Hegazti idazkari

Hegazti idazkari
Iraute egoera
Invalid status (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaAves
OrdenaAccipitriformes
FamiliaSagittariidae
GeneroaSagittarius (en) Itzuli
Espeziea Sagittarius serpentarius
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa130 g
4,052 kg
Zabalera203 cm
Kumaldiaren tamaina2
Eguneko zikloaeguneko
Errute denbora44 egun

Hegazti idazkari edo hegazti sugekari (Sagittarius serpentarius) Sagittarius generoko animalia da. Sagittariidae familian sailkatuta dago eta hegazti harraparia da. Afrikako espezie endemikoa da eta kontinente hartako erdialdeko eta hegoaldeko sabanetan bizi da.

Erraz ezagutzen den hegaztia da, hanka luzeak, arrano itxurako enborra eta luma luzeak buruaren eta lepoaren atzealdean. 1'3 metroko altuera har dezake. Sabanako eremu zabalak atsegin ditu eta sugeak harrapatzen dituenez, historikoki espezie errespetatua da. 2000. urtean ordea IUCN elkarteak galzoriko espezie izendatu zuen[1].

Etimologia

Arnout Vosmaer naturalista herbeheretarrak 1769an deskribatu zuen Lurmutur Hiritik Herbeheretara bidalitako ale bat ikustean. Vosmaerrek proposatu zuen kolono herbeheretarrek Sagittarius ("gezilaria") izena eman izango ziotela arkulariek geziak gordetzen zituzten bizkarreko kutxaren antza zutelako haren luma berezigarriek, eta ohikoa zen Secretarius izenaren aldaera baino ez zela[2].

1779an John Frederick Miller ilustratzaile ingelesak Icones animalium et plantarum liburuan aurkeztu zuen eta Falco serpentarius izena eman zion, "belatz sugejalea"[3]. 1783an Johann Hermann naturalista alsaziarrak Tabula affinitatum animalium liburuan izen biak batu eta Sagittarius serpentarius deitu zion[4].

Deskribapena

Oso erraz ezagutzen den hegaztia da, arrano burua eta gorputza eta kurrilo hankak baititu. Hegazti garaia da, 1'3 metroko altuera baitu[5], eta hego-zabalera 1'1-1'5 metro artekoa du[6]. 3'74 kg eta 4'27 kg arteko pisua du, batez beste 4'05 kg[7]. Isatsa 57-85 cm luze da eta hankako tarso hezurra, 31 cm batez beste. Lepoa laburra du eta hegaztiak makurtu beharra dauka lurrera iristeko[8].

Kolorez gris argia da. Hegoetako luma arraunlari primarioak eta sekundarioak beltzak dira eta hanketako lumak ere bai. Isatseko lumak gris argia dira barrenaldean, beltzak kanpoaldean eta ertz zuria dute[8]. Begien ingurua laranja-gorri kolorekoa da eta mokoa, grisa. Buruaren atzealdetik hasita, lepoan zehar luma beltz solteak ditu, hegaztiari izena ematen diotenak. Sexu dimorfismoa txikia da. Arrek orokorrean luma luzeagoak dituzte eta luma gehiago lepoaren atzealdean.

Hankak gris-arrosak dira eta atzaparrak, laburrak, ohiko harraparienak baino % 20 laburragoak. Atzerako hatza laburra da oso eta aurrerako hirurak sare txiki batek lotzen ditu oinarrian[7].

Gazteek kolore apalagoak dituzte. Aurpegiko kolorea horixka da eta gorputzeko lumajea, gris-marroixka.

Helduak isilak izaten dira. Kortejatze garaian edo habian daudenean eztarriko karranka soinu sakonak egin ditzakete, bikotekideak agurtzeko, lehiakideak mehatxatzeko edo beste hegazti batzuen aurka borrokatzeko[5]. Soinua egitearekin batera, burua atzerantz eramaten dute. Izutzen denean, karranka ozenak egiten ditu.

Banaketa geografikoa

Saharaz hegoaldeko Afrikako hegazti endemikoa da eta ez du migraziorik egiten. Azalera txikian mugitzen da euri zaparradak jarraituz harrapakinen ugaritasunaren bila[8]. Senegaldik Somaliara aurki daiteke eta handik hegoaldera Hegoafrikaraino[5].

Kostaldean aurkitzen da eta baita lurralde garaietan ere. Sabana, belardi eta sasitza lautada handiak atsegin ditu. 0'5 metroko garaiera duten belarren eremuetan aurkitzen da gustoren eta metro batetik gorakoak saihesten ditu. Klima beroegiko eremuak eta basamortuak ez zaizkio gustatzen[5].

