Euskara Pirinioetan, euskal hizkuntzak Pirinoetako mendi-lerroan eta hurbileko lurraldetan utzitako aztarnen multzoa da, toponimian, egungo bertako hizkeran eta pertsona historikoen izenetan, bai eta denboran atzera eginez, Antzinaroko inskripzioetan edo erromatar iturri klasikoetan jaso ziren hiri, herri eta leinuen izenetan.
Euskararen hedadura askoz zabalagoa zen historian atzerantz joan ahala eta Pirinioak hedadura horren ardatza izan dira. Hala ere, noiz, non eta noraino zehazki erakustea ez da gauza erraza. Aragoin, Lleidan eta Andorran, adibidez, euskal toponimoak daude.
Askok ezin dira erraz azaldu gaurko euskara erabiliz, baina esan daiteke gehienak itxuraz argi eta garbi euskal jatorrikoak direla. Halaber, izen batzuetan, zalantzak egon daitezke jatorria alderantzikatzean. Helburua da, beraz, begirada batean Pirinioetako euskal toponimoen sarritasuna eta kokapena erakustea[1].
Guneak
Toponimo euskaldunen nabarmen pilatzen dira Aragoiko Cinco Villas eta Jazetania eskualdeetan, Nafarroako ekialdetik hurbil daudenak. Horretaz gain, Oska hiritik hurbil badira batzuk ere. Azken horretan ezaguna da euskaraz hitz egitea galarazi zela XIV. mendean (1349), lege agindu honetan:
[…] nuyl corredor non sia usado que faga mercaderia ninguna que conpre nin venda entre ningunas personas favlando en algaravia, ni en abraych ni en basquenç, et qui lo fara, pague por coto XXX solidos.
Are gehiago, badirudi toponimoak bereziki naroak direla Sobrarbe Aragoiko eskualdean (Ribargorza-n edo Gállego- Garaian baino ageriagoak) eta harrigarriro, Pallars Sobirà Lleidako eskualdean. Izan ere, Joan Coromines hizkuntzalari katalanak datu hori nabarmendu zuen eta proposatu zuen euskal hiztunek eremu horretan mendebalderago baino luzaroago iraun zutela (Behe Erdi Arora arte). Corominesen tesi nagusietako bat, Pirinioetako «uharte linguistiko» euskaldun baten biziraupena defendatzen duena, Erdi Aroa oso aurreratu arte, Val d 'Aran, Alta Ribagorça eta Pallars Sobirà, grosso modo, koka genezakeena.[2]
Txilardegiren esanetan, Corominasen obrak euskararen geografia historikoa birplanteatzera garamatza. Euskal presentzia nabarmena dago Erdialdeko Pirinioetan (baita Ekialdean ere, Col de la Percheraino (La Cabanassa herrian). Nafarroako Ebroko beheko lurraldeek ofizialki katalanak ziren beste gune menditsu batzuek baino askoz lehenago galdu zuten hizkuntza; Pallarseko Pirinioak Nafarroa eta Lleida artean zegoen Sobrarbe bera baino askoz beranduago arte izan ziren euskaldunak. Dirudienez, Aran eta Cerdanya ere euskaldunak izan ziren aurreko mendetan. Ekialdean iberiar hizkerek markatzen zuten muga, eta Corominesek ez zituen inoiz euskalduntzat hartu, nahiz eta kontaktu luzearen ondorioz, bat etor zitezkeen hitz batzuetan.
Corominesek izenak ematen zizkien «oraingoz» gaizki ezagutzen diren euskalki piriniar horiei: «vasco-ribagorzano», «vasco-pallarés», etab. Eta zehaztu zuen, adibidez, Pallareseko «euskalkiaren» lexikoa % 50 inguru erdaldunduta zegoela (Est. Top. Kat., I, 121).[2]
Prinioetan aurkitzen diren euskal toponimoak
Atzizkien kontua dela eta, hiru (eta euren eratorriak) azpimarratzen ditu Asier Gabnikagojeazkoak:
*-ose > -ués / -uey / -ué / -uy / -ós Baskonia osoan zehar hedatuta, batez ere ugaria Nafarroa (-ués, -oz, -otz, -oze, -otze), Ipar Euskal Herrian (-oz, -oze, -otz) eta Gaskonian (-ós, -òs, -osse, -òssa).
*-ese > -iés Aurrekoarekin oso antzekoa, baina baliteke gaurko euskal -za atzizkiarekin lotuta egotea.
*-doni > -dun / -dú / -tui / -uy (EH -dun, -doi, -dui, -di) Horietako batzuk agertu zaizkigu (Berdún, Gordún, Salardú) eta hizkuntzalari batzuen ustetan -dunum keltiarretik eratorri dira, baina euskal eremuan kokatuta daudenez beste azalpen bat ere eduki lezakete. Joseba Abaitua hizkuntzalariak, ordea, atzizki hori muinoa edo gotorlekua esan nahi duen "-dun" hitz zeltarekin lotzen du[1][3].
(Gaztelaniaz)Lacasta Estaun, Gartzen. (1994). «El euskera en el alto Aragón»Cuadernos de Sección. Hizkuntza eta Literatura (Donostia: Eusko Ikaskuntza) 12: 141-278. ISSN0212-3223..