Esther Vaquero Hernández (Salamanca, Gaztela eta Leon, 1982ko otsailaren 7a) salamancar kazetaria eta aurkezlea da.[1]
Biografia
Kazetaritzan lizentziatu zen Salamancako Unibertsitate Pontifizioan 2005ean. Bere karrera batez ere irratian (SER katea) eta telebistan (Antena 3, Telecinco, Cuatro, TVE, BBC London eta La Sexta) garatu da, nahiz eta bere unibertsitateko urteetan praktikak egin zituen Salamnakako bi egunkaritan: El Adelanto de Salamanca – desagertua – , La Gaceta de Salamanca eta Madrilen, Telecincoko informatiboetako erredakzioan.
Kazetari ibilbidea
Vaquerok ibilbide zabala du telebistan: albistegietan, ikerketa-saioetan, unekotasun eta entretenimenduko magazinetan lan egin du.
Lizentziatu eta berehala, SER katean (La Ventana) idatzi zuen, eta urte horretan bertan, 2005ean, Noche Hache (Globomediaren ekoizpena Cuatrorako) saioko taldean sartu zen. Unekotasuna eta umorea late night formatuan konbinatzen zituen saioak, eta taldeak Ondas sari bat irabazi zuen 2007an.
2008an, La Sexta Noticias taldeko kide egin zen, eta 2009. urtera arte iraun zuen, Londresera joan baitzen, BBC telebista-kate ingeles entzutetsuan aritzeko Han, BBC Londonen, besteak beste, hainbat albiste eman zituen: Londresko bertako albistegiak, Obamatarren bisita, A gripearen osasun-krisia edo Errege Familiaren gertaerak.
Erreportaria ere izan da TVEn eta Concha García Campoyren Las Mañanas de Cuatro saioan. 2010etik Antena 3en lan egiten hasi zen. 2010etik 2012ra bitartean, Espejo público eta Antena 3 Noticias saioetan unekotasun- eta ikerketa-taldeko kidea izan zen.
2012ko irailean, goizeko albistegiaren aurkezpena eman zuen María José Sáez Carrascorekin batera.
2014. urteko Gabonetan, Susanna Grisoren ordez Espejo público aurkezten hasi zen, kritika eta audientzien emaitza onekin, eta 2018ra arte Antena 3 Noticias saioaren buru izan zen lanarekin bateratu zuen.[2] Espejo público aurkeztu zuen berriro Aste Santuan, 2015eko udan eta Gabonetan, goizero TVE gaindituz eta Telecincoren lidergoa lortzeko borrokatuz. Gero eta presentzia handiagoa izan zuen saioan 2016ko uztailera arte, orduan alde egin baitzuen haurdunaldiaren azken txanparen ondorioz.[3]
2015eko abenduaren 7an, Ana Pastor eta Vicente Vallésekin batera, Pedro Sánchez, Albert Rivera, Pablo Iglesias eta Soraya Sáenz de Santamariaren arteko Debate decisivo aurkeztu zuen, abenduaren 20ko hauteskunde orokorretarako. Atresmediak ekoitzi zuen programa, eta 2015erako ikusiena izan zen: %48tik gorako audientzia izan zuen, eta 9 milioi ikusle baino gehiago bildu zituen pantailaren aurrean.
Kataluniako Parlamenturako Hauteskundeei edo 2016ko Aste Santuko Bruselako Atentatuei buruzko saio berezien buru ere jarri da.[4][5][6]
Lehen amatasunagatiko bajaren ondoren, albistegietara itzuli zen 2017. urteko urtarrilaren 2an, ordukoan Antena 3 Noticias 1era, Ángel Carreirarekin batera, Eguberrietan.
2017. urteko otsailaren 6an Las noticias de la mañana saiora itzuli zen María José Sáezekin batera, amatasun baja izan ondoren. 2017. urteko uztaileko lehen bi asteetan goizeko albistegia aurkeztu zuen bakarrik, 6:15etik 8:55era, audientzia-erregistro nabarmenekin.
2017. urteko abuztuan, Espejo público saioaren ardura hartu zuen berriro, Susanna Grisoren ordez (Sandra Golpek gauza bera egin baitzuen uztailaren azken bi asteetan), eta, hala, informazio-magazina berriz aurkeztu zuen urtebete igaro ondoren.
2017ko irailaren 4tik aurrera, eta Antena 3 kateko albistegien denboraldi berriarekin batera, Las noticias de la mañana utzi eta 21:00etako albistegia, Antena 3 Noticias 2, aurkeztu zuen Vicente Vallésekin batera.
2017-2018ko Gabonetan, berriro aurkeztu zuen Espejo público, Susanna Grisoren ordez.
2018ko otsailean, Antena 3 Noticiasek berak aurkeztuko zuen Nos Importa saioaren berri eman zuen. Antena 3en ekimen horretan gizarte-testuinguruan garrantzi berezia zuten gaiak lantzen ziren. Arazo horiek konplexutasun osoan azaldu behar ziren, modu hurbil eta ulergarrian, eta kasu bakoitzean ikusleei islatzeko aukera emateko. Hala, Nos importa saioan jorratutako gai bakoitzerako kanpaina bat egin zen, edukiak telebistan, irratian, webgunean eta Atresmedia-ren sareetan biltzen zituena. Nos importa kanpaina bakoitza programazio-ekitaldi batekin amaitzen zen Antena 3en prime timean: film edo dokumental baten emanaldia eta Antena 3en taldearen eztabaida, Esther Vaquerok moderatzaile zela.
Azkenik, 2018ko martxoaren 16an estreinatu zen saio berria, eta urte horretako urriaren 17an amaitu zen lehen denboraldia.
2018ko otsailean, eztabaida berezia aurkeztu zuen Antena 3en late night-ean, Fariña liburua argitaratzean gertatutakoa zela eta.
2018ko maiatzaren 19an Henry printzearen eta Meghan Markleren arteko ezkontza zela eta, saio berezia aurkeztu zuen Hola aldizkariaren webgunean.
2019ko apirilaren 23an, Antena 3eko El Debate Decisivo saioaren aurrekoa eta ondorengoa aurkezteaz arduratu zen.
2019ko apirilaren 28an, Hauteskunde Gau Berezia aurkeztu zuen, Antena 3en. Vaquero arduratu zen azken ordua Ciudadanos taldearen egoitzatik bidaltzeaz.
Bigarren alaba erditzeko hilabete batzuk falta zirela, Vaquero Antena 3 Noticiasera itzuli zen 2020ko apirilean, konfinamendu betean, koronabirusari buruzko hainbat saio berezi aurkezteko. Ohiko papera izateaz gain, Antena 3 Noticias 2 21:00etan aurkeztu zuen, Vicente Vallésekin. Albistegia liderra zen ikus-entzuleen zerrendan 2020ko abuztutik aurrera, hilabete horretan Esther Vaquerok bakarrik aurkezten zuenean.
Sariak, izendapenak eta goraipamenak
- Ondas saria
- 2007an, entretenimendu-saio onena.
- Iris saria
- 2014. urtean, unekotasuneko magazinerik onena.
- Voz Própolis Sari Nagusia
- 2015. urtean, emakumezkoen ahotsik onena telebistan.
- Pregoia
- 2015eko irailean, Salamancako feria eta jaietan.
- Zilarrezko antenak
- 2016ko ekainean, Zilarrezko Antena jaso zuen telebista kategorian.
Erreferentziak
Kanpo estekak