Dora Mayer

Dora Mayer

Bizitza
JaiotzaHanburgo1868ko martxoaren 12a
Herrialdea Peru
HeriotzaLima (en) Itzuli1959ko urtarrilaren 7a (90 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakikertzailea, kazetaria, aktibista, saiakeragilea eta idazlea
Jasotako sariak
MugimenduaIndigenismoa

Dora Mayer (Hanburgo, 1868ko martxoaren 12a - Cercado de Lima, 1959ko urtarrilaren 7a) perutar ikerlari eta kazetaria izan zen. Jatorrizko herrien kausaren alde aritu zen. Peruko indigenismoaren eta pentsamendu soziologikoaren aitzindaria izan zen.

Biografia

Dora Mayer Anatol Adolf Mayer eta Mathilde Loehrs alemaniar protestanteen alaba bakarra izan zen.[1] Familia Hanburgon bizi izan zen, harik eta Alemaniatik alde egitea erabaki zuten arte, Prusiako ordena politiko berriaren aurka zeudelako.[2] 1873ko apirilaren 14an, Dorak 5 urte zituenean, Callaora iritsi ziren, Limako oligarkia ordezkatuko zuen eta XX. mende hasiera arte Peruko alderdirik indartsuena izango zen Partido Civil alderdiaren sorrera betean.[3] Dora Mayer autodidakta izan bazen ere, gurasoak arduratu ziren umearen hasierako hezkuntzaz. Amak historia, geografia, literatura, ingelesa, frantsesa eta musika irakatsi zizkion, eta aitak, berriz, gaztelania eta aritmetika.

José Carlos Mariátegui (1929)

Dora Mayerrek Asociación Pro Indigena (Indigenaren Aldeko Elkartea) sortu zuen Joaquín Capelo sozioloarekin eta Pedro Zulen filosofoarekin batera,[2] indigenen egoerari buruzko hainbat artikulurekin kolaboratu zuen José Carlos Mariáteguiren Amauta eta Labor aldizkarietan,[4] eta 3 urtez idatzi zuen Miguelina Acosta Cárdenasekin sortu zuen La Crítica aldizkarian.[5] Beste komunikabide batzuetan ere aktiboki kolaboratu zuen. Augusto B. Leguíaren gobernuak jazarri eta zentsuratu zuen arren,[6] Mayerrek, garai hartako hainbat intelektual, artista eta erakunderekin zituen harremanei esker, bere lanak argitaratzen jarraitu ahal izan zuen eta literatur obra zabala sortu zuen.

Eleberriak, dramak eta era guztietako artikuluak idatzi zituen. Bere lehen eleberria, Der Cosmopolit, alemanez idatzi zuen. Ingelesez ere eleberri bat argitaratu zuen, A life contrast. Urte batzuk geroago, dramak idatzi zituen, besteak beste, Tacna y Arica, El juez, El drama de la selva, Tránsito, Por la mujer, The mistery eta abar.[4] Bere bizitza osoan sorkuntza intelektualak pisu handia izan zuen, baina horrez gain, Mayerrek lan garrantzitsua egin zuen Asociación Pro Indígena elkartean, eta nazioko eta nazioarteko hainbat kongresutan parte hartu zuen erakundearen ordezkari gisa.[3]

Bere idatzi soziologiko eta filosofikoek ere famatu zuten Dora Mayer, bai eta Mariáteguirekin izandako eztabaidek —Amauta aldizkarian eta filosofoaren argitalpenetan eginiko zenbait erreferentziatan erregistratutakoek— ere. Amautan argitaraturiko bere lehen artikuluetako batean, Mayerrek kritikatu egin zuen Mariáteguik eta abangoardistek sustatzen zuten «berritasunaren» narratiba, beren «sobietismo suntsitzailea» salatuz.[7]

Bere bizitzako hainbat urtez indigenen aldeko kausan jardun arren, bere idatzietan bestelako gai asko jorratu zituen, eta haietan, auzi eztabaidagarri batez ari zenean, ez zuen beldurrik izan bere iritziak argi eta garbi azaltzeko; adibidez, Peru eta Txileren arteko gerraren ondorioei buruz idatzitakoetan:

«Esperantza bakarra izan behar dugu: Tacna eta Arica berreskuratzea 1880. urtean galdu genituen bezala».[8]

Erlijio-gaiei buruzko artikuluak ere idatzi zituen, gehienak Amauta aldizkarian argitaratuak. Ezagunena El problema religioso en Hispano América (Arazo erlijiosoa Hispanoamerikan) izan zen.[9] Mayer mugitzen zen zirkuluetan pentsamendu positibistak eragin handia zuen, eta ideia horiekin bat zetozenek, Amautan adierazten zuten bezala, Eliza Katolikoa aurrerapen zientifiko, intelektual eta espirituala atzeratzen zuen faktoretzat jotzen zuten. Mayerren jarrera, ordea, kontrakoa izan zen:

«Zenbait ingurutan aurki dezakegun jite gaiztoeneko klerikalismo katolikoaren presentzia ez da kausa, ezpada gure gizartean nagusi den psikologiaren ondorio».[9]

Behin baino gehiagotan, Mayerrek bere uste osoa agertu zuen gaztelaniaren eta Eliza katolikoaren arteko kohesioaren garrantziaz, Estatu Batuei aurre egiteko elementu gisa.