Ekologia

Ez da taldekoia. Acacia eta Balanites generoko zuhaitzetan pausatzen dira atseden hartzera egun osoa lurreak harrapakin bila ibili ondoren. 2'5-3 km/h abiaduraz ibiltzen dira lurrean, 120 pausu minutuko bataz beste. Urtaro lehorrean ur putzu baten inguruan 50 ale inguru elkar daitezke, bai eta karraskarien edo otien bapateko agerraldiak direnean ere. Hegan egiteko aire berozko korronteak erabiltzen dituzte eta lurretik 3.800 metrotako altueran ere aurkitu izan dira.

10-15 urte bizi daitezke; zoologikoetan 19 urtera ere iritsi izan dira.

Ugalketa

Hegazti idazkaria habian, bi arrautza dituela.

Hegazti idazkariak bikote monogamoak eratzen dituzte eta lurralde zabalak defendatzen dituzte, 50 km2 arterainokoak. Urteko edozein unetan ugal daitezke, baina ohikoena urtaro lehoarren amaieran izaten da. Kortejuan emeak eta arrak hartzen dute parte, hegaldi akrobatikoak eginez, soinuak atereaz eta bata besteari jarraituaz. Dantza horiek lurrean edota zuhaitz gainean egiten dituzte[5].

Akazia adar hostotsuetan egiten dute habia arrak eta emeak elkarlanean, lurretik 2'5-11 metroko altueran, harrapariak saihesteko. 1-1'5 metroko luzerako makilekin, habia lau xamarra egiten dute: 30-50 cm-ko sakonera du. Zuloa belarrez eta gorotzez estaltzen dute. 1-3 arrautza erruten dituzte 3 eguneko tartean: haien tamaina 78 mm × 57 mm da eta pisua 130 gramokoa[5]. Txandaka erruten dituzte: gauean, normalean, emea arduratzen da[9]. Txitak 45 egunen ondoren jaiotzen dira eta habia handia denez, ez da ohikoa txiten artean borrokarik izatea; dena dela, janari eskaseko garaietan txita bakarrak bizirauten du. Txiten harrapariak beleak, erroiak, hontz handiak eta kalaoak dira[8]. Txitak lumatxa zuriz estalita jaiotzen dira eta bi astean gris ilunagoa bihurtzen da. Hankak eta aurpegia horiak izaten dira.

40 egunekin autonomoki elikatzeko gai dira, baina helduek segitzen dute kumeak elikatzen. Habia uzteko garaia 75-80 egunekin izaten da normalean. Idazkari gazteek habiatik salto egiten dute eta planeatuz lurrera iristen dira. 4 eta 7 hil artean, jaio diren eremuan biziko dira[10].

Elikadura

Hegazti idazkaria sugea jaten.

Ohiko hegazti harrapariek ez bezala, hegazti idazkariek lurrean korrika eginez ehizatzen dute. Bikoteek elkarrekin egiten dituzte erasoak, batzuetan gazteek ere hartzen dute parte. Harrapakin ohikoenak intsektuak (otiak eta kakalardoak), ugaztunak (saguak, erbiak, mangostak...), karramarroak, muskerrak, sugeak, dortokak, txori txikiak, arrautzak... Ez dira sarraskijaleak, baina animalia hilberriak aurkituz gero, jateko balia ditzakete. Ehizatzeko, hankak erabiltzen ditu: erpeekin harrapatu eta lurraren kontra zapaldu eta kolpatzen ditu, hil arte[11].

Izen zientifikoak iradokitzen du sugezalea dela, baina antzina uste zen baino ehuneko txikiagoa hartzen du haren dietan. Hala ere, toki batzuetan suge pozoitsuen (sugegorri, kobra...) harrapari nagusia izaten da.

Digestio hodia laburra du eta haragia jateko espezializaturik dago. Paparoa handituta dago eta errota ez da gihartsua[12], ez baitute belarra txikitzeko funtziorik betetzen. Digeritzen ez duen janaria kanporatu egiten du 40x45mm-tako bolatxoetan: horiek habiaren edo lotarako zuhaitzaren inguruan pilatzen dira[8].

Hilkortasuna

Ez dute harrapari ezagunik. Arrano nagiek batzuetan idazkariak erasotu eta harrapakina lapurtzen diete, baina ikusi izan da aurre egin eta buruan kolpatuz lurrera botatzea ere.

