Izurde Handia (Tursiops truncatus) Delphinidae familiako ezagunena da. Oso animalia azkarra da, eta taldeka bizi da. Bere luzera 2-4 m artean dago eta pisua 200–500 kg artean. Hiru edo lau orduz egiten du lo egunean, eta gainerako denbora jolasean eta ehizan ematen du. Gizakia, oro har, errespetatu egiten du, eta babestuta dago. Munduko itsaso gehienetan bizi da, baina ur beroak atsegin ditu. Horregatik, tropikoetatik topatuko dugu maizago, ur hotzetan baino. Uraren azpian 6 minutu egon daiteke jarraian, nahiz eta batzuek 12-15 minutu iraun dezaketen.
Ezaugarriak
Espezie honen barruan bi multzo daude: bata kostaldean bizi da, eta animaliak talde txikitan elkartzen dira, eta bestea ozeano zabalean bizi da, eta oso talde handitan elkartzen dira. Euskal Herriko kostaldean azaltzen diren animaliak lehenengo multzoak dira.
Igerilari bikain honek 50 km/h-ko abiadura har dezake, eta 200m-ko sakoneraraino irits daiteke. Arra emea baino handiagoa bada ere, sexu–desberdintasuna ez da begiz antzematen (ez du sexu-dismorfismorik) eta, kolore-tartea zilar koloretik gris ilunera doa.
Hortz ugari dituzte( 20-28 hortz koniko) goiko eta beheko masail-hezurretan, baina ez dituzte murtxikatzeko erabiltzen. Ugaztun hauek elikagaiak harrapatu eta osorik irensten dituzte. Oso elikadura zabala dute: legatzak, bisiguak, olagarroak, txibiak eta ganbak. Gure kostaldean, batez ere txibiak, txokoak, txitxarroak eta sardinak jaten dituzte. Beraien pisua % 10 jan dezakete, egunean.
Bular aldeko hegatsak 30–50 cm- luze dira, bizkar aldekoa 23 cm, eta atzekoa 60 cm gutxi gorabehera. Tursicops generoaren bereizgarria 8 cm-ko muturra da. Ezin dezakete aurrez aurre ondo ikusi, bi begiak alboetan baitauzkate kokaturik. Dena-den kontuan hartu behar da 60 metroko sakonaren ez dagoela argirik, eta ikusteak, ez diela sakonera horretan, laguntza handiegirik emango.
Zetazeo hauek, sonar izeneko teknika erabiltzen dute, nolabaiteko ikusmena edukitzeko. Soinuak igortzen dituzte etengabe, maiztasun handiko soinuak; horrela, gauzaren baten kontra jotzen dutenean, soinuek itzuli egiten dira, eta, izurdearen entzumen-sistemara heltzen direnean, zeren aurrean dagoen jakin dezake ugaztun honek, soinuen norabidearen eta potentziaren arabera.
Animalia hauen komunikazio-sistema benetan konplexua da. Soinu-emisioak 18.000 eta 15.000 Hz bitartean daude, eta segundoko 30 emisio botatzen ditu. Ez du ahots-kordarik eta soinu hauek botatzeko ardura duen organoari meloi esaten zaio, eta espirakuluen azpian dagoen airezko poltsa batzuez osatuta dago.
Komunikazio-baliabide hori ez dute ehizatzeko bakarrik erabiltzen, bikotea ezagutzeko, ehiztariak antzemateko, itsasoan kokatzeko eta abarrerako ere erabiltzen dute. 17 edo 18 soinu ezberdin igortzen dituzte, eta badakite bost elementuko esaldiak egiten.
Egunean 3 - 4 orduz egiten dute lo. Batzuetan, igerian egoten dira, eta, besteetan, mantso-mantso beste taldekide batzuen ondoan, egiten dute igeri lo dauden bitartean. Egoera honetan, burmuinaren erdia deskonektatzen dute, bai eta beste aldeko begia ere. Bi ordu inguru pasatu direnean, deskantsatzen egon den garunaren zatia esnatu egingo da eta beste zatia jarriko da lotan.
Arrek bi irekigune dituzte. Isatsetik gertuen dagoena uzkia da, eta bestea, sexu-organoa. Emeek ere bi dituzte, baina elkarrengandik hurbilago; ia ez da tarterik ikusten, eta, alde bakoitzean, bi tolestura daukate. Ugatzak dauzkate bertan.
Ugalketa
Ugalketa-garaia bizilekuaren araberakoa da; udaberrian, hala ere, estalketa gehiago egoten da. Bata bestearen gainean jartzen denean gertatzen da elkarketa; arrak buztana kurbatzen du emearen sabel aldera, emearen irekidura genitalean sartzen du bere sexu-organoa. Erreza da animalia hauetan orbainak aurkitzea, maitasun jolasetako urraduretan eginak baitira. Zientzialariek uste dute izurdearen emeek sexu-harremanetatik plazera lortzen dutela, beste animalia gehienek ez bezala.
Kumeak udan jaiotzen dira, 10–15 kg pisuarekin, amaren sabelean urtebete egon ondoren. Erditzeko unean, eme guztiak hurbil egoten dira, edozertarako laguntzeko prest. Zilbor-hestea erditzea amaitzean eteten da, eta jaio berriari uraren azalera iristen laguntzen diote amak eta beste eme batzuek, arnasa har dezan. Astebetez amak gertutik jarraituko dio, edozein arriskutatik babesteko. Kume jaio berriek ezin diote igeri egiteari utzi, bestela hondoratu egiten baitira.
Kumeak 10 hilabetez hartuko du esnea bere amarengandik, baina, 6-7 hilabetera iristean, beste elikagai batzuk jaten hasiko da. Bi urte bete arte amarekin egongo da ehiza-teknikak ikasten, eta, horren ondoren, independentzia lortuko du. Arrei heldutasun sexuala 12-13 urterekin iritsiko zaie, eta emeei, 6-7 urterekin.
Heriotzen kausa nagusia edukitzen dituzten bizkarroiak dira. Bizkarroi horiek ez dituzte hiltzen, baina bai bizitza murrizten. Hala ere, 25-35 urte bizi izaten dira askatasunean, baina, akuarioetan sartzen ditugunean, 7 urte besterik ez dira bizi, batez beste.
Euskal Herrian
Euskal Herrian, beste izurde-mota batzuk bezala, taldeka pasatzen dira kostaldetik. Askotan ikusten dira itsasontzien atzetik. Oso ezaguna izan zen 1998 eta 2005 artean Donostia eta Pasaiako badien artean bizi izan zen Pakito izurdea (Pasaian Rufino deitua).