«Espainiako Hizkuntzak eta Erromako elizakHego Amerikako aborigenarekin zerikusirik ez duten bi elementu— batasun printzipio bat osatu dute, kontinentearen hegoaldeko zatiak iparraldeko zati ingeles eta protestantearen aurkako bloke bihurtu dituena».[9]

Era berean, Mayer izan zen Estatu Batuek Latinoamerikan zuten eraginari eta hedapenari buruz problematizatzea eta ohartaraztea lortu zuen intelektualetako bat.

«Yankiaren ustez, iparramerikarra da Amerikako amerikar bakarra».[10]

Are gehiago, Mayerrek "mespretxatuen koalizio" baten beharra aldarrikatu zuen, AEBen hedapenari aurre egin ahal izateko:

«Zer egin errealitate horren aurrean? "Anaia" iparamerikarrak bularrean daraman harrokeriaren aurrean ez ikusiarena egin, xalo-xalo, edo arraza kolonbinoa gehiago zuritzen saiatu Wall Streeteko bankarien festetan onartuak izateko? Azken hori omen da Latinoamerikako "goi-klaseek" lehenesten duten metodoa. Nik, ordea, indiar, beltz, txinatar eta japoniar gutxietsiekin bat egitea aholkatuko nuke. Mespretxatuen koalizioa osatu, eta, hala, prestatzen hasi zibilizazio "hil" eta "primitibo" esten dieten horiek munduaren aurrean independentzia eta errespetua lortzeko egin beharko duten eta egiteko gauza izango diren botere froga loriatsua».[10]

Peruko txinatar komunitateari buruz idatzi zituen artikuluengatik ere ezaguna izan zen. Nahiz eta hasieran asiar etorkinei buruzko ikuspegi negatiboa izan zuen,[11]jarrera hori aldatu egin zen hamarreko hamarkadan, eta Peruko txinatar migratzaileekiko interes handia garatu zuen, baita Txinarekiko eta haien kultura, historia eta ohiturekiko ere. 1924an, txinatar etorkinen kezkei eta Perurekiko konpromisoari buruzko testu bat idazteko eskatu zioten, eta, horrela, La China silenciosa y elocuente (Txina isil eta adierazkorra) liburua sortu zen.[12][13] 1927an, Amautan, honako hau adierazi zuen, Roque Sáenz Peña politikari argentinarrari erreferentzia eginez eta Monroeren doktrinari erantzunez:

«Asiako arrazak baztertzea? Ez; mila aldiz ez. Hori egitea gure pentsalari gorenen leloari traizio egitea litzateke: "Amerika gizateriarentzat" ».[10]

Miguelina Acosta (1887 - 1933)

1934an bere lehen artikulua agertu zen El Oriental-en, txinatar komunitatearen aldizkarian, eta 1957ra arte jarraitu zuen harekin kolaboratzen.[14]

Era berean, Dora Mayer Peruko sindikalismoaren eta mugimendu feminista ihardukitzailearen aitzindari izan zen. Miguelina Acostak eta biek jarduera politiko eta sindikalari finko lotuta zegoen emakumeen mugimendua ordezkatu zuten. Izan ere, Mayerrek berak adierazi zuen garai hartako "feminitate kontestatarioaren" kide zela, eta, horrez gain, elite kontserbadoreen aurka zegoela eta antioligarkiko, antiinperialista eta antikapitalistatzat zuela bere burua.[5]

Ez zen Alemaniara itzuli, baina, hala ere, txikitan jaso zuen heziketa alemanari esker, ez zuen galdu sorterriarekiko harremana, eta ohiko posta-trukea izan zuen senideekin. Arreta berezia jarri zion garaiko Alemaniaren egoerari, batez ere nazismoaren hedapenari eta militarismoaren emendatzeari, eta hainbat artikulu idatzi zituen gai horiei buruz.[2]

1930ean, Augusto B. Leguía presidentea estatu kolpe baten ondorioz kargugabetu ondoren, Mayer Unión Revolucionaria (UR) alderdiaren alde —estatu-kolpea jo zuen Luis Miguel Sánchez Cerro militarraren alderdia, hain zuzen— agertu zen. URen Crisol propaganda aldizkarian idatzi zuen, nahiz eta ez zen alderdiko kide egin. Sánchez Cerroren hilketaren ondoren, Mayerrek, Juana de Dammert eta Miguelina Acostarekin batera, magnizidentzako errukia eskatu zuen.[15]

Pedro Zulen (1889-1925)

Dora Mayer ez zen inoiz ezkondu, ezta seme-alabarik izan. Hala ere, badirudi oso maite zuela Pedro Zulen, bere hainbat ikerketa lanetan kolaboratzaile handia eta aktibismoan kidea. Zulenek, baina, ez zuen Mayer maite.[16] Hala eta guztiz ere, Dora Mayerrek eta Pedro Zulenek osatutako bikoteak garrantzi handia izan zuen Peruko mugimendu indigenistaren artikulazioan, eta horregatik, Mayerrek Manco Cápac eta Mama Ocllo bikotea baitliran aurkeztu zituen Zulen eta bere burua.[7] Harekin inoiz ezkondu ez arren, Dora Mayerrek "Dora Mayer de Zulen" izenarekin sinatzen zituen bere idatziak.[7][16]

