Federiko Murueta Goiena, (Gautegiz-Arteaga, 1860ko abenduaren 28a - 1940ko apirilaren 15a) Federiko M. Goiena modura ere ezaguna,[1]euskal mediku eta unibertsitateko irakaslea izan zen.
Batxilergoko ikasketak Burgosen egin ondoren, 1880an amaitu zituen medikuntza ikasketak Valladolideko Unibertsitatean eta Tierra de Camposeko zenbait herritan mediku ibili ondoren, Ávilako ospitalean hasi zen lanean, zirujau gisa.
1897ko urtarrilaren 27an patologia katedra eskuratu zuen Valladolideko Unibertsitateko medikuntza fakultatean. 1910eko apirilaren 24ean Valladolideko Medikuntza eta Kirurgiako Erret Akademiako kide izendatu zuten, "Disertación sobre los viajes científicos" izeneko sarrera-hitzaldia emanez.
Valladolideko Unibertsitateko 1915/1916 ikasturte hasierako inaugurazio ekitaldian hitzaldia eman zuen, Rápido examen de las modernas manifestaciones de la escuela americana y un paralelismo entre ella y la escuela española izenekoa. Hitzaldi hartan, medikuntzaren irakaskuntza praktikoagoa izan behar zela defendatu zuen, eredu amerikarrari jarraiki.[2]
1925 eta 1931 urteen artean Valladolideko Unibertsitateko dekanoa izan zen. Dekanotzan hasi zen urtean, Gautegiz-Arteagako udalak plaka ezarri zuen bere jaiotetxean. 1926an Alfontso XII.aren ordeneko kide izendatu zuten.
1940ko apirilaren 15ean hil zen, jaioterrian.
Erreferentziak
- ↑ Vaquero Puerta, Carlos. (2019). Federico Murueta Goyena Basabe, Catedrático de Patología Quirúrgica de la Facultad de Medicina de Valladolid. Valladolid (Noiz kontsultatua: 2024-11-03).
- ↑ Murueta Goyena, Federico. (1915). Rápido examen de las modernas manifestaciones de la escuela americana y un paralelismo entre ella y la escuela española : Discurso leído en la Universidad de Valladolid en la solemne inauguración del curso académico de 1915 a 1916 / por el Doctor Federico Mureta Goyena.. Valladolid (Noiz kontsultatua: 2024-11-03).
Kanpo loturak