayak aurkeztu zuten, eta Karlos I.a Espainiako erregeak berretsi zuen Valladoliden. Gertaera horren oroimenez, fatxadan zeuden armarrietako baten azpian, bata Arana eta Allende-Salazar leinuena eta bestea Maskaruatarrena, honako inskripzio hau jarri zen:

«Martin Saez de Lanajaren etxea, non Bizkaiko Forua erreformatu baitzen, 1526. urtean».[7]

Komentua gaur egun

Jesusen Zerbitzarien Komentua

Karitateko Jesusen Zerbitzarien Kongregazioa, Bilbon 1871n sortu zen gaixoen zaintzari eskainitako erlijio ordena da. 1878an bere kideak Naxako etxe batean hartu zuten ostatu, eta toki hori bere Amaren Etxea bihurtu zen. 1892an Joaquín Rucobari agindu zitzaizkion egoitza berri baten obrak, eta 1894an amaitu ziren. Egungo eraikina, Galdos anaiek proiektatua, 1977ko urrian inauguratu zen.[8]

Kaien eraikuntza

Ibaizabalen ezkerraldeko kaien eraikuntzari buruzko informazio gutxi dago, eta ez dakigu zehatz-mehatz noiz igaro ziren ontzitegi soil izatetik kai izatera. Badakigu toki horretan, 1818an, Bilbo eta Abandoko elizatea txalupen zubiaren bidez lotzeko beharrezko kai zatiak trazatu eta egin zirela. Naxako kaian ere obrak proiektatu ziren itsasadarraren kanalizazio-proiektu desberdinetan, hala nola 1844an Etxanoberena,[9] egin ez zena, eta Peironcelyrena, 1857an onartu zena baina geldirik geratu zena.[10] Azkenik, 1860-1869ko itsasadarraren kanalizazio-lanetan (hirugarren sekzioan) 246,5 m-ko kaia eraiki zen San Frantziskoko zubi esekitik Bilboko alde zaharreko Santa Maria kalearen aurreko puntu bateraino. Obra horiek 1870ean entregatu ziren.[11]

Ibaia igarobide

Duela gutxira arte Naxako kaia izenez ezagutzen zen tokiak historia luzea izan du itsasadarraren igarobide gisa ere:

Lehenengo eta bigarren txalupa-zubiak

1813ko urtarrilaren 5etik 6ra bitartean frantsesek San Frantziskoko zurezko zubia erre zuten Bilbotik erretiratzean. San Anton zubia bakarrik geratu zen zutik. Egoera horren aurrean, urte bereko urriaren 4an, agintariek behin-behineko zubi flotatzaile bat eraikitzea erabaki zuten, Santa Maria kalea eta Naxa artean, lehenago frantsesek Kontzezioko komentuarekin lotzeko zubi bat eraiki zuten leku berean (komentu hori gerra-ospitale gisa erabili zuten). Zubi horren datu gutxi daude, eta, ustez, erretiratzean ere suntsitu egin zuten. Bigarren zubi honek 1814ra arte iraun zuen. [12][13]

Hirugarren zubi flotatzailea

Behin behinekoa eraikitzearekin batera, egurrezko zubi bat proiektatzea ere agintzen da, baina Juan Bautista Belauzaranen lehen proiektua artxibatu egiten da. 1817an baimena lortu zen eta proiektua Carlos Maria Abajo Armadako Hidraulikoen Kidegoko ingeniariari enkargatu zitzaion. 1818an, eskuinaldean eta Naxako bidean lotzeko beharrezko kai zatiak trazatu eta egin ziren, Agustin Humaran[14] arkitektoaren obra proiektuarekin. Zubi hau 1820ko abuztuaren 23ko uholdeek eraman zuten. [15]

Foruen zubia eta Naxako kaia. 1870

Foruen zubia

Naxan izan zuen Abandoko Elizateak Bilborekin lotzeko zubi bakarra, Sabino Goikoetxeari, San Frantziskoko lehen zubi esekiaren egilearen semeari, zubi esekiaren proiektu bat enkargatu ondoren, Bizkaiko Aldundiaren laguntzarekin. Proiektua 1868an igorri zitzaien Bilboko agintariei, eta hauek aurka egin zuten, baina ezin izan zuten 1869an eraikitzea eragotzi. Bost urte iraun zuen,[16] 1874ko martxoaren 20an Bilboko setioan bonba karlista batek kable bati eragin eta taula zintzilik geratu zen arte.[17] Gaur egun, estribu bat ikus daiteke Santa Maria kalearen parean.[18]