Bizkarroiak izaten dituzte eta hilkortasunaren erantzule nagusiak hauek dira: hematozooen (odoleko parasito) artean ohikoenak Leucocytozoon beaurepairei[13] eta Hepatozoon ellisgreineri dira[14]; ektoparasitoen artean, zorriak daude, Neocolpocephalum cucullare eta Falcolipeurus secretarius[15].

Gizakiarekiko harremana

Gizakien kulturan

Hegoafrikako armarrian hegazti idazkaria ageri da.

Egipto Garaiko Abu Zaidan indusketa eremuan Naqada III kulturako (K.a. 3200) bolizko laban batean hegazti idazkari baten irudia ikusten da[16]. Horrek erakusten du gaur egun baino iparralderago ere bizi zela[17].

Afrikan animalia adierazgarria izan da alde batetik duen itxura bereziagatik eta bestetik suge eta izurrien aurka laguntzen zuelako usteagatik. Onuragarria izate horregatik bakean utzi izan zaio historikoki, orain, ordea, idazkarien kopurua jaisten hasi da. 1969an Sudango armarrian irudikatu zen[18] eta 2000n Hegoafrikako armarrian sartu zen[19], biak ala biak gau egun hartzen duen eremuaren muturretan daude. Afrikako herrialde askotako zigiluetan ere irudikatu izan da, baita hegaztia existitzen ez den herrialdetan ere. Nazio Batuen Erakundeak ere atera izan ditu zigiluak idazkariaren ilustrazioarekin[20].

Kenyako Masai leinuak ol-enbai izena ematen dio, "gezi bat"[21]. Beren medikuntza tradizionalean haren atalak erabili izan dituzte. Lumak erre ondoko kea epilepsia tratatzeko, egunean bi arrautza jatea burukomina kentzeko eta haren gantza egosi eta edan haurrak hazteko edota abereen osasuna indartzeko[22]. Xhosa leinuak inteligentziaren erreferente dauka eta inxhanxhosi esaten dio[23]. Zulu leinuak intungunono deitzen dio[24].

Mehatxuak eta kontserbazio maila

1968an Afrikako Natura eta Natur Baliabideen Kontserbaziorako Konbentzioak hegazti idazkaria babestu zuen. Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak (IUCN) espezie kaltebera izendatu zuen 2016an baina populazioaren jaitsiera azkarra ikusita 2020an galzoriko espezie izendatu zuen[1].

Banaketa eremu handia badu ere, populazio txikiak dira. Hegoafrikako Kruger Parke Nazionalean, esate baterako, populazioa jaitsi egin da, landaretza asko hazi delako, eta idazkariak zelai zabalak behar ditu ehizatzeko[25].

