Mozarten konposiziorik onenetako bat eta musikaren historiako operarik garrantzitsuenetako bat da. Bere garaian kritika asko jaso zituen arren, arrakasta handia lortu zuen antzezpenetan. Obra honekin hasten da Mozarten eta Da Ponteren arteko lankidetza, operaren historiako emankorrenetako bat, zeinetatik generoko hiru maisulan atera ziren: Figaroren ezteiak, Don Giovanni eta Così fan tutte.
Sinopsia
Oharra:Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.
Istorioa Sevillan garatzen da, XVIII. mendearen bigarren erdian, eta Almavivako kondearen jauregian kokatzen da. Rosina bere emazte bihurtu da dagoeneko, kondesa, baina kondea Susanna gaztearen mesedeen bila dabil, Figaroren emaztegaia baita, kondearen morroia. Istorioa korapilatu egiten da Almavivako kondeak jakiten duenean bere morroi Cherubinok interes handia duela kondesarengan, eta, horregatik, aldamenetik kendu nahi du gerrara bidaliz. Figaro, Susanna eta kondesa ados daude kondearen asmoak oztopatzeko eta bere desleialtasuna agerian uzteko. Baina, bitartean, Figaro Bartolo eta Marcellinarekin eztabaidatzen ari da, eta honek Figaro bien semea dela jakiten du. Egunaren amaieran, protagonista guztiak jauregian daude, eta han izaten dira nahasteak, azkenean kondea eta kondesa adiskidetu eta Figaro eta Susanna ezkon daitezkeen arte.