Irungo gudua (1936)

Artikulu hau Espainiako Gerra Zibileko guduari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Irungo gudua».
Irungo gudua
Gerra Zibila
Euskal Herriko frontea
Matxinatuen eskuetan hiria galdu baino lehenagoko kontraerasoa.
Data1936ko abuztuaren 19tik irailaren 5era
LekuaIrun  EH
Koordenatuak43°20′N 1°47′W / 43.33°N 1.78°W / 43.33; -1.78
EmaitzaMatxinatuen garaipena
Gudulariak
Espainia Matxinatutakoak Espainia Espainiako II. Errepublika
Buruzagiak
Alfonso Beorlegi Antonio Ortega
Manuel Margarida Valdes
Indarra
+2.000
155 mm-ko piezak
Junkers Ju 52
Panzer I
2.000[1]-3.000[2][3]

Irungo gudua 1936ko Gerra Zibilean Gipuzkoako kanpainako gudu erabakigarri bat izan zen;[4] ondorioz, Emilio Molak zuzendutako eskuineko indar kolpistek hiria azpiratu zuten urte horretako irailaren 5ean.

Irunek kalte larriak izan zituen, Hondarribia ere berehala kolpisten eskuetan erori zen, eta milaka herritarrek Bidasoa zeharkatu zuten erbestera. Espainia iparraldeko Errepublikaren aldeko lur zerrendak galdu egin zuen Frantziarekiko zuen lehorreko kontaktu zuzena, errepublikazaleen morala nabarmen jaitsi zuena.

Molaren indarrak, Jose Soltxaga eta Alfonso Beorlegi buru zituztela, Donostia azpiratzeko bidean jarri ziren mendebalderantz, traba militar bakartzat San Marko eta Txoritokietako gotorlekuak zituztela.

Aurrekariak

Uztailaren 18ko altxamendua eta Loiolako kuarteleko gertaera eta gero, Gipuzkoa Errepublikaren alde mantendu zen.[5] Hala ere, hasiera-hasieratik Molak zutabeak bidali zituen herrialdea bereganatzeko eta mugarekin errepublikazaleek zuten komunikazioa eteteko. Donostian matxinoek izandako porrota eta gero, konkista arinaren aukera desagertu zen, eta gudarosteen eskasia zela eta (bai gobernuaren aldekoenak, bai Molarenak) egoera finkatu zen.[3]

Kasilda Hernaez anarkista Aiako Harriaren eta San Martzialeko posizioaren defentsan borrokatu zen

Gobernuaren alde egin zuen Espainia iparraldeko zerrenda isolaturik geratu zen geografikoki eta politikoki, eta bertoko agintari errepublikanoek beren kabuz jokatu zuten.[6] Gainera, ezinezkoa zen errefortzuak eskuratzea, alde batetik matxinada militarrak eta bestetik Mendebaldeko demokraziek jarritako eragozpenak zirela eta.

Gipuzkoako ekialdean 2.000 defendatzaile inguru zeuden: militar errepublikanoak, asturiar meatzariz osaturiko zenbait batailoi, eta euskal miliziano anarkista, komunista eta abertzaleak. Horiek arma gutxi zituzten, apenas ez artilleriarik, eta bat ere hegazkinik ez. Lokomotor bat blindatu zuten, metrailadore bigaz hornituta, eta Irun-Endarlatsa bidea etengabe eginez jarri zuten.

Beste aldean, matxinoak 3.000 inguru ziren: legioari eta miliziano karlistak. Errepublikanoek ez bezala, karlistek, gerra baino lehen, entrenamendu militarra izan zuten. Gainera, 155 milimetroko artilleria-piezaz gain, Panzer I alemaniar tanketa batzuk eta Junkers Ju 52 hegazkinak ere bazituzten.[7]

Bidasoko frontearen antolakuntza

Bidasoko fronteko posizioak, 1936ko abuztuaren hasieran.
Bidasoko fronteko posizioak, 1936ko abuztuaren hasieran.

