Hans uhartea (groenlandieraz: Tartupaluk; Inuktituteraz: ᑕᕐᑐᐸᓗᒃ; frantsesez: Île Hans il ɑ̃; danieraz: Hans Ø) Kennedy kanalaren erdian dagoen uhartea da, Nares itsasartean. 1,3 km koadroko uhartetxoa da eta Kanada eta Danimarka arteko gatazka piztu zen huragatik.
Historia
Testuingurua
1871-1873 artean, Nares itsasartean, Charles Franci Hall esploratzaile estatubatuarrak hirugarren espedizioa egin zuen Ipar Polora. Bidean 1,3 km koadroko Hans uhartea topatu zuen Kennedy kanalaren erdian. Espedizioan Hans Hendrik izeneko itzultzaile inuik bat zeramaten eta, haren omenez, Hans izena jarri zioten lur puskari –nahiz eta benetako izena Suersaq zuen–[1].
Gatazkaren hasiera
1933an Nazioarteko Justizia Auzitegi Iraunkorrak Groenlandia legalki Danimarkarena zela deklaratu zuen. Froga geologikoak argudiatuta, Danimarkak Hans uhartea ere haiena zela esan zuen.
1972an Kanadako Zerbitzu Hidrografikoak eta Nares itsasartean lanean ari ziren ikerlari daniarrek Hans uhartearen koordenatu geografikoak zehaztu zituzten. Eta hurrengo urtean, 1973an, Danimarka eta Kanadaren arteko iparraldeko mugei buruzko negoziazioetan, Kanadak Hans uhartea beren lurraldearen barruan zegoela aldarrikatu zuen. Baina negoziazio haietan ez zen gobernuen arteko akordiorik itxi uhartearen inguruan. 1983an bi herrialdeek akordio bat sinatu zuten eremu haietan ingurumena zaintzeko, eta Hans uhartean ikerketak elkarlanean egiteko aukera eztabaidatu zuten, baina ez zuten ezer sinatu.
Gatazka
1984an, Høyem daniar ministroa helikopteroz iritsi zen uhartera eta bere herrialdeko bandera jarri zuen. 1988an eta 1995ean antzeko keinuak egin zituzten daniarrek. 2005ean, Kanadako Defentsa ministroak irla bisitatu zuen eta, horri erantzunez, Danimarkako Kanpo ministroak adierazi zuen lur zati horren inguruan ez zegoela inolako tirabirarik, uhartea, zalantzarik gabe, daniarra zelako.
Orduz geroztik, Kanada eta Danimarkaren arteko “gerra” horretan tradizio bitxia sortu da. Urtero, abuztuan, kanadar tropak uhartean lehorreratzen dira, Danimarkako bandera kentzen dute, Kanadakoa jarri, eta whiski botila bat uzten dute mezu batekin: “Ongi etorriak Kanadara”. Udaberrian daniarrek zapaltzen dute irla. Beren bandera atzera ipini, whiskia edan eta schnapps pattar botila bat uzten diete arerioei, beste mezu batekin: “Danimarkako lurraldean zaudete”.
Hala ere, itxuraz baliorik ez duen lur zatia Ipar Mendebaldeko Itsasbidearen erdian dago. Merkataritza bide honek ez du orain arte ia trafikorik izan, baina klima aldaketak Asia eta Ipar Amerikaren arteko garraiobide nagusietakoa bihur dezake eta Hans uharteak bidearen kontrola erraztuko du.
Bibliografia
Kanpo estekak