Jean Hubeau (Paris, Frantzia, 1917ko ekainaren 22a - 1992ko abuztuaren 19a) frantses musikagile, irakasle eta piano-jotzailea izan zen.
Biografia
1934an, Erromako Saria irabazi zuen La Légende de Roukmani kantatagatik, 1935ean Llouis-Diémer piano-saria, eta urte horretan bertan idatzi zuen orkestrarako bere lehen lana, Tableaux hindous. 1937an, Arte Ederretako Akademiaren beka bati esker, Vienara joan zen, eta orkestra-zuzendaritza ikasi zuen, Felix Weigartner eta Josef Kripsekin batera. Garai hartan, musikagile-karrera eta pianoko bakarlari-karrera hasi zuen. 1938an grabatu zuen lehen diskoa, Franz Schuberten musikaz osatua. 1942an, Versailleseko kontserbatorioko zuzendari izendatu zuten, eta 1957an, Parisko Kontserbatorioko ganbera-musikako irakasle izateko deitu zioten. Hogeita bost urtez aritu zen lan horretan, eta Frantziako zenbait instrumentista-belaunaldi prestatu zituen.
Irakasle-lanez gainera, ospe handia izan zuen ganbera-taldeetan piano-jotzaile gisa. Haren grabazioek —Fauréren (1970) eta Schumanen (1981) ganbera-musika guztia eta Dukasen eta Fauréren piano-musika (1991) grabatu zituen— sari garrantzitsuak jaso zituzten. Irakasle- eta pianista-jarduna zela-eta, gero eta gutxiago aritu zen musikagintzan, baina, hala ere, hiru ballet (Trois Fables de la Fontaine, 1945; La Fiancée du diable, 1945; Un coeur de diamant, 1949) eta zenbait kontzertu, sonata eta abar idatzi zituen (pianorako, Variations 1933, Conte fantastique d´Espagne 1936, Concerto héroïque, eta abar) eta baita zenbait filmetako musika ere.
Erreferentziak