Egoera egonkortu zenean, Bidasoko frontea deritzona eratu zen; abuztu hasiera hartan, borroka nagusiak Oria ibarrean gertatzen ari baitziren. Matxinatuak Oiartzungo herrian eta Arkaleko haitzetan zeuden, eta errepublikazaleak Irun babesteko defentsa lerroak prestatzen hasi ziren. Frontetik erretagoardiara, hauek ziren haien posizio nagusiak:[8]

  • Posizio aurreratuena: Aiako Harriaren tontorra.
  • Lehenengo lerroa: Pikokarate (“Pikoketa” izenez ezagunagoa), Erlaitz, Gorostiaga, Pagogaina eta Endarlatsako posizioak.
  • Bigarren lerroa: Elatzeta, Zubeltzu eta Punttako karabinero kuartela.
  • Hirugarren lerroa: Aldabe mendia (San Martzial).

Gudua

Lehen mugimenduak

Trintxerak eta parapetoak Pikoketako posizioan.
Trintxerak eta parapetoak Pikoketako posizioan.
Zubeltzuko gotorlekuaren arrastoak.
Zubeltzuko gotorlekuaren arrastoak.
Punttako karabineroen kuartela
Punttako karabineroen kuartela

Irungo gudua abuztuaren 4ko iluntzean hasi zela esan daiteke, milizianoek (Likinianoren agindupean) eta kolpistek (Garcia Valiño) Aiako Harrian izan zuten borrokarekin.[7] Hiru egunen ostean posizioaz jabetuta, Iruñean, Molak indarrak berrantolatu eta Gipuzkoako kanpaina planifikatu zuen. Beorlegi teniente koronelak zuzendu zuen Irunerako bidean zegoen erreketez eta guardia zibilez osaturiko zutabea.[9]

Eraso nagusia abuztuaren 11an hasi zen, alemaniar Junkers hegazkinek eta itsasoan zeuden zenbait itsasontzik (España korazatuak, Almirante Cervera gurutze-ontziak eta Velasco destruktoreak) gogor bonbardatu zuten. Errepresalia moduan, milizianoek zenbait militar eta eskuindar fusilatu zituzten. Lehenengo infanteria kolpea Pikoketan eman zuten.[10][11] Hala ere, errepublikazaleen erantzuna gogorra izan zen, eta abuztuaren 16 arte matxinatuek ezin izan zuten menperatu lehenengo defentsa lerro hori.[7]

Hogei eguneko borroka

Indarrak berrantolatuta, errepublikazaleak bigarren eta hirugarren lerroetako posizioak indartu zituzten: Puntta – Zubeltzu – Elatzeta, eta atzean Aldabe. Guadalupeko gotorlekua ere errepublikazaleen esku zegoen, eta bere tiro-eremuarekin posizio hauek babesten zituen. Une honetan Bidasoko frontean 6000 bat soldadu zeuden aurrez aurre, 3000 alde bakoitzean.[7]

Abuztuaren 19an, kolpistek erasoari berrekin zioten, frontearen ezker aldean (Elatzeta eta Zubeltzu), baina ezin izan ziren posiziootaz jabetu. Bigarren eta hirugarren erasoak abuztuaren 26an eta 27an burutu zituzten, hurrenez hurren, eta hauek ere porrot egin zuten, matxinatuen aldetiko triskantza handiarekin (bi egunotan 100 baja, hortik 25 hilda). Abuztuaren 30ean, estrategiaz aldatuta, kolpistek frontearen erretagoardia (Irungo herri kaskoa, alegia) aire bonbardaketez eta artilleria astunez erasotzeari ekin zioten; aldi berean, Los Arcosek gidatutako zutabeak Zubeltzuri eraso egin zion, arrakastarik gabe (eta beste 100 baja sufrituz).[7]

Errepublikar milizianoak.

