Bere aitona Patricio Jiménezek asmatutako estiloari jarraitzen dio Flacoren musikak. Erdialdeko Europako polka Texaseko gustura egokitzen saiatu zen Patricio Jiménez. Hasieran Texas Chicano esan zitzaion estilo horri. Flacok urrutirago eraman zuen tex-mex estiloa, eta edozein musika-modurekin nahastu zuen. Peter Rowanekin disko pare bat grabatu zituen, eta 1976anRy Cooderrek bere taldean sartu zuen. Chicken skin music eta Cooder Show Time egin zituzten elkarrekin zuzenean, eta bien elkarlanak urte asko iraun zuen.
Hamarkada horretan dozena bat disko grabatu zituen, nahiko tradizionalak, errepertorioaren oinarria rancherak zirela. Viva Según izan zen interesgarrienetakoa. 1986an etorri zitzaion ospea, urteko lan mexikar-amerikar onenaren Grammya jaso zuen Ay te dejo en San Antonio diskoarekin. Horren ondoren oso disko onak egin zituen; esate baterako, Flaco´s Amigos, Ry Cooderren eta Peter Rowanen parte-hartzearekin. 1990eanSuitzakoMontreuxeko Jazz Jaialdian izan zen, eta 1992an WOMADen (World of Music, Arts and Dance).
1990ean agertu zen, bestalde, Texas Tornados taldearekin egin zuen izen bereko lehen diskoa. Bertan entzule anglosaxoiei zuzenduriko tex-mex musika egin zuen, ingelesezko testuak erabiliz, rock-and-roll eta countryaren ukituekin. Disko horrekin beste Grammy bat irabazi zuen. 1992an Partners kaleratu zuen, Stephen Stills, Dwight Yoakam, Ry Cooder, Los Lobos, Emmylou Harris, John Hiatt eta Linda Ronstadten parte-hartzearekin. Rolling Stonesekin, La Guardiarekin, Oskorrirekin eta Vargas Blues Bandekin ere aritu da elkarlanean.
Diskografia
Estudioko albumak
1975 : El Rey De Texas (D.L.B. Records)
1976 : A Mis Amigos Cariñosamente (D.L.B. Records)
1977 : Clavelito Clavelito (D.L.B. Records)
1977 : El Principe Del Acordeón (D.L.B. Records)
1977 : Flaco Jiménez Y Su Conjunto (Arhoolie Records)