Gaur egun oraindik ez da aurkitu zergatik garatzen den endometriosia.[1] Dena den, ikerkuntza asko plazaratu ondoren ikertzaileek zenbait teoria formulatu dituzte gaixotasun honen oinarriari buruz
Teoria horietatik garrantzitsuena, edo behintzat arrakastatsuena osasungintzan, izaten da fluxu erretrogadoaren teoria. [2]Teoria honen arabera, ehun endometriala umetokitik desplazatu egiten da Falopioren tronpen bidez obulutegira, han itsatsita geratzen da eta hileroko bakoitzean hau hazi eta ezkatatu egingo da, hileko mingarri eta luzeagoak sorraziz. Gainera, ehun endometriala ez da bakarrik obulutegira desplazatuko baizik eta peritoneora ere, han endometrioa zelulaepitelialez inguratuko da endometrioa izeneko kisteak osatuz.
Beste aldetik, ikertzaileek gaur egun endometriosia eta sistema immunitarioa lotutan dauden aztertu nahi dute.[3] Izan ere, endometriosia garatu den lekuetan zenbait substantziak sintetizatu egiten dira eta hauek beste eremuetan tumoreen garapena areagotzen dute. Horretaz aparte, ikerkuntzak egin ondoren ikusi da endometriosia pairatzen duten emakumeen artean probabilitate handiagoak daudela gaixotasun autoimmuneak izateko. Hau guztia kontutan izanda, sistema immunitarioari eta endometriosiaren buruzko ikerketa zehatzagoa egiten bada endometriosiaren kausa argituko dela pentsatzen da.
Hala ere, beste ikertzaile batzuk hasi dira endometriosia sistema endokrinoaren gaixotasun bezala ikertzen, estrogenoek gaixotasunaren garapena areagotzen dutela eta.
Teoria guzti hauek aldea batera utzita, ikerkuntzak esker gaur egun bai aurkitu dira endometriosiaren arrisku faktoreak behintzat:[3]
Sintomak desberdinak izan daitezke pertsona batetik bestera, izan ere, umetokitik kanpo hazten den ehun endometriala kokatzen den lekuaren arabera sintoma batzuk edo beste batzuk aurkeztuko ditu gaixoak. Maiztasun handiagoz deskribatzen diren sintomak honakoak dira:
Hileko mingarriak (dismenorrea). Pelbiseko mina eta kolikoak lehenago has daitezke eta hilekoan zehar pare bat egunetan jarraitu.[2]
Bizkarraren behe aldean mina izatea ere ohikoa izaten da eta 6 hilabete edo gehiagoko iraupena izatera irits daiteke. Mina gero eta latzagoa bihurtzen da eta hau prostaglandinen ekoizpenari zor zaio, umetokiko uzkurdura gogorren eragileak baitira.[2]
Gehiegizko odoljarioa. Hileko ugari izatea edota hauen artean odoljarioak izatea (“odoljario intermenstruala”).[2]
Ehun endometrialak maila hormonalen aldaketen aurrean erantzuten duenez, sintomek okerrera egiten dute menstruazio garaian, baina haurdunaldi zein menopausian hobetu egiten dira, hormonek ez baitituzte estimulatzen ehun endometrialeko foku horiek.[5]
Bestalde, minaren intentsitateak ez du beti gaixotasunaren hedapena adierazten; izan ere, badago endometriosi arinean min handia sentitzen duenik eta endometriosi aurreratuan ia minik sentitzen ez duenik.
Konplikazioak
Pelbisean apurtu daitezkeen kiste handiak sortzea.
Batzuetan, endometriosiko ehunak hesteetan eta gernu-bideetan obstrukzioak sor ditzake.
Endometriosiak obulutegiak kaltetu baditu, sortzen diren kisteek odola izaten dute eta hauei txokolatezko kisteak deritze, metatutako odolak duen koloreagatik. Hauek tronpetan estenosiak eragin ditzakete.
Hala ere, endometriosiaren konplikazio nagusia ugalkortasunaren narriadura da, hau da, haurdun gelditzeko arazoak izatea. Ez dira oso sarritan ematen, baina emakume batzuetan, endometrio ehuna kokatzen den lekuaren arabera, obulutegietan edo Falopioren tronpetan adibidez, antzutasun eta ugalkortasun eza eragin ditzake. Ugalkortasun eza hainbat faktorek eragin dezakete; besteak beste, obulua eta espermatozoidearen bateratzea eragozten duen abdomeneko hantura batek edota Falopioren tronpen mugimendua traba dezaketen elementuek, obulutegietako atxikidurak edo orbainek esaterako. Bestalde, ugalkortasunean modu ez zuzenean eragin dezake, esperma edo obulua kaltetuz.
Gainera, endometriosia duten emakumeek abortuak izateko arrisku handiagoa dute.