Matxinatuek bosgarrenean lortu zuten Irungo defentsa lerroa haustea. Milizianoek arma eta hornidura gutxi zituzten, Frantziak abuztuaren 8an muga itxi eta agintariek diru-erreserba ez zutelako. Aldabeko posizioa, asturiar meatzariek eta miliziano anarkistek babestua, zenbait egunez eustea lortu zuen baina tirogaia amaitu zenean erori zen.[1] Matxinatuen erasoa irailaren 2ko goizaldean hasi zen: bonbardaketa gogorraren pean, Aldabe hartzea lortu zuten; aurrez-aurreko borroken ostean, Puntta okupatu zuten; iluntzerako, Irungo defentsako posizio guztien jabe ziren.[7]

Irungo atarian

Steer-ek kontatzen du ostegunean, irailak 3, tropa kolpista gehiago, 1.500etik gora, heldu zirela Bidasotik, Biriatu paretik: tertzioak, karabineroak, guardia zibilak, guardia de asaltoko kideak, erreketeak, falangistak, eta Renovación Españolako militanteak.[12] Egun horretan Irun ebakuatu zen: azken zibilak mugaz bestaldera errefuxiatzera, eta milizianoak Jaizkibel - Gaintxurizketako posizioetara, Oiartzungo lubaki-eremuko gotorleku biren babesean (San Marko eta Txoritokieta). Egun honetan errepublikazaleek Behobiako pausua mantentzeko azken borrokak eman zituzten.

Matxinatuak Punttako posiziotik nazioarteko zubirantz abiatu ziren, artilleria suak lagunduta; gauerako, zubiaz jabetu ezinda, bonbardaketak eta frankotiratzaileak (“pakoak”) mantendu zituzten, eta tren blindatuak herritik alde egin zuen Bidasoa ertzetik behera. Irailaren 4ko goizeko 4:00etan, Behobiako hemeretzi defendatzaileek beste aldera pasa zuten muga, atzean lurrean 20 kide hildako utzita; frantziar mugazainei armak eman zizkieten; goizeko 6:00etan kolpistak nazioarteko zubiaz jabetu ziren, eta alarma gorria piztu zen Irungo Gobernu Batzordean. Haren jarraitzaileek berek esaten zuten haiek izan zirela lehenak muga pasatzen goizeko 4etan bertan, hala dio Steerrek.[13][7]

Muga kolokan

Hendaiara ihesi, Extefana Irastortzaren testigantza
Hendaian, Irundik ihesi

Egunsentian bertan, tiro galdu batek dinamita lantegi batean sua piztu zuen, eta sutea zabaldu zen. Une horretan, miliziak Irun eta Hendaia arteko zubia pasatzen hasi ziren hala moduz, matxinoen tiroen eta ikuskizun tamalgarri baten erdian; asko amorruz ziren munizio faltagatik. Milizietan, Steerren arabera, bakarrik atzerritarrak eta anarkista buruak geratu ziren Irunen. Luze gabe, panikoak jota, herritar eta milizianoek trumilka ihes egiten zuten.[14] Batzuk Hendaiako geltokira zuzendu ziren trena hartuta Bartzelonara borrokara joateko. Frantziako armada unitateak mugara heldu ziren, eta zubiak pasatzen zituztenei armak kentzen zizkieten.[15]

Ez ziren bakarrik ezkerreko errefuxiatuak edo herritarrak, Hondarribian uztail amaieran atxilotu eta erdi-atxilotutako eskuindar udatiarrak, batzuk Guadalupetik ateratzea lortutakoak, ihes egiten ari ziren ere Hendaiara arrantza txalupetan, horietako hainbat eta hainbat goi-klaseetakoak, orain zabar jantzita.[15]

