Jeronimo Uztaritz Hermiaga (Doneztebe, 1670 – Madril, 1732) nafar militar, ekonomista eta politikaria izan zen. Theórica y práctica de Comercio y de Marina (1724) idatzi zuen, XVIII. mendeko ekonomia liburu garrantzitsuenetako bat.
Biografia
Jeronimo Uztaritz Donezteben jaio zen, 1670ean. 15 urterekin Madrilera joan zen karrera militarra egitera. Ondoko urtean Bruselako Errege Akademian sartu zen. FlandrianBederatzi Urteko Gerran borrokatu zen, infanteria kapitaina izatera iritsiz. 1698tik aurrera Flandriako espainiar armadaren idazkaria izan zen, Bedmargo markesaren agindupean. Markesak, Siziliako erregeorde bilakatu zenean (1705), Estatu eta Gerra Idazkari izendatu zuen. 1706anFilipe V.akSantiago Ordeneko zaldun izendatu zuen[1].
1707an Madrilera itzuli eta hainbat kargu izan zituen Filipe V.aren administrazioan. Gerra eta Itsas-armada bulegoan aritu zen lehenik. Ondoren, besteak beste, Indietako kontseiluko Merkataritza eta Moneta Errege Juntako, Milioien Aretoko eta Tabakoaren Errege Juntako idazkaria izan zen[2]. Merkataritza Juntako idazkaria (1727) eta Merkataritza eta Moneta Juntako ministroa (1730) ere izan zen. Eragin handia izan zuen Filipe V.a erregearen agintaldiko politika ekonomikoan[1].
Pentsaera
Uztaritz bat zetorren Frantziako Finantza ministro Colberten doktrina ekonomikoekin. Espainiako kanpo merkataritzaren monopolioa, abantaila handiak zituzten konpainia pribatuen esku utzi izana ez zitzaion egokia iruditzen. Aitzitik, manufaktura industria sustatzea proposatu zuen, bai barne merkatua hornitzeko, bai kanpo merkatuan lehiatzeko. Horrekin batera zerga sistema aldatu beharko zen, espainiar produktuen zergak arinduz eta inportazioko salgaiei muga-zerga handiak ezarriz. Itsas armada eta merkataritza ontzidia indartsuak izatea beharrezko jotzen zuen[3].
Lanak
Bere idazlan nagusia Theórica y práctica de Comercio y de Marina (1724) da. Lehenbiziko argitalpenak oso zabalkunde txikia izan zuen, baina, 1742an, bigarren aldiz argitaratu zenetik prestigio handia lortuz joan zen. Esate baterako Feijoo eta Voltaireren mirespena izan zuen. Adam Smithek jaso zuen bere lanaren berri[4]. Luze gabe itzulpenak argitaratzen hasi ziren: ingelesezkoa (Londres, 1751), frantsesezkoak (Paris eta Hanburgo, 1753) eta italierazkoa zenbait urte geroago[2].