"Eskutari"Oskarbi taldeak 1972ean plazaratutako diskoa da, taldearen hirugarrena.[1][2]
Eskutari diskoa grabatzeko unean aldakortasun handia izan zen taldeko kideetan: batetik Joxe Luix Treku soldaduskan zegoen grabazioaren hasieran, bestetik Iñaki Maritxalar horretara joan behar izan zen grabazioaren erdian, Mari Jose Fernandezek taldea utzi zuen grabazioaren azken aldera, Antton Valverdek parte hartu zuen musika-laguntzetan eta zenbait kantutan, eta azkenik Bakartxo Maritxalarrek Kezka abestian kantatu zuen.[3]
Diskoaren izena da kantu honen izenburua, Fernando Artola Bordarirenak dira, poeta hondarribitarra eta Txomin Artola musikariaren aita. Musikaren lehenengo bertsio bat Luis Romerok egin zuen, eta gero, beti bezala, talde-lanean osatu zuten denen artean. Esanahia oso Oteizarra da, Oskarbik bere egin zuen nolabait: Eskuan haria hartu / hartu eskuan hari / leheiz zulotik bordara / bordatik baserrira / handik jauretxera / arbasoen haria galtzeko eskutari eskutari.
2004ean berriro grabatu zuten Eskutari liburu-disko batean. Bertsio berria orekatuagoa izan zen ahotsen aldetik.
Bitoriano Gandiagak bereziki Oskarbiri eginiko hitzak. Gogor mintzo da Gandiaga euskaldunon zabarkeriaz. Beti euskararen alde baina gero ez, euskaltasuna bai baina gero ez. Doinua Luis Romerorena da eta gero talde-laneko ahotsak.
Azken kontzertuetan berriro kantatzen zuten Bai bai baina gero ez, mikrorik gabe, soilik, jendeari aurrez begiratuta. Protesta kantua da, guri, euskaldunoi zuzendutako mezua.
Jorge OteizakAndrokanto poema luzea 1954an egin zuen, bere apostoluak egiteko debekua jaso zuenean. Arantzazuko lana ez zuten ondo ikusten orduko elizako agintariek eta amorru handiz idatzi zuen Oteizak bere Androkanto. 1969an Oskarbi taldekoek Oteiza bisitatu zuten Arantzazun, apostoluena behingoz egiten ari zenean. Handik denbora batera Luis Romerok Oskarbiren Androkanto egin zuen.
Oskarbiren kanturik ezagunena eta zabalduenetakoa da Androkanto, zenbait abesbatza eta taldek kantatu izan dutena. Urteak pasata, Oskarbiren aro berrian berriro grabatu zuten kantu hau Oteizari eginiko lanean.
«
ANDROKANTO
Entzun nahi duenentzat hamalau
Gorkaren irudiak salatzen
Hamalau atetikan karrasi
Hamalau harri ixil-ixil bilutsik
Harriaren hutsetik oihuka
Harriaren tartetik kantari
Nora zoazte gogorrak
Oharrak aditu gabe?
[...]
Hartu behar det zintzela
Kanta zaharren baimena
Noiz arte ez dakiat
Hau nere herri maitea
Hau nere herri torpea
Gaur ez da igandea
Ezta ere osteguna
Udaberri atsaldean
Noiz arte, noiz arte
Noiz arte lo zorroan
Noiz arte iji-ajan
Nortasuna galduta?
Ez degu behin ikasten
Arima malda beheran
Arima behin galduta
Nor gera euskaldunak?
Gipuzkoako bertso hauek bi emakumeen arteko elkarrizketak dira. Itziar Maritxalarrek eta Maite Aizkorretak kantatzen dute eta bukaeran korua ere sartzen da.
Nafarroako Malerrekako kanta ezaguna. Mikel Laboak grabatu zuen lehenago. Oskarbiren bertsioak baditu gutxienez hiru aldaketa: gizona eta emakumearen arteko elkarrizketa bereizten dira, trailarai koda gehitzen zioten eta erritmo azkarragoan kantatzen dute.