Gerenoaren Drosera izenak grezierazko δρόσος ("drossos") izenean du jatorria eta "ihintza" esan nahi du. Hostoek duten muzilago tantek goizaldeko ihintzaren itxura dutelako ezarri zioten izen hori.
Europan aurkitzen den Drosera generoko hiru espezietako bat da, gainerakoak D. rotundifolia eta D. anglica dira, eta espezie hau hiruren artean tamaina ertainekoa da, horregatik espeziearen izena latinetik datorren intermedia izena da.[4]
Hainbat sinonimo ditu:
Drosera americana Willd.
Drosera foliosa Elliott
Drosera macedonica Kosanin
Drosera media E.H.L.Krause
Rorella intermedia (Hayne) Nieuwl
Deskribapena
Drosera intermedia landare txikia eta bakartia da. Hosto guztiak oinarritik ateratzen dira, hasiera batean horizontalak dira baina tentetuz joaten dira. 7-12 cmko luzera hartu dezakete, peziolo biluzia dute eta muturrak itxura oboidea du eta ile gorriz horniturik dago. Ile horiek mugikorrak dira, 5 mm ingurukoak eta guruinak dituzte. Guruin horien bidez muzilagoz osaturiko tanta itsaskorrak sortzen dituzte intsektuak harrapatzeko.[5]
Loreen zurtoinak hostoen oinarritik hazten dira. 1-3 zurtoin izaten dituzte 2-5 cm-tako luzera dutenak. Zurtoinak finak izaten dira eta adarkaturik egon daitezke. 3-12 lore izaten dituzte. Loreak pentameroak dira. Sepalo berdeak eta petalo zuri askeak dituzte, 4-5x3,35mm-takoak. bost estamine eta 2-5 estilo aske bifido ditu bakoitzak.[5]
Zohikaztegietan eta sustratu azidozko zingiratan bizi da, 100 eta 1.800 metrotako altuera artean. Ez du itzala jasaten[5]
Ugalketa eta bizi-zikloa
Landare bizikorra da. Uztaila eta abuztua artean loratzen da. Loreek denbora laburra egiten dute irekita, eta batzutan itxita ere polinizatzen dira.[5] Haziak udazkenaren hasieran heltzen dira eta haziak barreiatzeko hasieran haizeak landarea astintzen duenean askatzen dira eta ondoren beren kabuz barreiatzen dira.[5]
Landare hemikriptofitoa da. Neguan zati aereoa galtzen du eta hosto txiki batzuk gogor korapilatu eta estututa bizirauten du latentzia egoeran. Udaberrian hosto berriak ateratzen dira.[6]
Elikadura
Landareek ohi duten bezala Drosera intermedia ere fotosintesia eginez elikatzen da. Nitrogeno urriko lurzorutan bizi da ordea eta intsektuak harrapatzeko moldatu ditu hostoak. Hostoetako ileetan muzilagozko tanta itsaskorrak jariatzen ditu eta intsektuak harrapatzen ditu. Haiek ihes egiten saiatzen dira baina hostoak inguratu egiten ditu eta intsektua nekeak jota eta itota hil egiten da. Landareak orduan digestio entzimak jariatzen ditu dituen guruin batzuetatik. Entzima hauek intsektua digeritzen dute eta landareak nutrienteak xurgatzen ditu.[6]
Mehatxuak
Espezie "bakana" da eta EAEn zein Frantzian horrela sailkaturik dago. Euskal Autonomia Erkidegoan "Habitata aldatzearen ondorioz kaltetuak direnak" zerrendan aurkitzen da.[7]
Euskal Herrian hainbat populazio ditugu; Nafarroan Pirinio aldeko haranetan bi populazio daude, Arxuria-Mendibil eta Zentinelan dauden zohikaztegietan[8], Arabako Izkin, eta Gipuzkoako Jaizkibelen eta Adarra-Usabelartzan. Bizkaiko Saldropon izan zen populazio bat baina jadanik desagertu da.[2]
↑ abIñaki Aizpuru, Ibon Tamaio, Pedro Mª Uribe-Echebarría, Joseba Garmendia, Leire Oreja, Javier Balentzia, Santiago Patino, Amador Prieto, Idoia Biurrun, Juan Antonio Campos, Itziar Garcia, Mercedes Herrera. (2010). Lista roja de la flora vascular de la CAPV. .