Iturri zaharrenetan gordetakoak, askotan era honetakoak dira. Adibidez, 1053ko Barriako Monasterioaren (Etxebarriako San Agustin, Elorrion) emate-dokumentua kontutan hartu ezkero, bertan agertzen diren pertsona izenak beste izen patronimiko (aitaren izena) edo eramailea jaio den lekua aipatzen duen abizen batez jarraituak direla ikus ahal izango dugu: Eneco Lupiç de Laçkanu (Eneko Lopez Lazkaokoa, hau da, Eneko Loperen semea eta Lazkao herrikoa) eta honela beste hainbat, Gomiç Fortuniç de Formaiçtegi, Nunuso Narriateç de Lohinaç, Açenari Momeç de Açubarro, Sancio Telluç de Olhabeeçahar, etb. Gutxi izango dira izen patronimikoa bakarrik daramatenak: Senior Lupe Ahoçtarriç, Urrana Uitacoç, etab.; eta bakarra patronimiko gabea: Nunuto Miotaco, euskarazko "-ko" atzizkiarekin, hau da: Miotako Nunuto. Baina euskal abizen mota ezberdinen jatorriaren ezagupen ona izatekotan, herrikoiagoak diren agirien ikuspena baino hoberik ez da. Irantzuko Monasterioaren Rubro Liburua edo kontuen liburuan garaiko euskal izen sail bat agertzen dira, gehienak XIII. mendean idatziak eta Jose Maria Lakarra Jaunak argitaratuak.[2]
Zerrenda honetan honakoa aurki dezakegu:
1) Esandako agirian jatorria -herria edo etxea- aipatzen duten abizenak eta ezbairik gabe gerora datozen euskal abizenen gehiengoa osatzen dutenak: Pero de Aytzpuyn, Lop de Lauayria, Sancha de Larraiyça, Martin de Muru, etb. Hauen aldamenean gaur egun arte kontserbatu ez diren izendapenen multzo handi bat, lehen aipatutako Nunuto Miotaco bezala, euskal "-ko" ("-co") atzizkia daramatenak: Miquele y Domenga Bassoco "Basoko", Orti y Sancha Bassauilco, Miguel Baraçeco "Baratzeko", Sancha Bicuetaco "Pikuetako", Garcia Etayuco "Etaiuko", Pedro laurico, beharbada "Jauregiko", Pero Iturrietaco "Iturrietako", Toda Larrayneguico "Larrainegiko", Dota Munoco "Dota Muinoko", Maria Sarrico "Sarriko", Garcia y Pero Urrutico "Urrutiko", Maria Çubico e Peydro de la Puent su marido ("Zubiko"), Lope Echasco el jouen et Lope Chasco el maor ("Txasko").
2) Patronimikoak, bakarrik edo beste abizen batez lagunduak: Toda Açariz quel dezian ardan buru, Semen Barbaz (Barbatain, izen toponomikoa: latineraz. Barbatus; genitiboa, Barbati), Garcia Carloyz, Orti Enecoyz, Lope Erascoyz, Uenega Martiniz, Pero Ochandyz, Maria Ortiz, Sancho Sanoyz, Lope Seiñez (beharbada euskarazko sei(n)"haur", (jadanik antzinako akitaniar inskripzioetan aipatua), etab.; Pero Arceyz de Vidaurre, Gonçaluo Garçeiz de Odiaga, Ochoa Marcuiz de Ylardia, Remir Mochorroyz de Auarçuça, etb.
3) Ezizen edo gaitzizen moduko artikuludun adjetiboak: Lope Andia "Handia", Domenca Begui urdina "Begi urdinetakoa", Martin Belça "Beltza", Toda Çuria de Ayllo "Alloko Toda Zuria", Domingo Chipia "Txikia", Sancha Ederra "Ederra", Garcia Ezquerra "Ezkerra", Lope Gutia "Gutxi", Domingo Landerra "Landerra=Atzerritarra, garaiko eta tokiko euskaraz", Domingo Latça "Latza, pertsona zakarra", Sancho Leuna "Leuna, pertsona leuna", Orti y Sancho Ona "Ona", Pedro Sendoa "Sendoa" (1107an Nafarroan dagoeneko Urraca Sendoa bat ere bazen).
4) Mota esberdinetako artikuludun izen edo sustantiboak, ezizen edo eramalearen izatea deskribatzen dutenak: Pero Buztayna (vuztayñaLanduchio "Buztana"), Domingo Echayuna (gaur egungo euskara Etxajauna "Etxearen Jauna" edo hobe esçajauna (Landuchio) "iratxo", atsotitz eta esaera zaharretan "etsajaun" "iratxoa" baita), Domingo Erlea "Erlea", Gra (Gracia?) Sauela "literalki Sabela". Horien artean abere izen bat ere aurki genezake, garai haietan bataio-izen bezala erabilia: Sancho Ochoa, gaur egungo euskaraz "Otsoa".
