Haurren garraio

Haur zaintzaileak Ekialdeko Berlinen, 1984.

Haurren garraioa egiteko hainbat metodo erabili izan dira kultura eta garai desberdinetan. Metodo horien artean daude orgatxoak, auto eserlekuak, sehaska eramangarriak, eslingak, motxilak, saskiak eta bizikletentzako eserlekuak.

Saskiak, eslingak eta motxilak

Sakontzeko, irakurri: «Haurrak soinean eramatea»
Navajo haurra cradleboard batean, Window Rock, Arizona, 1936

Umeen garraioa seguraski gizakiaren bipedismorako eboluzioarekin batera hasi zen (lauhanka, kumeak bizkarrean eramatea errazagoa baita). [1]

Gorputzean zintzilik eramateko eslinga edo motxila sistema asko daude, material eta diseinu desberdinetakoak. Haurraren gaitasunaren arabera ere alda daitezke: esertzeko edo burua altxatzeko gai ez direnek, edo helduagoek, behar desberdinak baitituzte.

Faraoien garaiko Egiptoko artelanetan eslingetan doazen haurren irudiak ikus daitezke. [2]

Europan, haurren garraioa erakusten duen lehen artelanik zaharrenetarikoa Giotto-k 1306 inguruan margotutako fresko bat da, Maria irudikatzen duena Jesus eslinga batean eramaten.[3] Erdi Aroko Europan oso erabilia zen sistema hau, nahiz eta ospe txarra izan, jende pobre eta baztertuarekin identifikatzen zelako.[4]

AEB-etako indigenen tradizioan cradleboard deritzen sehaskak erabili izan dira, haurrak seguru eta eroso mantentzeaz gain atoian garraiatzea errazten dutenak, oinez ikasten duten arte.[5] [6] Garraio mota hau munduko kultura askotan erabili izan da.

1960ko hamarkadan haurrak soinean garraiatzeko joerak berriro indarra hartu zuen, AEB-etan erabilitako motxilekin. 1970eko hamarkadan Alemanian oihalak erabiltzen hasi ziren. 1981ean Rayner eta Fonda Garnerrek bi eraztuneko eslinga asmatu zuten, 1985etik aurrera William Sears medikuak hedatu zuena.[7] 1990eko hamarkadaren hasieran, Hawaiien poltsa-garraiatzaile bat sortu zuten. Eta 2003tik aurrera Txinako mei tai tradizionalak zabalkunde handia izan zuen.

Gurditxoak

Silver Crossen pram modelo klasiko bat.

Lehen orgak handiak eta astunak ziren, eta pixkanaka diseinu arinagoak agertu ziren, XX. mende amaiera aldean nagusitu zirenak. Oro har, bi mota handitan sailka daitezke: umea etzanda eramatekoak (pram) edo eserita eramatekoak (buggy / stroller).

Historia

Ingalaterran, William Kent diseinatzaileak gurditxo bat garatu zuen 1733an, Devonshireko dukearen enkarguz. Oskol itxurakoa, aberaski apaindua, ahuntz edo zaldi txiki batek tiratzeko pentsatua zen. AEB-etan, Benjamin Potter Crandall-ek 1830eko hamarkadan haurtxoentzako kotxeak saltzen aritu zen, "AEB-etan ekoitzitako lehenak".[8] Lehen urteetako beste ekoizle ezagun bat FA Whitney Carriage Company enpresa izan zen; etxeko seme Jesse Armor Crandall- ek, eredu estandarrak hobetzeko eta gehitzeko hainbat patente errejistratu zituen, adibidez balaztak, tolesteko sistemak eta guardasola eusteko gailuak. Viktoriar aroan umeen gurditxoak modan jarri ziren: perambulator esaten zitzaien (laburtuz pram), eta Victoria erreginak berak ere hiru erosi zituen. Artean gurditxook handiak eta astunak ziren; urteekin arinduz joan ziren (sehaska desmuntagarriak ezarriz), eta suspentsioa ezarri zitzaien, haurraren eta haurtzainaren erosotasunerako.

Garai haietako gurditxoak zura edo zumea zuten oinarri, letoizko lotura garestiek eutsita; batzuetan, apaingarriz betetako artelanak ziren. Modeloek ere nobleziarekin lotutako izendapenak jasotzen zituzten: Princess, Duchess, Balmoral, Windsor...

1889ko ekainean, William H. Richardson-ek lehen ibilgailu itzulgarriaren ideia patentatu zuen, gurasoei begira zein alderantziz eramateko. Gurdiaren egiturari ere aldaketak egin zizkion: ordura arte ardatzak ez zuen gurpila banaka mugitzen uzten; aukera horrekin, Richardson-en diseinuak maniobrabilitatea areagotu zuen.

1920ko hamarkadarako, ekoizpen masiboak gurditxoak familia gehienendako eskuragarri bihurtu zituen.

1965ean, Owen Maclaren ingeniari aeronautikoaren alaba kexu zen, Ingalaterratik Ameriketara gurditxoa eramateak sortzen zizkion arazoen kontura. Hegazkinen ezagutza baliatuz, aitonak buggy motako gurditxo tolesgarria diseinatu zuen. Ondoren, Maclaren enpresa sortu zuen, bere diseinu berria fabrikatzeko eta saltzeko. Laster berrikuntza hau beste ekoizleen artean ere hedatu zen.

1970eko hamarkadan bertsio sinpleagoetara jo zen: ez guztiz tolesgarriak, eta seaska kengarriarekin.

Gaur egunean, pram motako gurditxoak oso gutxi erabiltzen dira, handiak eta garestiak baitira buggy motakoen aldean (ikus azpian).

Marka zaharrenetako eta ezagunenetako bat Silver Cross ingelesa da: enpresa Leeds-en sortu zen 1877 urtean, eta jabez aldatu eta produktu sorta berritu eta handitu badu ere, oraindik pram tradizionalen ekoizpenarekin jarraitzen dute Yorkshireko lantegi batean.

Bidaia-sistemak ere garatu dira, non pram edo buggy motako gurditxoak desmuntatu eta gero, oinarria tolestu eta maletategian sar daiteke alde batetik, bestetik sehaska autoaren eserlekuan ezarritako lotura batzuetan ezarriz, auto-eserleku bihurtuz.

Beste batzuk

Bizikletan haurra eramateko aulkitxoa (AEB, 2010)

Kotxean haurrak eramateko, herrialde askok erabil daitezkeen eserlekuak arautuak dituzte.

Bizikletan haurrak eramateko erremolke edo eserleku bereziak daude.

Argazki galeria

Erreferentziak

  1.  doi:10.1002/ajpa.20603. PMID 17427923..
  2. I.C. van Hout. Beloved Burden - Baby wearing around the world. pp 6-7. Royal Tropical Institute, Amsterdam. 2011. ISBN 9789068321746
  3. Rosie Knowles. Why Babywearing Matters. p 19. Pinter & Martin, 2016. ISBN 9781780665351
  4. I.C. van Hout. Beloved Burden - Baby wearing around the world. pp 58-63. Royal Tropical Institute, Amsterdam. 2011. ISBN 9789068321746
  5. CradleboardEncarta. Retrieved 27 March 2009. 2009-10-31.
  6. [1], Native American Cradles exhibited at Pequot Museum, The Day - October 6, 2001, Retrieved 4 May 2015.
  7. Maria Blois MD. Babywearing - The Benefits and Beauty of This Ancient Tradition. pp 32-35. Hale Publishing, 2005. ISBN 0972958339
  8. .Museum of American Heritage, retrieved 6 Sep 2010

Kanpo estekak