Felix Cantalicekoa (italieraz: Felice da Cantalice;Cantalice, c. 1515 – Erroma, 1587ko maiatzaren 18a) Anaia Txiki Kaputxinoen Ordenako italiar elizgizona izan zen. 1712an santu izendatua, haren jaieguna maiatzaren 18an ospatzen dute.[1].
Bizitza
Felice Porri nekazari familia batean jaio zen, Cantalicen, Rietiko haranean. Hamabi urterekin Tullio Piccarelli izeneko gizon batenean artzain gisa hasi zen lanean. Mutikoa pietateagatik eta isiltasunarekiko maitasunagatik nabarmentzen zen. Sarritan aparte egotea aurpegiratzen ziotenez, honela erantzuten zuen: "Zer, santu egin behar gaituzte!".
Tradizioaren arabera 1543an mirariz salbatu zen lan-istripu baten ondorioz, kaputxinoen etxean sartu zen. 1543 bukaeran, Anticoli di Campagnako komentuan sartu zen.[2] 1545eko maiatzaren 18an, San Giovanni komentuan jantzi zuen bere abitua, eta han egon zen 1547 arte.
Lau urte geroago, Erromara bidali zuten, San Niccolo de Portiis komentura, anaia lego gisa, eta kargu horretan jardun zuen hil arte. Bertan, garai hartako hainbat pertsonaia handiren lagun egiten da, hala nola Karlos Borromeo eta, batez ere, Filipe Nerirena, zeinen ideiak partekatzen baitzituen. Bere austeritate, karitate eta hitz-jario barregarriengatik egin zen ospetsu. 1580an, izurriteak Erroma jo zuenean, udalak txiroen alde dirua biltzeko agindua eman zion.
1587an hil zenean, erromatar herriak berehala eskatu zuen bere kanonizazioa. Anaia Txiki Kaputxinoen ordenako lehen santua, ordena horretako apaizak ez diren anaien patroia da. Bere gorputza berari eskainitako kapera baten aldarearen azpian dago, Santa Maria della Concezione dei Cappuccini elizan, Erroman.
Erreferentziak
Kanpo estekak