Irunen patua

Bitartean, anarkistak (CNT, FAI) Irun, Hondarribi eta Guadalupeko gotorlekuaz (ostiralean) jabetu ziren. Beorlegiren mehatxupean zeuden Irungo sarbideetako hainbat etxe txikitu eta dinamitatu egin zituzten, hiriko sarrerak suz inguratu zituzten, autoak eta garajeak erre egin zituzten, Steerrek zehazten duenez; gero, su eman zioten Paris Hotelari, joko klubari, txokolate fabrikari, Kolon pasealekuari eta erdiguneko beste hainbat kaleri. Anarkistek 40 auto inguru mugan zehar salbu pasa zituzten Hendaiara, baina beste batzuei su eman eta tiroz zulatu zizkieten erregai tangak, eta su hartu. Gauean, Irun su goritan zen.[oh 1]

Larunbat goizean, Beorlegik Irun okupatu zuen infanteriako erregimentu misto batekin, lau auto blindaturekin, eta tertzioko konpainiarekin. Hiriari kea zerion, eta fabrikak, hotelak eta geltokiaren zati bat sutan ziren artean. Bidean preso batzuk hartu zituzten, eta bertan hil. Aldundiko kide baten semea, Casadevante, Hendaiaratu egin zen Hondarribitik ihesi eta, adierazi zuenez, errepublikazaleek Guadalupen berrehun preso (eskuindar) izan zituzten giltzapetuta abuztu erdialdetik eta, horietatik, 13 tiroz hil zituzten. Ostiralean, anarkistek pertsonaia ezagunak exekutatu zituzten Guadalupen, tartean Joaquin Beuntza, Renovación Españolako Maura diputatua, Leopoldo Matos Espainiako ministro izandakoa, besteak beste.[16]

Irailak 5eko eguerdian, larunbata, matxinoen lehendabiziko ibilgailu blindatua heldu zen nazioarteko zubira. Tiroka hartu zituzten bertako postuko zaindariak, eta azken hauek heriotzak jota pasa zuten zubia. Okupatzaileek monarkiaren bandera altxa zuten zubian.[17] Beorlegik iparralderantz eta ekialderantz tiro egitea debekatu zuen, balaren batek nazioarteko gatazka sortuko zuelakoan; nolanahi ere, mugara bidean zela, frankotiratzaile batek bere helburua lortutako Beorlegi koronela zauritu zuen hankan; handik gutxira hil zen.[18]

Jende ugarik Hendaiarako bidea hartu zuen salbu egoteko. "Irun osoa Hendaian geunden", dio lekuko batek. Herritar askok hainbat ondasun aldean hartuta eta etxea atzean utzita igaro zuten zubia. 18.500 biztanle izatetik, Irun 7.700 izatera pasa zen, eta iheslari haietako asko ez ziren berriz itzuli: % 50 itzuli zirela esaten da. Itzultzeko beldurra handia zen, "jendea fusilatzen zutela esaten zen". 2.000 pertsona etxerik gabe geratu zen, hondatuak izateagatik edo kolpistek desjabetuta.[19]

Ondorioak

Molak, Irun hartzearekin, Iparraldeko frontearen lehendabiziko helburua bete zuen. Emaitza ez zen harritzekoa izan: Irun eta inguruak 1.500 erriflez, hamabi metrailadorez, hamar kanoiez, eta eskopetaz defendatu zuten errepublikazaleek, kolpisten aspaldi antolatutako Nafarroako eta Gaztelako armategi sekretuen kontra.[20] Hiriak kalte handiak izan zituen eta matxinoek Irun errepublikanoa 'basakeria'ren propaganda-ikur bihurtu zuten, baita gerrak aurrera egin ahala adibide hori sarritan aipatu ere. Suteak gatazka handia sortu zuen errepublikanoen artean eta, harrezkero, ez zuten Euskal Herrian errepikatu.

