Japoniar piper-belarra edo japoniar poligonoa (Fallopia japonica) poligonazeoen familiako landare belarkara da, jatorria Korean, Txinan eta Japonian duena. Klima leku heze eta epeletan, Euskal Herriko kostaldea barne, landare inbaditzailetzat hartzen da[1][2]. Munduko 100 espezie exotiko inbaditzaile kaltegarrienetako bat da[3].
Udaberri amaieran loratzen da, krema-zuri koloreko lore txiki sexu-bakarrekoak ditu, lore askotako infloreszentzia laxotan jarriak. Errizomek lurpeko sustrai lodi eta zurkarak dituzte, korapilo itxurakoak, eta, apurtzen direnean, laranja koloreko muin dirdiratsua dute.
Sustrai-sistema 1-3 metro sakon hazi daiteke, eta luze-zabalean, berriz, 7 metroan. Sustrai horiek berek landare berriak emango dituzte.
Neguan hostoak hil, eta laranja/marroi kolorekoak bihurtzen dira. Zurtoin marroi zurkarak, ordea, hainbat urtez iraun dezake zutik. Martxo-apiril aldera bizkortzen da. Sustraietatik ernamuin gorri-purpurak datoz behetik gora. Sustrai-sisteman udazkenean metaturiko elikagai ugariari esker, ernamuin horiek oso azkar haziko dira.
Hiri eta landa guneetan hainbat arazo eragiten ditu: errepideak eta trenbideak ondo ikusteko traba, uholdeen aurkako egiturak eten, ezpondak higatu, asfalto-espaloiak zulatu eta abar.
Natura inguruetan, berriz, gehiegizko hazkunde monoespezifikoa dela-eta, okupatzen dituzten ekosistemetako dinamika aldatuta uzten dute, eta biodibertsitateari kalte egiten diote. Ur-bazterretako landareen txoko ekologikoa hartzen dute, eta hara loturiko fauna eta flora lekuz aldatzera behartu.
Kontrola eta ezabatzea
EAEkour agentziak badu programa bat japoniar piper-belarra kontrolatzeko eta ezabatzeko[4].
Simonimoak
Reynoutria japonica Houtt. 1777 = Fallopia japonica var. japonica
Polygonum cuspidatum Sieb. & Zucc. Zenbat biólogo eta kimikarik erabilia, Asían batez ere
Polygonum cuspidatum var. compactum (Hook f.) Bailey = Fallopia japonica var. compacta