Iñaki Garmendia Azkoitiko Laja baserrian jaio zen 1944an. Aita trikitilaria zuen eta, hari adituta, mutil koskorra zela hasi zen eskusoinu txikia jotzen.[3]Elgeta-rekin ikasi zuen ondoren.[1] Solfeoa, aldiz, Azpeitiko bandako zuzendariak irakatsi zion.[3] Gazterik hasi zen erromerietan jotzen. Ramon Zubizarreta Landakanda pandero jotzailearekin bikotea osatuta ibili zen plazaz plaza anitz urtez, eta, hark jotzeari utzi zionean, Mikel Alustiza lagun hartuta. Baita beste hainbatekin ere han-hemenka. Ibilbide luze eta oparoa izan zuen, bai erromerietan, bai txapelketetan; izan ere, zazpi aldiz irabazi zuen Loiola Irratiak antolatutako lehiaketa. 2019ko urtarrilaren 6an, ondoezik sentitu zen Aristerrazuko erromerian (Aia, Gipuzkoa) eta, ospitalean astebete eman ondoren, urtarrilaren 12an zendu zen.[1]