Irun galtzearekin batera, Errepublikaren Penintsula iparraldeko zerrendak galdu egin zuen bere helduleku garrantzitsuenetako bat: Frantziarekiko lur kontaktua. Babesik, muniziorik gabeko Donostia handik gutxira erori zen, irailaren 13an. Hiriburua galdu ostean, Gipuzkoa-Bizkaiako mugan, errepublikanoen erresistentzia gogorrak matxinatuak geldotu zituen, eta urriaren 12an Molak behin-behinean gelditzeko agindua eman zuen. Ordurako ia Gipuzkoa osoa okupaturik zuen. Okupazioa amaitutakoan, Bidasoa ibaiko 90 pertsona deportatu zituzten, eta haietako 30ek Europako kontzentrazio esparruetan amaitu zuten.[21]

Oharrak

  1. Irunek 16.000 biztanle zituen erasoa hasi baino lehen; ikus Steer, G.L. 2009, 52-53. or.

Erreferentziak

  1. a b Jackson, Gabriel. (2012). Spanish Republic and the Civil War, 1931-1939. Princeton University Press, 592 or. ISBN 978-140-082-018-4..
  2. Beevor, Anthony. 2006, 117. or.
  3. a b Thomas, Hugh. (1976). Historia de la Guerra Civil Española. Bartzelona: Círculo de Lectores ISBN 84-226-0873-1..
  4. Aznar, Manuel. (1969). Historia Militar de la Guerra de España. Madril: Editora Nacional.
  5. Barruso, Pedro. (1996). Verano y revolución. La guerra civil en Gipuzkoa (julio-septiembre de 1936). Donostia: Haramburu.
  6. Romero, Eladi. (2001). Itinerarios de la Guerra Civil española: guía del viajero curioso. Bartzelona: Laertes.
  7. a b c d e f g Chiapuso, Manuel. «Los anarquistas y la guerra en Euskadi. La comuna de San Sebastián» http://www.gipuzkoa1936.com/ (Noiz kontsultatua: 2018ko apirilaren 10a).
  8. Gorosabel, Oier. «Bidasoko Bataila» https://eibar.org/ (Noiz kontsultatua: 2018ko apirilaren 10a).
  9. Preston, Paul. (2013). The Spanish Holocaust: Inquisition and Extermination in Twentieth-Century Spain. 430 or..
  10. Usabiaga, Miguel. «Resumen del informe de la Sociedad de Ciencias Aranzadi sobre los hechos de Pikoketa (1936)» Bidasoa Ikerketa Zentroaren Bloga (Noiz kontsultatua: 2018ko apirilaren 10a).
  11. Thomas, Hugh. (2001). The Spanish Civil War. Modern Library, 1136 or. ISBN 978-037-575-515-6..
  12. Steer, George L.. (2009 (1938)). The Tree of Gernika. Faber and Faber Ltd., 49 or. ISBN 978-0-571-25513-9..
  13. Steer, G.L. 2009, 50-51. or.
  14. (Ingelesez) Irun occupied. Vivid pictures of the Spanish civil war, Pathe Gazette. Youtuben argitaratutako bideoa. Iraupena: 2' 17''.
  15. a b Steer, G.L. 2009, 52-53. or.
  16. Steer, G.L. 2009, 56-57. or.
  17. Usabiaga, Marcelo. (2006ko ekaina). «Así fue la Batalla de Irun» Historia 16 (362): 72-85..
  18. Zauri larria ez zenez, ez zuen tratamendua eman nahi eta gangrenatu zitzaion. Astebete gutxira hil zen; ikus Beevor, Anthony. (2006). The Battle for Spain. The Spanish Civil War 1931-1939. Londres: Penguin Books, 117 or..
  19. «Bideoa: Zubi Bateko Istorioak. Zubi bateko istorioak | TV | TV online gratis | EiTB Televisión a la carta» www.eitb.tv (Noiz kontsultatua: 2019-11-27).
  20. Steer, G.L. 1938 (2009), 76. or.
  21. Hitza, Edurne Elizondo-Nafarroako. «Ibai ondotik bortxaz eraman zituztenak» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-11-08).

Ikus, gainera

Kanpo estekak