Ellis Island edo Ellis UharteaAmeriketako Estatu BatuetakoNew York hiriko portutik hurbil dagoen uharte txiki bat da. 1892 eta 1954 bitartean Ameriketako Estatu Batuetara sartu behar zuten emigrante ugariren derrigorrezko igaroleku eta sarbidea izan zen (gehienak Europakoak), haien artean baita euskal etorkin ugarirena ere, ondorioz denboraldi horretan zehar bertatik 12 milioi pertsona inguru iragan ziren. Erritmorik handiena 1905 eta 1914 artean izan zen, batez beste urtero milioi bat pertsona iristen zelarik.
Uhartean ospitalea eraiki zuten garai hartan izaten zen moduan, pabilioiekin, berrogeialdiak egin ahal izateko. Artatze medikoak metodikoak baina azkarrak izaten ziren, etorkin kopuru handiak kontuan hartuta. Miaketa fisikoa egin ostean, klarionaz letra batzuekin markatzen zituzten, gaixotasunen arabera:
B (Back, bizkarreko arazoak), C (Conjunctivitis), TC (Trachoma, korneako gaixotasun kutsakorra zen trakoma), E (Eyes, begietako beste arazo batzuk), F (Face,aurpegia), FT (Feet, oinak), G (Goiter, goloa), H (Heart, bihotzeko arazoak), K (Hernia), L ( Lameness, herrentasuna), N (Neck, lepoko arazoak), P (Physical and Lungs, biriketako arazoak), PG (Pregnancy, haurdunaldia), S (Senility, zahardadea), SC (Scalp, buruko azalean ezkabia modukoa) eta X (buruko gaixotasunak).