Exoeskeletoek osagai zurrun eta gogorrak dituzte eta hainbat funtzio izan ohi ditu. Harraparien aurkako babesa eta barne organoen euskarri izatea (batez ere lokomozio-aparatuko giharrentzat) dira garrantzitsuenak. Beste funtzio batzuk ere baditu, hala nola gorputzaren lehortzea saihestea, arnasketa, iraizpena, elikatzea eta zentzumenak. Kasuan kasu, exoeskeletoak funtzio horiek guztiak bete ditzake, edo horietako batzuk baino ez.[3]
Zenbait organismok, foraminiferoek esaterako, exoeskeletoa eraikitzen dute beren inguruan gorputzari harea-pikorrak itsatsiz. Bestalde, nahiko zabaldua dagoen uste oker bat da ekinodermoek exoeskeletoa dutela, baina zuntz biziz inguratuta daude eta, beraz, ez da exoeskeletotzat jotzen.
Artropodoek gorputz osoa estaltzen dien exoeskeletoa dute, zeina zelula epidermikoen jariaketaren ondorioz sortzen duten. Normalean, nahiko erresistentea izaten da. Oskola polisakaridoz eta kitinaz osatuta dago. Kasu batzuetan,exoeskeletoa kaltzilifikatuta agertzen da, adibidez krustazeoetan.
Exoeskeletoak sarritan sortu eta eboluzionatu dira independenteki; adibidez, exoeskeleto kaltzifikatuak 18 adar desberdinetan sortu dira independenteki. Hona exoeskeleto mota desberdinen adibideak:
Exoeskeletoek, kasu askotan zurrunak direnez, animalien haztea mugatzen dute. Oskol irekia duten animaliek hazi ahala materiala gehitzen dute oskolaren irekieran, era horretan oskola animaliarekin batera haziz doa. Artropodoek ordea exoeskeleto itxia dute, eta hazi ahal izateko aldian-aldian azalberritu egin behar dira, ordura arteko exoekeletoa gainetik kenduz; ekintza horri ekdisi (artropodoen muda) esaten zaio. Dena dela artropodo askok oskol malgua dute, eta hazteko ekdisia ez lukete ezinbesteko, baina ekdisiak funtzio gehiago ere baditu, adibidez metamorfosia intsektuen kasuan. Ekdisiaren unea heltzean, bultzatuz, exoeskeleto zaharra urratu eta oskol bigunago batekin ateratzen dira, epe labur samarrean gogortzen dena. Gogortu aurretik animaliak bere burua hanpatzen du, oskol berriak tamaina aski handia izan dezan; pausu hau behar bezala egiten ez badu eta oskol berria aski handia ez bada, ez du hazteko lekurik izango eta baliteke heldutasun sexualera ezin iritsi izatea. Oskol berria gogortu artean ahultasun egoeran aurkitzen dira, harraparien erasoen aurrean babesgabe.
Zenbait krustazeok ugalketarako baliatzen dute ekdisia.[5]
Exoeskeleto artifizialak
Gizakiak antzinatik erabili izan ditu armadurak exoeskeleto artifizial bezala, babeserako, batez ere jarduera militarrean.
Ortesia medikuntzan erabiltzen den exoeskeleto zati bat da, hanketan, besoetan edo soinean jartzen dena, ibilera eta mugimendua hobetu edo zuzentzeko asmoz.
Gaur egun exoeskeleto mekanikoak edo robotikoak ere badira, nahiz eta prototipoak diren oraindik. Batez ere medikuntzan eta industrian dute aplikazioa, eta mugimendua errazteko eta pisu astunak jasotzen laguntzeko balio dezakete.[6]