Erreferentziak

  1. a b Vosmaer, A.. (1804). Natuurkundige beschryving eener uitmuntende verzameling van zeldsaame gedierten : bestaande in Oost- en Westindische viervoetige dieren, vogelen en slangen : weleer leevend voorhanden geweest zynde, buiten den Haag, op het Kleine Loo van Z.D.H. den Prins van Oranje-Nassau. By J.B. Elwe (Noiz kontsultatua: 2022-09-06).
  2. Vosmaer, A.; Meijer, Pieter (Amsterdam). (1769). Description d'un oiseau de proie, nommé le sagittaire, tout-à-fait inconnu jusque'ici; apporté du Cap de Bonne Espérance, dans la ménagerie de ... prince d'Orange et de Nassau .... chez Pierre Meyer (Noiz kontsultatua: 2022-09-04).
  3. Miller, John Frederick; Linné, Carl von. (1776). [Icones Animalium et Plantarum. ] [s.n.] (Noiz kontsultatua: 2022-09-04).
  4. Hermann, Johann. (1783). Tabula affinitatum animalium olim academico specimine edita : nunc uberiore commentario illustrata cum annotationibus ad historiam naturalem animalium augendam facientibus. Impensis Joh. Georgii Treuttel, Bibliopolae (Noiz kontsultatua: 2022-09-04).
  5. a b c d e f Brown, Leslie. (1982-<c1997>). The birds of Africa. Academic Press ISBN 0-12-137301-0. PMC 8982298. (Noiz kontsultatua: 2022-09-06).
  6. Ferguson-Lees, James. (2001). Raptors of the world. Houghton Mifflin ISBN 0-618-12762-3. PMC 46660604. (Noiz kontsultatua: 2022-09-06).
  7. a b
  8. a b c d e Handbook of the birds of the world. Lynx Edicions ©1992-©2013 ISBN 84-87334-10-5. PMC 861071869. (Noiz kontsultatua: 2022-09-06).
  9. Kemp, Alan C.. (1995-09-01). «Aspects of the Breeding Biology and Behaviour of the Secretarybird Sagittarius Serpentarius Near Pretoria, South Africa» Ostrich 66 (2-3): 61–68.  doi:10.1080/00306525.1995.9633760. ISSN 0030-6525. (Noiz kontsultatua: 2022-09-06).
  10. Whitecross, Melissa A; Retief, Ernst F; Smit-Robinson, Hanneline A. (2019-05-04). «Dispersal dynamics of juvenile Secretarybirds Sagittarius serpentarius in southern Africa» Ostrich 90 (2): 97–110.  doi:10.2989/00306525.2019.1581295. ISSN 0030-6525. (Noiz kontsultatua: 2022-09-06).
  11. Encyclopedia of animals : mammals, birds, reptiles, amphibians. Barnes & Noble 2002 ISBN 0-7607-3552-2. PMC 51509507. (Noiz kontsultatua: 2022-09-06).
  12. (Ingelesez) Maloiy, G. M. O.; Warui, C. N.; Clemens, E. T.. (1987). «Comparative gastrointestinal morphology of the Kori bustard and secretary bird» Zoo Biology 6 (3): 243–251.  doi:10.1002/zoo.1430060307. ISSN 0733-3188. (Noiz kontsultatua: 2022-09-06).
  13. Bennett, Gordon F.; Earlé, Roy A.; Peirce, Michael A.. (1993-06-01). «The Leucocytozoidae of South African Birds: Falconiformes and Strigiformes» Ostrich 64 (2): 67–72.  doi:10.1080/00306525.1993.9634206. ISSN 0030-6525. (Noiz kontsultatua: 2022-09-06).
  14. (Ingelesez) Valkiūnas, Gediminas; Mobley, Kristin; Iezhova, Tatjana A.. (2016-02-01). «Hepatozoon ellisgreineri n. sp. (Hepatozoidae): description of the first avian apicomplexan blood parasite inhabiting granulocytes» Parasitology Research 115 (2): 609–613.  doi:10.1007/s00436-015-4777-4. ISSN 1432-1955. (Noiz kontsultatua: 2022-09-06).
  15. Martin-Mateo, M. P.. (1992). Redescription of two species of Mallophaga (Insecta) parasites on Sagittarius serpentarius (Miller) (Aves). Journal of the Entomological Society of South Africa. 5 (1):, 137–147 or..
  16. Brooklyn Museum. (1984). Predynastic and archaic Egypt in the Brooklyn Museum. The Museum ISBN 0-87273-099-9. PMC 10913977. (Noiz kontsultatua: 2022-09-06).
  17. (Ingelesez) KINZELBACH, RAGNAR K.. (2011-09-19). «Pre-Linnaean pictures of the secretarybird, Sagittarius serpentarius (J. F. Miller, 1779)» https://doi.org/10.3366/E0260954108000375  doi:10.3366/e0260954108000375. (Noiz kontsultatua: 2022-09-06).
  18. «Sudan Arms» www.hubert-herald.nl (Noiz kontsultatua: 2022-09-06).
  19. (Ingelesez) Smith, Benjamin; Lewis-Williams, J. D.; Blundell, Geoffrey; Chippindale, Christopher. (2000-09). «Archaeology and symbolism in the new South African coat of arms» Antiquity 74 (285): 467–468.  doi:10.1017/S0003598X00059688. ISSN 0003-598X. (Noiz kontsultatua: 2022-09-06).
  20. «Sagittariidae» www.birdtheme.org (Noiz kontsultatua: 2022-09-06).
  21. Galaty, John G.. (1998). «The Maasai Ornithorium: Tropic Flights of Avian Imagination in Africa» Ethnology 37 (3): 227–238.  doi:10.2307/3774014. ISSN 0014-1828. (Noiz kontsultatua: 2022-09-06).
  22. www.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2022-09-06).
  23. Waters, M. W.. ([192-?]). Cameos from the Kraal, with illustrations by a raw native. Lovedale : Lovedale institution press (Noiz kontsultatua: 2022-09-06).
  24. Stark, Arthur Cowell; Sclater, William Lutley. (1900). The birds of South Africa. London, R. H. Porter (Noiz kontsultatua: 2022-09-06).
  25. (Ingelesez) Hofmeyr, Sally D.; Symes, Craig T.; Underhill, Leslie G.. (2014 mai. 9). «Secretarybird Sagittarius serpentarius Population Trends and Ecology: Insights from South African Citizen Science Data» PLOS ONE 9 (5): e96772.  doi:10.1371/journal.pone.0096772. ISSN 1932-6203. PMID 24816839. PMC PMC4016007. (Noiz kontsultatua: 2022-09-06).

Kanpo estekak