Irene Moray Bartzelonan jaio zen, 1992an. Arte Ederretan matrikulatu zen, baina urtebete geroago ikasteari utzi zion. [1][2]
2012an, Berlinera joan zen, eta han zenbait lanpostu uztartu zituen (garbitzailea, galeria bateko harreragilea, zerbitzaria eta, azkenik, luxuzko denda bateko saltzailea). Hatxen hasi zen argazkiak doan egiten, ezagutzera emateko asmoz. Handik gutxira, argazkigintzan buru-belarri jardutea erabaki zuen. Gainera, Alemanian, hiru urtez, The – family performance taldeko kide izan zen. Talde horrekin hainbat kultur erakundetan aritu zen Europan zehar, hala nola, Osloko Astrup Fearnley Museumen edo Londresko Chisenhale Galleryn.[3]
Ibilbide profesionala
Berlingo bizipenetan oinarrituta sortu zen bere fikziozko lehen film laburra: Bad lesbian. Film labur onenaren saria irabazi zuen Alemaniako FiSH zuzendari gazteen jaialdian. Lehen film labur horrek beste sari batzuk ere lortu zituen, hala nola, Alcalá de Henaresko Zinema Jaialdiako (Alcine) ikusleen saria.
Alemanian lau urte eman ondoren, Bartzelonara itzuli zen, eta han Suc de Síndria filmatu zuen, ondoren Berlinale Shorts-en estreinatuta. Zinemagile lanaz gain, argazkilari lanak egiten ditu hainbat agentzia, ekoizle eta argitaletxetarako. Gainera, reiki terapeuta aritzen da.[4][5]
Goya eta aldarrikapena
2020ko urtarrilaren 25ean 34. Goya Sarien ekitaldian (Malaga) Miriam Portérekin batera jaso zuen Fikziozko Film Labur Onenaren saria Suc de Síndria filmearengatik. Clara Lagok eman zion saria. Filmak Pablo Barceren El nadador, Carlos Violadéren Foreigner eta Salvador Calvoren Maras gainditu zituen. Diskurtsoan, irabazleak sexu-indarkeriaz hitz egin zien bizirik atera zirenei, eta aldarrikatu zuen
"emakume horiek eskubidea dutela zarata egiteko, arrakasta izateko, bizitzan eta munduan lekua hartzeko, korrika egiteko eta haiek izan nahi duten pertsona izateko".[6]