Etxepare Euskal Institutua Eusko Jaurlaritzak sortutako erakunde publikoa
da[1]. Bernat Etxepareri, Linguae VasconumPrimitiae (1545), euskaraz idatzitako lehen liburuaren egileari, zor dio
izena Institutuak. Euskaraz inoiz izkiriatutako lehen liburu hartan jasoa dago Etxepare Euskal Institutua definitzen duen esaldi ospetsua: “Heuscara / Ialgi hadi mundura”. Gaur egun, slogan hori berritu egin du institutuak: “Euskara. Kultura. Mundura”.
Bere xedea da nazioartean euskara eta euskal kultura eta sorkuntza sustatu eta ezagutzera ematea, eta hauen bidez, beste herrialde eta kulturekin harreman iraunkorrak eraikitzea. Horretarako kalitatezko jarduera artistikoak sustatu, eta sortzaile, artista eta kultur eta sektoreetako profesionalen mugikortasuna bultzatzen du, baita euskara eta euskal kulturaren irakaskuntza ere.
Euskal hizkuntza eta kulturaren enbaxadorea da Etxepare Euskal Institutua, eta kanpoan euskal sortzaileen berri izan dezaten lan egiten du, bai eta literatura, antzerkia, dantza, zinea, musika, artea bere hainbat adierazpenetan eta euskara hedatzeko ere.
Halaber, 'nazioarteko eragileekin elkarlana sustatzen du eremu kultural eta akademikoan. Horretan guztian estuki lan egiten du Euskadiren kanpo ordezkaritzekin.
Institutuak 2010eko urriaren 29an ireki zituen bere ateak Donostiako Prim kaleko bulegoetan. 2015eko irailean Etxepare Euskal Institutua erakundearen behin betiko egoitzara joan zen, Donostiako Tabakalera eraikinean.
Irene Larraza da Institutuko Zuzendari Orokorra (Aizpea Goenagari eta Miren Arzalluzi erreleboa hartu die); Garbiñe Iztueta Euskara Sustatu eta Hedatzeko Zuzendaria, eta Imanol Otaegi Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko Zuzendaria[2][3].
Erakunde hau Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak bultzatzen du. Eusko Legebiltzarrak2007koapirilaren 20an onartu zuen 3/2007 Etxepare Euskal Institutua sortze eta arautzeko Legeak eratu zuen Etxepare Euskal Institutua[4].
Helburuak
Etxepare Euskal Institutua euskal kulturaren adierazpen esanguratsuenak munduratzea helburu duen erakundea da. Bere xede nagusiak dira:
Euskarak nazioartean onespena lor dezan bultzatu eta sustatzea.
Euskararen irakaskuntza,ikasketa eta erabilera mundu osoan sustatzea.
Euskal kulturari buruzko ikerketa sustatzea, bereziki unibertsitate eta goi-mailako ikerketarako erakundeetan.
Euskal kulturarekiko jakin-mina piztea
Euskal Herrian sortutako kultur egitasmoak nazioartean sustatzea: haien hedapena lagunduko duten behar adina neurri eta ekintza bultzatzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta bermatuz.
Euskal sortzaile, eragile eta ekoizleekin batera lan egitea. Haien beharren araberako aukera berriak eskaintzea, nazioarteko erakunde eta kultur sustatzaileengana iristeko bidea zabalduz: egileak aktiboa dira; Institutua, zubia.
Euskararen zabalkundea
Euskara zabaltzeko lanean, Etxepare Euskal Institutuak, beste hizkuntza eta komunitate batzuekin elkarguneak sortzeari bide ematen dio, eta nazioartean ezagutza eta ikerketara bideratutako programak jarri ditu martxan. Norabide horretan kokatzen dira mundu osoko unibertsitatetako euskara eta euskal kulturako irakurle programak,ikastaro hauetako ikasleei eskainitako bekak, euskal ikasketen katedrak eta irakasleen prestakuntzara bideratutako ikastaroak, besteak beste.
Guztira 36 irakurletza ditu Institutuak mundu osoan zehar zabalduak, eta baita bederatzi katedra ere:
Horrez gain, nazioartean egiten diren lehen mailako hizkuntza foroetan parte hartzen du bai eta hizkuntzarekin lotutako beste ekitaldi batzuetan ere, euskara eta bere errealitatea atzerriko instituzio publikoei eta herritarrei ezagutarazteko[6].
