Feneko azeria (Vulpes zerda) kanidoen familiako ugaztunharagijalea da. Basamortukoazeri txiki eta belarri-handia da. Ilea fina du, harea kolorekoa bizkarraldean eta zuria sabelaldean.
Afrikako basamortuetan eta Sinaiko penintsulan bizi da[1] eta ur gutxi behar izaten du bizirauteko. Animalia orojalea da eta ilunabarrean eta gauean da bereziki aktiboa. Erraz etxekotzen da eta 14 urte arte bizi daiteke.
Etimologia
Arabierazko fanak (فَنَك) hitzetik datorkio izena eta "azeria" esan nahi du. Fennec izenaren aurreneko erabilera erregistratua 1790. urtekoa da[2].
Espeziearen izen zientifikoari dagokionez bi hipotesia daude zerda izena azaltzeko, biak ala biak grezierazko hitzekin erlazionatuta. Aditu batzuen arabera "lehorra" (xeros) esan nahi du, bizi den habitatari erreferentzia eginez[3], eta beste batzuen ustetan "zuhurra".
Taxonomia
Skjöldebrandek 1777an Vulpes minimus izenarekin aipatu bazuen ere Zimmermann izan zen 1780. urtean Canis zerda izenarekin deskribatu zuena[4]. Ordutik aurrera sarritan aldatu izan zaio hala generoaren nola espeziearen izena. 1978an Corbetek ezarri zuen Vulpes zerda izena[5].
1997. urtean egindako biologia molekularreko azterketek baieztatu dute Vulpes generoko espeziea dela eta duela 4-4'5 milioi urte bereiz zela Vulpes cana espeziearengandik.
Deskribapena
Kanidoen artean espezierik txikiena da. 40 cm inguruko luzera dute arrek eta emeak zerbait txikiagoak dira, 34,5-39,5 cm. Isatsa beste 20 bat cm-koa du[6]. 20 cm-tako garaiera sorbaldetan eta 1'36-1'6 kg-tako pisua hartzen du fenekoak.
Duen gorputzerako belarri handiak ditu, 10 cm inguruko luzera dutenak[6]. Kanidoen artean belarri-gorputz ratio handiena du, eta beroa galtzeko egokiak dira, azaleko zain ugari dituztenez odola hoztea lortzen dutelako. Hori dela eta belarriek kolore gorrixka dute atzealdean. Belarrien barnealdea aldiz oso iletsua da[7]. Begi handi eta beltzak ditu
Ile fina du, hare kolorekoa gainean, zuria sabelaldean. Horrela bizi den duna eremuan ederki kamuflatzen da[6]. Isatsa luzea du eta amaieran ile beltzak ditu. Oinen azpialdean larru sendoa du harea edo lurzoru berotan ibili ahal izateko[6].
Banaketa eta habitata
Sahara basamortuan bizi da, Mendebaldeko Saharatik hasi eta Sinai penintsularaino. Duna txikien eremu zabalak atsegin ditu sakabanaturiko sasi, belar eta ziperazeoak dituztenak[1].
Habia hareatan egindako galeria bat izaten da. Landareek egonkorturiko dunatan egiten du, hareatza konpaktoa den lurzorutan. Habia hauek handiak izaten dira, 15 sarrera inguru ere izaten dituzte eta 120 m2-ko azalera hartzen dute. Hainbat familiek elkarren alboan egiten dituzte galeriak eta batzuetan elkar komunikatzen dira.
Harea ezegonkorragoetan habia oso sinplea izaten da, sarrera bakarrak eta gela bakarrekoa[6].
Ekologia
Elikadura eta harraparitza
Animalia orojalea da. Karraskariak, muskerrak, gekoak, eskinkoak, intsektuak, txori txikiak eta haien arrautzak, datilak, fruituak eta tuberkuluak jaten ditu[6]. Ornodun txikiak eta intsektuak harrapatzeko zuloak egiten ditu hareatan eta jauzi handiak ere egiten ditu, 60 cm-ko altuerakoak eta 120 cm-ko luzerakoak, bai harrapakinak ehizatzeko eta baita harrapariengandik ihes egiteko ere. Inoiz ikusi da zuloak egiten ehizaturiko harrapakina gordetzeko, beranduago jateko helburuaz. Gizakiaren asentamenduen inguruetan ere ikusten da janari bila[8]. Aljeriako Sahara eremuan egindako ikerketa batean 114 aleren urdaileko janaria aztertu zen eta 400 intsektutik gora, landare atalak, datilak eta txorien, ugaztun txikien eta suge txikien hondarrak zerrendatu ziren[9].
Ilunabarrean hasi eta gauez ehizatzen du. Egunsentia iristearekin bat bere habiara itzultzen da eguneko ordu beroenak lur barnean gordeta igarotzera.
Afrikako hontz espezieek ehizatzen dute fenekoa, haien kumeak batez ere. Faraoien hontza da fenekoen harraparietan aipagarriena. Tarteka ikusi izan da karakalek eta hiena pikartek ere ehizatu izan dutela. Fenekoa ordea azkarra da eta erraz aldatzen du norabidea, harrapariari izkin egiteko[6].
Ugalketa
Fenekoak bederatzi hilabeterekin iristen dira sexu heldutasunera eta urtarrila eta apirila artean bikotea osatzen dute[10]. Urtean behin izaten dituzte ondorengoak. Arraren eta emearen arteko kopulak bi ordu eta 45 minutu inguru irauten ditu[11]. Haurdunaldia 50-52 egunetakoa iaten da, inoiz 63 egunetakoa ere erregistratu da[12]. Haurdunaldian eta laktantzian zehar feneko arra agresiboa bihurtzen da eta emea babestu eta elikatzen du[13]. Martxoa eta ekaina artean erditzen du emeak eta 1-4 kume artean izaten ditu. Hauek 8-11 egunen ondoren irekitzen dituzte begiak. Guraso biek elikatzen dituzte kumeak eta 61-70 egun dituztenean kentzen die amak titia[14]. Kumeak hurrengo kumaldirarte egoten dira habian.
Moldaerak
Fenekoaren morfologia eta fisiologia basamortuetako klima beroetara moldaturik dago. Beroak alde egiteko belarri handiak ditu eta gorputzez argala da, ilajearen koloreak eguzki izpiak isladatzen ditu gorputzaren tenperatura ferskatuz. Basamortuetan ur baliabide eskasak daudenez giltzurrunak ere gernua kontzentratu eta ahalik ur gutxien galtzeko moldatuak ditu[15].
Mehatxuak eta egoera
Fenekoa erakusteko edo turistei saltzeko harrapatu izan da eta Maroko hegoaldean esate baterako desagertzear dago. Izan ere maskota exotiko gisa arrakasta handia baitu[8]. Dena dela Marokon, Mendebaldeko Saharan, Aljerian, Tunisian eta Egipton babesturik dagoen espeziea da.