Euskal Kulturaren Batzarreak (EKB) euskalgintzako erakundeak koordinatu eta biltzeko gune izatea eta euskararentzat plangintza orokorrak bultzatzea helburu nagusitzat hartuta, 1983an sortutako taldea izan zen.
EKBren Batzorde Iraunkorrak, 1999ko otsailean, Batzarrea desegitea erabaki zuen. Batzorde horren txostenaren arabera, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua ari zen harrezkero funtzio horiek betetzen. Horrez gainera, EKBk desegitea erabaki zuenean, Kontseiluan zeuden jada EKBko kide ia guztiak.
Aipatutako bi zeregin nagusi horiez gainera, gizartean eragitea ere nahi izan du EKBk bere historian zehar. Alegia, administrazio publikoa eta erakunde sozial eta politikoak euskararen aldeko urratsak egitera bultzatzea. Eragile-funtzio hori beste elkarteren batek egin beharko duela zioen Batzorde Iraunkorraren txostenak, eta Euskal Herrian Euskaraz horretarako prest azaldu zen.
EKBk dokumentazio-zentroa ere bazuen, eta hasieran Euskaldunon Egunkaria azaldu zen horren ardura hartzeko prest. EKBren herentziaren beste atal garrantzitsua Bat soziolinguistika-aldizkaria zen. EKB desagertu arren, aldizkaria ez zen bertan behera gelditu, eta SEI Euskal Soziolinguistika Institutua elkarteak hartu zuen bere gain aldizkariaren etapa berriaren kudeaketa. Izan ere, 1999an ale monografiko bat argitaratu zuen Bat aldizkariak, hogeita hamaikagarrena, EKBren eta euskalgintzaren inguruko higikundeen ibilbidea biltzen zuena.
Euskarazko lehen posta zerrenda
EKBk EuskaraZ posta zerrenda sortu zuen 1996an, Eusnet elkartearen zerbitzuei esker. Ondoren, EKB desegin zenean, 1999ko ekainetik 2001eko abendura arte UEUk hartu zuen zerrendaren ardura.[1] Zerrenda moderatu gabea zen, eta UEUk kudeatu zuen bitartean 600 kide biltzera ailegatu zen eta 3.250 mezu azaldu ziren.[2] 2001ean, UEUk zerrenda kudeatzeari utzi zion eta pertsona partikular batzuen eskuetan geratu zen ardura. Hala ere, pixkanaka, jardunak erritmoa galdu zuen eta itxi egin zen zerrenda, isiltasun-fase baten ondoren.
Euskarazko lehen posta zerrenda izan zen EuskaraZ. Hiru urte lehenago, 1993ko abenduan, Basque-L zerrenda sortu zuten New York-eko unibertsitate batean, Euskal Herriari buruzkoa zen baina ez zen euskarazko posta zerrenda, ingelesezkoa baizik.[3]
Erreferentziak
Kanpo estekak
- ↑ «UEUko udako ikastaroen baitan EuskaraZ posta zerrenda aurkeztu (...)» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-09-16).
- ↑ Eskuinabarra. (2021-09-14). «Irailak 11 dorre bikien suntsiketen aitzakiarekin, duela 20 urte, EuskaraZ posta zerrenda (600 euskaldun munduan) itxi egin zuten • ZUZEU» ZUZEU (Noiz kontsultatua: 2024-09-16).
- ↑ (Ingelesez) Arantzabal, J.. (2009-06-04). «Internet elkarrizketa da (J. Aranzabal)» SlideShare (Noiz kontsultatua: 2024-09-16).