Etxe izenak, oikonimoak
Oikonimoa da, onomastikan, etxearen izena, eta euskal abizen moderno asko funtsean hori direla esan dezakegu.[3] Bi multzotan banatuta:
Jaiotetxea deskribatzen dutenak. Sarritan jaiotetxearen kokapen lekua edo eraikinaren erabilera deskribatzen dute.
Jaiotetxearen lehendabiziko jabea. Sarritan gizon baten izena izan ohi da (noizbait emakumearena).
Bi mota hauetako abizenek izen, adjektibo, eta atzizki edo amaierako elementuak erabiltzen dituzte: adibidez, -a , -ko, -ren edo -enea.
Jarraieko euskal abizenen adibide hauek jaiotetxearen lekuen deskribapena egiten dute.
Abizena
Osaketa
Esanahia
Antsorena
Antso "Antso" + rena "-rena atzizkia"
Antsorena edo Antsoren etxea
Arrigorriagakoa
arri "harri" + gorri "gorri" + aga "leku atzizkia"
Harri gorrien lekua
Aroztegi
arotz "harotz" + -tegi "etxe, lantegi"
Haroztegi, harotzaren lantegi edo etxea
Bidarte
bide "bide" + arte "arte"
Bide arteko lekua
Bolibar
bolu "bolu, errota" + ibar "ibar"
Boluaren ibarra edo errotaren ibarra
Elizondo
eliza "eliza" + ondo "ondo"
Elizaren ondoko lekua
Errandonea
Errando "Errando (Fernando)" + nea "-renea edo -rena atzizkia"
Errandorena edo Errandoren etxea
Etxandi
etxe "etxe" + andi "handi"
Etxe handia
Etxarte
etxe "etxe" + arte "arte"
Etxe artean dagoen etxea
Etxeberri
etxe "etxe" + berri "berri"
Etxe berria
Goikoetxe
goi "goi" + ko "ko" atzizkia + etxe "etxe"
Goiko etxe, goiko aldean dagoen etxea
Ibaiguren
ibai "ibai" + guren "bazter"
Ibai guren, ibaiaren bazterreko lekua
Loiola
loi "lohi" + -ola "leku"
Lohi lekua
Mendiluze
mendi "mendi" + luze "luze"
Mendi luzea
Mikelena
Mikel "Mikel" + ena "-rena atzizkia"
Mikelena edo Mikelen etxea
Mitxelena
Mitxel "Mitxel (Michel)" + ena "-rena atzizkia"
Mitxelena edo Mitxelen etxea
Urberoaga
ur "ur" + bero "bero" + -aga "leku atzizkia"
Ur beroa dagoen lekua
Zabala
zabal "zabal"
Zabala
Zubiaur
zubi "zubi" + aur "aurre"
Zubiaren aurreko lekua
Zubiondo
zubi "zubi" + ondo "ondo"
Zubiaren ondoko lekua
Toponimoak oro har
Etxe-izenetatik haratago, abizen askok jatorria adierazten dute toponimo zabalagoekin: Euskal Herriko herri, auzune edo kontzejuen toponimian, askok dute parekide bat euskal abizenetan. Nafarroan bereziki da ohikoa joera hau, bai Nafarroa Garaian[4] eta Nafarroa Behereko herri izenekin ere[5].
Grafia
Erdi Aroan, euskal abizenak nagusiki auzoko hizkuntzetako grafiez, latinez, gaskoiz, gaztelaniaz eta frantsesez, idatzi ohi ziren, euskarazko grafia finkatu gabe zegoelako eta auzoko grafien ereduei jarraikitzeko ohitura zegoelako. Askotan grafia horiek beren euskarazko jatorrizko ahoskera gaizki transkribatzen zuten. Ohitura egon da, baita, erdaretako aurrizkiak gehitzeko, esaterako De Elcano, Dourte edo erdaren eraginez ziur aski euskaraz ahoskatuko ziren soinuak idatzi ez islatzeko: Echarte, Etchart.
XX. mendean, euskara batuaren normalizazioarekin, euskal deiturak beren jatorrizko euskarazko ahoskeraz idazten hasi ziren. eta letra batzuk erabiltzeari utzi zitzaion: Yraçaval > Irazabal, Etcheverry > Etxeberri...[6]