Frantziako Industria Iraultza

Frantziako Industria Iraultzaren garapena, historialari frankoren arabera, Bigarren Inperioan gertatu zen susperraldi ekonomikoa eta ekonomiaren modernizazioa da. Napoleon III.ak eskua sartu zuen ekonomian, Frantziako nekazarien babesa (populazio aktiboaren %50 baino gehiago) bereganatu nahian, laguntza eman zien. Halaber, Paris eraberritu zuen, hiriburuko langabeziari aurre egiteko eta negozio-burgesiaren babesa ere bereganatzeko.

Oro har, esan daiteke 1850eko hamarkadan babeskor jokatu zuela Napoleonek ekonomia arloan, eta ekonomia modernizatu ahal izan zuen. 1860ko hamarkadan, berriz, merkatuak ireki zituen, eta, 1866ko krisi ekonomikora arte, Frantziako kanpoko salmentak ugaltzea lortu zuen.

Munduko egoera ekonomikoa

Mundu osoko ekonomia hazi zen 1850 eta 1873 bitartean. Izan ere, Kalifornian (1848) eta Australian (1851) urrea aurkitu zuten, eta, honela, etekinak biltzera laguntzen duen inflazio epela lortu zen. Libra esterlinan oinarrituta, munduko moneta sistema egonkortu zen, eta urte horietan, merkatu berrien sorrerak munduko sal-erosketen kopurua hirukoiztu zuen.

Inbertsioa

Frantzian, barne aurrezkietatik etorri zen inbertsioa. Alde batetik, estatuak obra publikoetan eta atzerriko inbertsioetan bideratzen zuen diru horretako zati bat. Bestetik, Bigarren Inperioan sortutako sal-erosketa bankuek (Rothschild-en Société Générale edo H. Germain-en Crédit Lyonnais esaterako) edo industria bankuek (Pereire-ren Crédit Mobilier edo Banque de Paris) enpresetara eman zuten aurreztutako diru horren beste kopuru bat.

Nekazaritza

Aurrerapen zientifikoak zirela medio (barbetxoaren bazterketa, zoru berrien egokipena, ongarri berriek edota abereen hautaketa) nekazaritzaren emaitzak hobek izan ziren.

Eskualdeak espezializatu ziren, eta, honen ondorioz, eskasiak eragindako krisiak pairatzeari utzi zion Frantziak. Are gehiago, frantziarren elikadura hobesteaz gain, jangarriak kanpoan saltzeko gai ere izan ziren.

Industria

Industria nagusiak oihalezkoa izaten jarraitu zuen, baina meatzak (Lorenan) eta siderurgiak izugarri hazi ziren burdinbideek eta eraikuntza publikoaren eskutik. 1847tik 1869ra, Frantzia 1820 kilometro burdinbide izatetik 17300 izatera igaro zen. Horretaz gain, Frantziako enpresek burdinbide franko zabaldu zituzten Europako hegoaldean baita Austriar zein Turkiar Inperioan.

Sal-erosketak

Barne salerosketa biderkatu zen garai horretan. Hirietan azoka modernoak (Les halles) sortu ziren. Kanpo salerosketa hiri halakotu zen, eta balantza komertzialak superavita izan zuen 1867 arte.

Telegraforen hedapenak, 1855eko eta 1867ko nazioarteko erakusketek, nazioarteko komertziorako kaien atontzeak, atzerriko inbertsoreek, burdinbideen zabaltzeak eta 1860ko hamarkadako oztoporik gabeko politika ekonomikoak bultzatu zuten hazkunde hori. Suezko Kanalaren eraikuntzak (1869) ez zuen eragin zuzenik epe honetako hazkundean, baina hurrengo urteetan garrantzitsu bilakatzekoa zen.

Ikus, gainera

Kanpo estekak