Oso abeslari ezaguna da Txinan, Taiwanen, Hong Kongen eta Singapurren. Japonian ere jarraitzaile ugari ditu, Final Fantasy VIII bideo-jokoaren soinubandako abesti nagusia Eyes on me abesteagatik. Mendebaldean aldiz bere aktore lanagatik egin da ezagun, Chungking Express eta 2046 filmeengatik[3].
Biografia
Meategi ingeniari baten eta iraultzako musikaren sopranio baten alaba da eta 1969an jaio zen Pekinen[4]. Amaren nahien kontra berehala zaletu zen musikarekin[5]. Institutuan ere bere zaletasunak estaltzen zituzten amaren aurrean eta 1985 eta 1987 artean kostu gutxiko diska batzuk atera zituen ixilean, abesti japoniar eta amerikarrak txinerara itzuliz.
1987 urtean Hong Kongeko unibertsitatera joan zen. Han Shirley Wong izena hartu zuen eta 1989an aurreneko diskoa atera zuen[6]. Hurrengo urtean bi disko atera zituen, baina ez zuten aurrenekoak adinako arrakastarik izan. Filme eta telesaio batzutan hartu zuen parte, aktore ibilbideari hasiera emanez.
1991 urtean New Yorkera joan zen urte pare batetarako bere musika ibilbideari bultzada bat eman nahian. 1992an Coming home diskoa atera zuen, R&B aldera jotzen zuena, eta bertako "Fragile woman" abestiak arrakasta itzela lortu zuen Txinan zein Asia hego-ekialdean. Super-izarra bilakatu zen orduan[7]. 1994an Chungking Express filmean hartu zuen parte eta arrakasta handia izan zuen, baita mendebaldean ere. Urte horietan disko piloa atera zituen, 1994an lau disko esate baterako. Kantoneraz eta mandarinez tartekatu zituen diskoak. Indie estilora hurbildu zen eta hainbat disko esperimental egin zituen, adibidez Di-Dar eta Fúzào. Fúzào diskoa da Fayeren gogokoena baina hain esperimentala izatea ez zen ondo hartua izan Taiwanen eta Hong Kongen. Bere zaleek ere, "Fayenatikoek", hau dute gogokoen[8]. Disko honi esker Time aldizkarian aterako zen bigarren txinatarra izan zen[4].
1997an Hong Kong utzi eta Pekinera itzuli zen. EMI diskoetxeak fitxatu zuen eta bere izena daraman diskoa atera zuen. Ez zen esperimentala izan, aurreko lanen bilduma antzeko bat baizik. 1998 urtean Txinako telebistako urte berriko galan abestu zuen[9] eta herrialdean zehar bira handi bat egin zuen, Txinan arrakasta handia lortuz. 1999an Final Fantasy VIII bideo-jokoaren soinubandako abesti nagusia Eyes on me abestu zuen eta honekin ateratako EP-aren 400.000 kopia saldu ziren Japonian[10]. Urte berean Zhǐ ài mòshēng rén diskoa atera zuen eta Taiwan, Txina, Hong Kong, Malaysia eta Singapurreko zerrendetan lehen postuak eskuratu zituen.
2003 urtean Ai Jing diskoa atera eta bira egin ondoren 2005ean erretiratzea erabaki zuen. Aurrez 2004an 2046 izeneko filmean hartu zuen parte. Filme hau ere mundu guztiko zinemalditan zabaldu zen Eta New Yorken film atzerritar onenaren saria eskuratu zuen. 2008an Pekingo Olinpiar Jokoetan abesteko eskariari ere uko egin zion[11]. 2010 urtean berriz ere Txinako telebistan urte berriko egunean abestera animatu zen eta ondoren kontzertu batzuk eman zituen. Sarrerak salgai jarri eta ordu erdira amaitu ziren, hala Txinako hainbat hiritan, nola Taipei eta Hong Kongen ere[12].
2015 urtean Be Perfunctory diskoa atera zuen eta 2018an txinatar telebistako Phantacity seriean 10 episodiotan agertu da.