Gure Sor Lekua 1956an André Madré jeneralak kolorez grabatutako dokumentala da.[1] Euskaraz egindako lehen film luzea izan zen, euskal diasporaren herrimina asetzeko asmoz.[2] Hazparneko Haritz Barne zineman estreinatu zuten.[3] 2013ko azaroaren 29an iragarri zuten galdutzat hartzen zen film honen kopia bat berreskuratu zutela Parisen.[4] Gaur egun ez da film honen audiorik ezagutzen.[2]
Historia
Zuzendariaren esanetan, filma euskal diasporari zuzenduta zegoen.[2] Estreinaldia 1956an egin zen Hazparnen, Madréren jaioterrian.[2] 1956-1957 urteetan, Baionan, Uztaritzen, Azkainen, Beskoitzen eta Aiherran ere egin ziren emanaldiak. Zuzendariak eskatuta, irabaziak Parisko Euskal Etxeari ematen zizkioten, eta bertan ere bi emanaldi egin ziren. 1961ean, Baionako apaiz batek filmaren kopia bat Ameriketako Estatu Batuetara eraman zuen.[5] Josu Martinez ikerlariak bildutako datuen arabera, Dakarren ere egin ziren emanaldiak eta ustez Argentinan ere bai.[6] 1958tik 1963ra, Madrék Gabonetako zinema emanaldiak urtero antolatu zituen Ipar zein Hego Euskal Herrian.[5]
Madré 1971n hil ondoren[5], filma galdutzat jo zuten eta historialariek apenas aipatu zuten 2012ra arte.[7] Urte hartan, Josu Martinez EHUko ikerlariak, euskal zinemaren historiaren inguruko tesia idazten ari zela, filmaren kopia bat aurkitu zuen Parisen[4], André Madréren alargunaren etxean[6], kartoizko kaxa batean.[5] Soinu-banda galduta dago, baina 1950eko hamarkadako artikuluek eta lekukoen kontakizunek filma euskaraz grabatu zela baieztatzen dute.[2]
2013ko abenduaren 20an filmaren bertsio laburra Hazparneko Zinegim euskarazko zinemaren jaialdian eman zuten[4], 2014ko abenduaren 3an Bilbon[8] eta 2015eko urriaren 4an Baigorrin[9], Joserra Senperenaren musikarekin.[7][8]
2014an, Martinezek bere doktore-tesia defenditu zuen, Gure (zinemaren) Sor Lekua. Euskarazko lehen filmaren aurkikuntza, historia eta analisia izenburua zuena.[7] Gainera, Gure (zinemaren) sor lekua liburua kaleratu zuen eta Gure sor lekuaren bila dokumentala zuzendu zuen, aurkikuntzaren istorioa kontatzen duena eta 2015eko abenduaren 3an estreinatu zena.[10]
Ikus, gainera
Erreferentziak
Kanpo estekak