Ikerketa batzuen iritziz, endometriosiak obulutegietako minbizia izateko arriskua areagotzen du, nahiz eta arriskua oso txikia den. Bestalde, oso arraroa den arren, eritasun hau izan duten pertsonek aurrerago beste mota bateko minbizi bat garatu dezakete, adenokartzinoma alegia.[6]
Diagnostikoa
Endometriosiaren diagnostikoa zaila da, haren etiologia ezezaguna delako. Patologia detektatzeko, espezialistek zenbait prozedura jarrai ditzakete:
Lehendabizi, galdeketa bat egingo dio pazienteari, haren sintomak, minaren gradua, aurrekari familiarrak... ezagutzeko eta ulertzeko. [7]
Gero, miaketa ginekologikoa egingo da. Horrela, baginan eta umetoki lepoaren anormaltasunak bilatuz, umetokiaren kanpoko eskualdean endometriosiaren agerpenaren seinaleak lortuko ditugu. Miaketa honetan, lagungarriak izan daitekeen ekografiak eta haztapenak egingo dira. [7]
Gainera, diagnostiko zehatzago bat lortzeko helburuarekin bi azterketa gehigarri daude:
Ekografiatransbaginala: ekografia burutzeko erabiltzen den sonda baginatik sartzen da. Honen bidez, emakumearen organo sexualak hobeto aztertuko ditugu: umetokia, obulutegiak eta umeotoki lepoa. [2]
Pelbiseko laparoskopia: prozedura honen bidez, medikuak zehaztasunarekin abdomenaren eta pelbiseko edukia bistaratu dezake. Kirurgia hau inbasioa da. Pazientea anestesiatuko da eta abdomeneko ebaki baten bidez laparoskopioa sartuko zaio. Laparoskopioa hodi mehe bat da, argia eta kamara bat duena. [2] Froga honen barruan biopsia bat egin daiteke, ehunaren lagina lortzeko eta analizatu ahal izateko. [1]
Behin endometriosia detektatuta, diagnostikoa lagungarria izango da patologiaren gradua zehazteko: minimoa, arina, moderatua edo latza. Sailkapen hau umetokitik kanpo agertzen den endometrioaren kantitatea eta tamainaren araberako izango da.
Tratamendua
Endometriosiaren tratamendua farmako eta praktika kirurgikoetan oinarritzen da, aukeraketa pazientearen sintomen, haurdun gelditzeko nahiaren eta adinaren araberakoa izango delarik.[2][8] Normalean tratamendu kontserbatzailea gomendatzen da, eta honek funtzionatzen ez duen kasuetan ebakuntza egiten zaio pazienteari.[8]
Farmako mota ezberdinak eman daitezke gaixotasuna tratatzeko. Endometriosiak eragiten duen mina tratatzeko analgesikoak ematen dira. Orokorrean preskripzio beharrik ez duten antiinflamatorio ez esteroideoak erabiltzen dira, hala nola, ibuprofenoa edo naproxeno sodikoa.[8] Gainera, medikuak erlaxazio teknikak egitea gomendatu diezaioke pazienteari, horrela minari errazago aurre egiteko.[2]
Beste aukera bat hormonak hartzea da. Hileroko zikloan zehar, hormona ezberdinak tarteko, ehun endometriala loditu eta degradatu egiten da, jarraian, odolaren bitartez kanporatzeko. Hormonak hartzean ehun endometrialaren hazkuntza geldotzen da eta dagoeneko sortutako ehunean gehiago txertatzea oztopatzen da. Lau motatako tratamendu hormonala bereizten da:[8]
Laparoskopiaren bitartez ehun endometriala erauzten zaio pazienteari. Horretarako, zilborretik gertu zauri bat egiten da eta hemendik laparoskopio deritzon aparatua, eskualdea behatzea ahalbidetuko diguna, eta ehuna kentzeko beharrezko tresna oro murgiltzen da.[8]
Histerektomiari dagokionez, ooforektomiarekin batera gauza daiteke. Histerektomia, hain zuzen ere, umetokiaren erauzketari deritzo eta ooforektomia obulutegiak kentzea da. Teknika inbasiboa da eta endometriosian adituak direnek ez dute gehiegi gomendatzen. Izan ere, obulutegiak kentzearen ondorioz emakumeak menopausiaren sintomak garatuko ditu, eta obulutegiek jariatutako hormonak desagertuko direnez arazo kardiobaskularrak zein arazo metabolikoak izateko arriskua edukiko du. Bestalde, histerektomia bakarrik gauzatzea ere ez da gomendagarria, epe luzera eragin desiragaitzak sor ditzakela ikusi baita.[8]
Beti ere, kontuan hartu behar da hasiera batean emaitza onak lortu arren mina zein arazo nagusiak berriro agertu daitezkeela tratamendua bat batean utziz gero zein abiatu eta denbora batera.[8]