Jacques Rivière (Bordele, 1886ko uztailaren 15a - Paris, 1925eko otsailaren 14a) frantses idazle, kritikari eta argitaratzailea izan zen. Frantziako intelektual nagusietako bat izan zen Lehen Mundu Gerra ondorengo urteetan. Nouvelle Revue Française, arte- eta literatura-aldizkaria, sortu zuen 1910ean, beste batzuekin batean. 1912an, bere garaiko idazle batzuei (Gide, Claudel, Jammes) buruzko kritika-lanak argitaratu zituen: Études (bigarren bilduma bat agertu zen 1947an, Nouvelles études). 1914-1918 urteetan preso eduki zuten Alemanian eta L´Allemand (1918, Alemaniarra), egonaldi hartako oroitzapen-liburua, idatzi zuen gerra ondoren. 1919tik hil arte, Nouvelle Revue Française aldizkariaren zuzendari izan zen, eta urte hartan ekin zien argitalpen-lanei. Bi nobela psikologiko idatzi zituen: Aimée (1922) eta Florence, bukatu gabea. Gaztetan utzitako katolizismora itzuli zen 1913an, eta erlijioari buruzko gogoeta-liburu bat idatzi zuen, 1925ean: À la trace de Dieu (1925, Jainkoaren bila).
Erreferentziak