Iturriotz baserria

Iturriotz baserria
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Saiatzeko aldaera Saiatzeko aldaera
Iturriotz baserria, benta garrantzitsua izandakoa. Etxaurrea.
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaAia
Koordenatuak43°11′39″N 2°08′56″W / 43.19423°N 2.148844°W / 43.19423; -2.148844
Map
Historia eta erabilera
EraikuntzaXVI. mendea -
Eraikuntza XVI. mendea
Ondarea
EJren ondarea34

Iturriotz benta zaharra baserri bakan bat da, Aian kokatua (Gipuzkoa), XVI. mende amaierakoa. Baserritik gertu San Joan Iturriotz baseliza kokatzen da, eta baita Asteasu, Aia eta Errezil herrien arteko muga.

Urtero jaia eta erromeria ospatzen dira benta zaharraren inguruan San Juan Egunean eta bezperan.

Baserriaren alboan aparkaleku handi bat dago, lekua Ernio mendira igotzeko mendizaleen ohiko ibilbide baten hasiera da eta.

2002ko otsailaren 11n, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak

Baserria nahiko handia eta, bolumenaren aldetik, trinkoa. Oina handia eta laukizuzena du. Beheko solairua eta, gero, beste bi solairu eta teilatupea. Teilatua bi isurikoa du, gailurra eta fatxada nagusia perpendikularrak eta fatxada hori ekialdera begira. Hormak harlangaitzezkoak, izkinak harlanduzkoak, ate-leiho batzuetako harriak ere bai, eta fatxada nagusian zurezko egitura agerian.

Fatxadak

Ekialdeko fatxada da fatxada nagusia. Baserria dagoen lurra ez da zelaia eta agerikoa du, fatxada hori eskuin aldetik ez baita ezkerrekotik bezain garaia. Beheko oina eta baserriko eskuineko alderdia —lehen oineko atariko horma— kareharrizkoak dira, eta fatxadaren gainerako zatia harri emokadurazkoa da eta agerian du zurezko egitura. Hormak sarrera bat du, erdi aldera, ezkerretara pixka bat. Ukuilura darama zuzenean. Sarrera horrek bi ate ditu, simetrikoak, baina ezkerrekoa harriz itxita dago. Ateburua zurezkoa da, eta, erdian, zutarri bat. Beheko oinean bi leiho daude eta beste sarbide bat ere bai, eskuin aldean, ateburu eta guzti. Iparraldeko atarirako sarbidea da. Eskailera batzuetatik pasa behar, hara joateko. Goiko oinetan sei hormatal daude, zurezko sei zutoinek banaturik. Zutoinak —denak pieza batekoak— konposizioan nagusi ageri dira, eta fatxadari bertikaltasun ederra ematen diote. Zutoin nagusiei —fatxadaren kontrako zutabe-ilaren adierazgarri dira— eta solairuko egiturari esker, egitura ondo antolaturik dago. Zutoin nagusi handiek osatzen dituzten egiturako hormatalak hiru zatitan banaturik daude, lodiera txikiagoko beste zutoin batzuen bidez. Leihoak erdiko zati horretan daude, goitik behera zuzen-zuzen. Zurezko egitura oso erregularra da, goitik behera ia beti. Zeharkako patal bakarra dago, ezkerreko hormatal leihogabean. Fatxadako ezker aldeko hiru leiho ez dira jatorrizkoak: bi egurrezko egiturako zatian daude, eta bat beheko oinean. Leihoetako zura duela gutxi aldatuta dago, batekoa izan ezik. Hormatalek emokadura-puska batzuk erorita dauzkate —oraindik ere emokadura hortxe baitago—, eta garai bateko gurutze latinoak ere oraindik hortxe ditu, karez marraztuak apaingarri modura. Teilatua ez da horma paretik ateratzen, eta eraikinak are eta trinkoagoa dirudi horrela.

Iparraldeko fatxada garaiera txikikoa da. Izan ere, lurra zelaia ez izanik, fatxada hori solairu bakarrekoa da, hau da, atariko aurrealdea eta, handik gora, teilatu-sail ederra, zeramikazko teila eta bi tximinia txiki dituena. Ezkerraldera atari handi bat kareharri landuzko zutabeak eta guzti. Zutabe eta zutabe artean lau bao, eta lautik hiru harrizko horma erdi batez itxita. Ezkerretik hasita hirugarrena zabalik dago, baserriko atearen parez pare (ate hori egur iltzatuzkoa). Bosgarren bao bat ere badago, mendebaldera, baina gaur egun harriz itxita dago. Eskuin muturrean, horman, oilategiko atea.

Mendebaldeko eta hegoaldeko fatxadak trinkoak dira oso. Kareharrizko horma soila da han nagusi, zulo gutxi eta eranskin berri batzuk. Mendebaldeko alderdia harrizko horma izugarri bat da, bat ere zulorik gabe ia, teilatua batere irteten ez zaiola. Ikuiluko atea (ateburu eta guzti) eta bi leiho txiki, solairu bakoitzean bat, hori da dena. Ezkerreko aldean bi eranskin txiki ditu. Hegoaldeko fatxadan, lehenengo solairuan, erdi aldera, horma emokadurazko beste atal bat dago, fatxadatik irtenda eta teilatuko zati irten baten babespean. Gerora erantsitakoa da, eta komunetarako darabilte.

Barrualdea

Abeltzaintzarako eta bide-ostaturako erabili denez, baserri barrualdea ere halaxe banaturik dago. Hau da, beheko solairu osoa ukuilutarako daukate (fatxada nagusiko erdiko atetik du sarbidea). Lehenengo solairuan, etxeko ataria, eta gainerako gelak handik aurrera: ezkerretara, sukaldea; erdian, jantoki handia; eta, eskuinaldera, belartegia. Belartegitik beste sukalde batera joan daiteke, zaharragoa, garai batean beheko sua erdian zuena. Tximinia bat dauka gaur egun ere ondo kontserbatuta, eta Pirinio aldean ugariago diren sukalde erdiko tximini mota honetako gipuzkoan dauden gutxienetariko adibide da.

Logelak bigarren solairuan daude, eta, teilatupean, ganbara-biltegi-lehortegia. Hor bai, garbi-garbi ikusteko moduan, zurezko egitura osoa, zutabe handi pieza bakarrekoek eutsita.

Baserriko egiturak haritz-zurezko zutabeak eta karga-hormak, bitatik dauka. Teilatuko zureria itxura onean dauka oraindik: uhalak eta gapirioak, zurezko lata eta zeramikazko teila.

Inguruak

Iturriotzeko baseliza, Aia eta Errezil herri mugaren gainean kokatua.

Iturriotz bentaren inguruan, baserritik oso gertu, San Joan Iturriotz baseliza dago, Aia eta Errezilen artean kokatuta, muga baselizaren azpian sortzen den erreka bera baita.

Iturriotz baserriaren inguruko zelaiak nahiko ordeka dira, eta sega apustu sonatu asko jokatu dira bertan.

Kanpo estekak