Galesko historiaNeoliton hasi zen, non gizakiak lurralde horretan bizi baitziren. Idatzitako historia erromatarren etorrerarekin hasi zen, ordea, K. o. 48an. Britaniako probintziaren barruan, 400 inguran erromatarrek alde egin zuten, eta Gwynedd edo Powys gisako printzerriak sortu ziren egungo Galesen.
Gruffydd ap Llywelyn erregeak XI. mendearen erdialdean Gales osoa eta Ingalaterrako hainbat toki ere bereganatu zituen. Anglo-saxoien eta ingelesen aurkako gerrak 1282ra arte iraun zuen. Izan ere, urte horretan Ingalaterrako erresumak Gales konkistatu baitzuen. Matxinadak gorabehera, XVI. mendean Galesek guztiz egin zuen bat Ingalaterrarekin. Hala ere, bertako hizkuntza eta kultura gorde egin ziren.
Izotz Aroaren ondoko garaietan, Europa eta Britainia Handia bereizita geratu ziren itsasoaren maila igo zelako (K.a. 7.000-6.000). John Daviesen esanetan, galestarren zenbait ipuin eta kondairatan (Irlanda eta Galesen arteko tartea handitzea) gertaera horren oroitzapen folklorikoa izan zitekeen.[1]
Horren ondoren, itsasoa zeharkatuz ere etorri zen jendea, oraingo honetan Iberiar Penintsulatik.[2]Neolitoko kolonizatzaile hauek bertakoekin nahastuta, bizimodua aldatu zuten, janariaren ekoizpenari ekin baitzioten. Basoak moztu zituzten, abereentzako larreak sortzeko eta lurra ereiteko, eta zeramika eta ehunak egiten hasi ziren. Halaber, trikuharriak, Pentre Ifan, Bryn Celli Ddu eta Parc Cwm long cairn, esaterako, eraiki zituzten. Erromatarrak iritsi orduko, galestarrak hainbat tributan zeuden bananduta: Deceangli, Ordovices, Cornovii, Demetae eta Silures.
Kolonizazioa
Galesen lehen aipu historikoa K. o. 48koa da. Tazito historialari erromatarrak adierazi zuen Britaniako probintziako buruak Gales ipar-ekialdeko deceanglien errendizioa jaso zuela. Gotorleku erromatar andana eraiki ziren egungo Galesen hegoaldean. Britainia Handia osoan hobekien gorde den anfiteatroa dago bertan.
Erromatarrek uhartea 410ean abandonatu ondoren, behealdeko lurrak tribugermaniarrek okupatu zituzten. Nolanahi ere, goiko aldeko lurraldeetan jatorrizko biztanleen estatu independenteak sortu ziren. Erromatar-britainiarren biziraupen temati hori mendebaldeko erresumetan egungo Galesen oinarria izan zen. Saxoi eta angloen kontrako borroketan muga ezarri zen: iparretik hegora luzatzen den Waten Harresia. VIII. menderako, oro har, anglo-saxoiekiko muga ezarrita zegoen.
800etik aurrera, Rhodri Mawr (erregetzan 844-877) printzeak Gwynedd eta Powys printzerriak bereganatu zituen zenbait ezkontza zirela medio. Haren seme-alabek hiru leinu nagusiak sortu zituzten, nor besteen aurka borrokan. Haren ondorengo batek, Gruffydd ap Llywelyn erregeak (erregetzan 1039-1063), lehengusuen lurraldeak konkistatu zituen Powys printzerritik, eta Ingalaterraraino ere iritsi zen haren boterea. John Davies historialariaren hitzetan, Gruffydd "Gales lurralde osoaren gainean gobernatu zuen errege gales bakarra izan zen. Hala, 1057tik1063ean hil zen arte, Gales osoak haren agintea onartu zuen. [...] Buru bakarra izateko balentriak ez zuen aurrekaririk ez ondorengorik izan".[3]Owain Gwynedd (1100-1170) princeps Wallensium (galestarren printzea) titulua erabili zuen lehena izan zen.
Ingalaterrako erregeek titulu hori onartu zuten, eta Llywelyn ap Gruffuddek nagusitza lortu zuen 1262tik aurrera Gales gehienean, ordu arte ingelesek ezarritako hainbat gaztelu eskuratuz. Aldiz, Llywelynek Ingalaterrako erregearen basailu izaten jarraitzen zuen izenez, eta dirua hari ordaintzen. Bake hitzarmen bat zuten, baina hautsi egin zen hura ez betetzearen salaketen artean. Galesko muga eskualdeetako buruzagi ingelesek hauspotuta, Eduardo I.aren lehendabiziko inbasioa etorri zen. Bakea laburra izan zen eta 1282an Eduardoren behin betiko konkista iritsi zen. Llywelyn hilik atera zen, eta irauten zuten Galesko jaunek Ingalaterrako erregeari omenaldia egin zioten beren lurrei eustearen truk. Boterea bermatu nahian, Eduardok harrizko gaztelu gotor andana eraiki zuen. 1286an, Eduardo ingeles erregeak akabera eman zion Galesen konkistari.
Madog ap Llywelynek bere burua Galesko Printze deitu zuen eta, 1294an matxinatu ondoren, Owain Glyndŵr arte ez zen beste altxamendurik izan. 1404an, Owain Galesko Printze koroatu zuten Frantziako, Gaztelako eta Eskoziako ordezkarien aurrean. Nolanahi ere, matxinadak ez zuen arrakastarik izan, eta 1415erako amaituta zegoen. Ingalaterrarekiko batasun formala, ordea, ez zen 1536 arte iritsi. Horren ondoren, Ingalaterrako legeak Galesko legea ordezkatu zuen, artean indarrean baitzen konkistaz geroztik ere.
Aro modernotik aurrera
Identitate galesak iraun arren, XVIII. mendera arte ez zen sentimendu hori nazionalismo modernoan gorpuztu, orduan eman baitzitzaion garrantzi politikoa. Garai hartan diseinatu zen bandera nazionala, hondo zuri-berdean herensuge gorria duena; garai hartakoak dira baita ereserki nazionala,”Nire Gurasoen Lurra”, eta kultur ohitura eta erakunde batzuk ere, besteak beste “Eisteddfod” izenekoa, bardo eta musikarientzako lehiaketa sistema bat.
XVIII eta XIX. mendeetan, gehien bat nekazaritzaren inguruan antolatzen zen ekonomia eraldatu zen, eta industrializazioaren adibide goiztiarra bilakatu zen Gales. Ikatza bihurtu zen ekonomiaren oinarri, kalitate handikoa baitzen bertako meategietakoa, eta kantitate handietan esportatu zen; haren inguruan metalurgia eta altzairuaren industria garatu ziren. Garapen hori Galesko hegoaldeko haranetan eta ipar-mendebaldeko meatze alde txikietan gertatu zen. Galesko iparraldeak antzeko garapena izan zuen, baina arbelaren ustiaketari lotua. ç
Industrializazioa ezarririk, sozialismoak eta sindikatuek funtsezko papera bete zuten industri-alde horietako langileen bizitzan. Kulturs jarduera ugariko aldeak ere baziren, abesbatzen eta antzeko jardueren inguruan eratuak eta, horietako asko, talde inkonformistei lotuak. Inkoformismoa, Galesko kontestuan, joera erlijoso-politikoa da: Ingalaterrako Elizarekin gatazka bat sortu zen, eta ondorioz Alderdi Liberalaren politika nagusitu zen Galesen, Londresen finkatutako ordenaren aldeko politika kontserbadorearen kontra zegoena.