Bilbo-Naxa tren geltokia

Naxako kaiak, Areatzako zubiarekin lotzen zen muturrean, tren geltoki bat izan zuen, eta bertara kaitik ere sartzen zen. Bilbotik Portugaleterako trenbidea eraikitzeko emakida Federico Solaegui enpresari bizkaitarrari eman zitzaion 1881eko ekainaren 15ean, Pablo Altzola Minondo ingeniariak Hulleras de Turónen bazkide zuela. Azken hori izan zen geltokiaren proiektuaren egilea. Linearen inaugurazioa bi fasetan egin zen: lehena, Bilbo eta Barakaldo artean, 1888ko martxoaren 19an; bigarrena, Portugaleteraino, urte bereko irailaren 24an. 1926an trenbidea Portugaletetik Santurtziraino luzatu zen.[5]

Naxako geltokiaren barrualdea

Pablo Altzolaren eraikinari txoritegia edo kapera izena eman zitzaion, estilo modernistako eraikuntzaren teilatuaren buru zen dorretxoa zela eta. Eraikina oso kaltetuta geratu zen Areatzako zubiaren leherketaren ondorioz, tropa frankisten aurrerapena moteltzeko, 1937an Bilboko guduan. Urte horretan bertan eraitsi zuten, eta geltokia lurpean eraiki zuten. 1941ean, Estatuak ofizialki konfiskatu zuen linea, Renferen barruan, eta 1999ko martxoaren 3an geltokia itxi zen, tren-linea Bilbo-Abando geltokira pasatuz.[5] [19]Orduz geroztik, eta baztertu diren hainbat proiektu aztertu diren arren, geltokia hutsik dago, instalazioei erabilera bat emateko zain.[20]

Erreferentziak

  1. a b Siervas de Jesús. Muelle. .
  2. (Gaztelaniaz) Colección de los informes y documentos más interesantes que constan en las actas del Ayuntamiento de esta Invicta Villa correspondientes al periodo administrativo, comprendido entre el 1 de Abril de 1877 y el 30 de Junio de 1879.. Bilbao: Tipografía, Encuadernación y Librería de Viuda de Delmás, 39 or..
  3. (Gaztelaniaz) «Bilbo zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoak Egitamu Komunitario - SORTZEZ GARBIAREN KOMENTUA» www.bilbao.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-26).
  4. Basas, Manuel. (2015-06-11). Calles de Bilbao. El paraje de Lanaja / Manuel Basas.. .
  5. a b c Olaizola, Juanjo. (martes, 24 de septiembre de 2013). «Historias del tren: EL FERROCARRIL DE BILBAO A PORTUGALETE CUMPLE 125 AÑOS» Historias del tren.
  6. FERNANDO DOMINGO-ALDAMA Bilbao valla una zona frecuentada por drogadictos. 1999-12-01 ISSN 1134-6582..
  7. (Gaztelaniaz) Delmas, Juan Ernesto. (1896). Cosas de antaño. Tomo I : capítulos históricos. Bilbo: Andrés P. Cardenal.
  8. (Gaztelaniaz) «Bilbo zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoak Egitamu Komunitario - JESUSEN ZERBITZARIEN KOMENTUA» www.bilbao.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-26).
  9. Salazar Arechalde 2003, 55 orr. .
  10. Salazar Arechalde 2003, 65 orr. .
  11. Salazar Arechalde 2003, 75 orr. .
  12. Salazar Arechalde 2003, 35-36 orr. .
  13. Puentes de barcas. .
  14. Salazar Arechalde 2003, 37 orr. .
  15. Salazar Arechalde 2003, 39 orr. .
  16. Salazar Arechalde 2003, 78-79 orr. .
  17. Salazar Arechalde 2003, 91 orr. .
  18. «Puente de los Fueros» Los Puentes de Bilbao 2021-03-29.
  19. (Gaztelaniaz) Alonso, Un reportaje de Alberto G.. (2017-04-23). «Cuando siete estaciones de tren pitaban en la villa» Deia (Noiz kontsultatua: 2024-06-26).
  20. Araluzea, Ane. (2024-06-04). «La antigua estación de La Naja de Bilbao sigue a la espera de una actividad que la devuelva a la vida» Deia.

Bibliografia

  • Salazar Arechalde, Jose Ignacio (2003). Bizkaiko Aparailari eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofiziala-Colegio Oficial de Aparejadores Y Arquitectos Técnicos de Bizkaia, ed. La Ría de Bilbao en el siglo XIX. Tendiendo puentes, abriendo caminos. Bilbao. ISBN 84-922167-1-9

Ikus, gainera

Kanpo estekak