Itzulpenak sustatzea da, bestalde, Institutuaren lan lerro nagusietako bat. Xede horrekin, euskal literatura lanak atzerriko hizkuntzetara itzul daitezen diru-laguntzak eskaintzen ditu urtero, baita itzulpen onenari ematen zaion Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpengintza Saria kudeatu ere.
Ildo horri jarraituz, halaber, euskal kulturari eta literatura sorkuntzari buruzko dibulgaziozko lan hirueledunak ditu kalean eta sarean[7]. Hitza, euskara bera dute sorkuntzarako langai eta bertan biltzen dira, Institutuaren sustapen eta hedapen xede diren bi alorrak: euskara eta sorkuntza artistikoa.
Euskal Kulturaren zabalkundea
Etxepare Euskal Institutuan ere, protagonismoa sortzaileek dute. Institutua, Euskal Herrian egiten den lana munduan erakusteko bitartekoa da, ahots ezberdinak helburu baten inguruan bilduz. Xede horri erantzuteko, euskal sortzaileekin eta kultur industriekin harreman estua du, haien kanporatze lanak modu egokienean sustatzeko eta beharrezko dituzten zubi lanak egiteko.
Institutua lehen mailako eta alor ezberdinetako nazioarteko azoketara bertaratu ohi da –hizkuntza, liburu, ikus-entzunezkoak, musika, antzerkia, dantza…- eta euskal produkzio eta sorkuntza ezagutzera
ematea helburutzat hartuta, hitzorduak antolatzen ditu, eragileen arteko harremanak bultzatu eta gure kultura ezagutarazteko ekitaldiak antolatu.
Sustapen eta hedapenean lagungarri diren argitalpenak ere ateratzen ditu Etxeparek: gure kulturari eta literatura sorkuntzari buruzko dibulgaziozko lan hirueledunak, eta kultur sorkuntzan ari diren esparru ezberdinetako katalogoak, sortzaile eta eragileekin lankidetzan.
Izan ere, Etxepare Euskal Institutuaren ardatzerako bat elkarlana da. Programa eta ekimen zehatzak abiatzeko, hitzarmenak bultzatzen ditu etengabe, erakunde eta entitate ezberdinekin. Hari hori jarraituz, produkzio eta koprodukzio ezberdinak jartzen ditu martxan munduko kultur gune estrategikoetan, hemen ere bertako erakundeekin bat eginda. Eta hainbat jaialdiekin ere lankidetzan aritzen da, euskal kulturari leku berezia eskaini diezaioten; esaterako, Ameriketako eta Europako zinemaldi ezberdinetan sortu den Basque Window atala edo musika eta antzerki jaialditan Euskadi herrialde gonbidatua izendatzea.
Diru-laguntzak kudeatzen ditu, bestalde; euskara eta euskal kultura kanpoan sustatzeko laguntzak –musika, arte eszenikoak, literatura, arte plastiko eta ikusizkoak modalitateetan-, azoka profesionaletan parte-hartzeko laguntzak, literatura-itzulpengintzako laguntzak eta euskal egileei eskaintzen zaizkien bidaia-poltsak.
Etxepare Euskal Institutuak bere egitekoa joan-etorriko bidaiatzat hartzen du, ordea. Hori dela eta, bere jarduera ez da mugatzen euskal uzta ezagutaraztera. Hartu-eman kulturalak bi noranzkoak izatea nahi du eta horrenbestez, beste kultura batzuekin harremanak sustatzen ditu. Ildo horri eutsiz, erresidentzia programak sortu ditu, munduko eragile ezberdinekin bat eginda, arlo guztietako euskal artisten prestakuntza eta nazioarteko bihurtzea sendotzeko asmoz.
Ikus, gainera
British Council Bere helburua ingeles hizkuntza eta britainiar kultura hezkuntza, ekitaldi eta jardueren bidez ezagutarazi eta hedatzea da.
Alliance Française Bere zeregin nagusia frantsesa bigarren hizkuntza bezala irakastea da.
Goethe Institutua herrialde germaniarretik kanpo alemaniera eta kultura alemaniarra sustatzeko helburua duen erakundea.
Cervantes Institutua gaztelaniaz kanpoko herrietan gaztelaniaren irakaskuntza bultzatu, diplomak lortzeko frogak antolatu eta atzerriko irakaskuntza- eta ikerketa-erakundeekin hitzarmenak eta protokoloak egiten ditu.