1959ko urtarrilaren 7an hil zen, Inclan etxartean zuen etxean, San Martin plazatik gertu, Limako barrutian, 90 urte zituela. Bere gorpuzkiak Bellavistako (Callao) Britainiar hilerrian daude, bere gurasoenen ondoan.[3]

Lanak eta argitalpenak

Bere liburu soziologiko ezagunenen artean aipatzekoak dira The conduct of the Cerro de Pasco Mining Company (1913), zeinen gaztelerazko bertsioa urtebete geroago argitaratu zen;[17] La China silenciosa y elocuente.Homenaje de la colonia china al Perú con motivo de las fiestas centenarias de su independencia, (1924) Peruko txinatar immigrazioari buruzko ikerketa;[12] El oncenio de Leguía (1932),[18] eta El indigenismo (1949). 1992an, Mayer hil ondoren, Pablo Macera historialariak bere Memorias argitaratu zuen hiru liburukitan.[19]

Dora Mayerren ibilbide literarioa XIX. mendearen amaieran hasi zen, Peruko ohituretan giroturiko eleberri batekin eta ingelesezko beste batekin, biek ala biek kritika ona izan zutenak.[20] Geroago, bere ardura literarioak, xede praktikoago bat harturik, nekazarien babesa ardatz zuten gaietara bideratu ziren.[20] Aldi berean berean, XX. mendearen hasieran, El Indio-n, Peruko herri indigenen defentsan aritzen zen.[20]

Peruko jatorrizko herrien gaiari buruzko bere lanik garrantzitsuenak hauek dira: The Conduct of the Cerro de Pasco Mining Company (1913), El indígena peruano a los 100 años de la república libre e independiente (1921) eta El indigena y su derecho (1929). Lehenengoa Cerro de Pascoko meategietan esplotatzaile estatubatuarrek egindako gizateriaren aurkako krimenak salatzen zituen eskuizkribu moduko bat zen, meatze-konpainiaren Direktorioa sentsibilizatu nahi zuena.[20] Mayerrek lan horrekin meatze-enpresa inperialisten mekanika bortitz eta monopolikoaren aurkako alegatua eta langileen aldeko testigantza eraiki nahi zuen, bere eskubideen alde eginez. Liburuak salatzen zuen konpainiarentzat langileak esklaboak besterik ez zirel, eta, behar zuenean, boto-emaile edo presio-agente gisa erabiltzen zituela.[20]

Augusto B. Leguíaren gobernuaren kritika egiteko Once Años izeneko liburua idatzi zuen, eta 1920an El Porvenir de la Raza Indigena izeneko saiakera juridiko-politikoa.[20]

1921ean argitaratutako liburua, El Indígena Peruano a los cien años de la república libre e independiente, independentziaren mendeurrenari egindako omenaldi gisa pentsatu zen. Mayerren pentsamenduaren funtsa jasotzen zuen, Asociación Pro Indígena elkartearen balantzeak eta arraza indigenaren arazoak, hala nola latifundioak, morrontza edo enganche-a[Oh 1], barne.[20]

30eko hamarkadaz geroztik, gero eta ardura handiagoa izan zuen faxismoaren, Hitlerren eta Bigarren Mundu Gerraren arriskuaz. Hainbat egunkari eta aldizkaritan agertutako artikuluez gain, bere kezkei buruzko saiakera luzeagoak ere idatzi zituen: Pro Paz de Sur América (1938), La guerra y nosotros (1942) eta En busca de paz (1948).[4] Era berean, garai honetakoa da El Último Llamamiento (1936) eskuizkribua, non Óscar Benavides lehendakariaren agintaldiko ustelkeria politikoa kritikatzen zuen. Leguíaren "Onzeniora" itzulti izana leporatzen zion eta herrialdearen egoeraren aurrean aberriaren erreakzioa eskatzen zuen, Peru atzerriko potentzien arteko gerra ekonomikoaren eremu bihurtu zelako kezkaturik.[20]

Bere kazetari ibilbidea oso emankorra izan zen. Errepublikaren garaiko egunkari eta aldizkari garrantzitsuetan kolaboratu zuen, hala nola El Comercio, La Prensa, La Crónica, El Tiempo, Amauta eta El Callao aldizkarietan, bai eta, hogei urtez, El Oriental-en, txinatar komunitatearen aldizkarian ere. Gainera, 1919tik 1915era, El deber pro indigena egunkaria zuzendu eta finantzatu zuen, eta, Miguelina Acostarekin batera, 1917ko irailean La Crítica astekaria sortu eta 1920ko abuztura arte bultzatu zuen, Leguíaren gobernuak argitaratzea debekatu zuen arte. La Crítica emakumeen kezka sindikalei ahotsa emateko gunea izan zen, baita emakumeak, langileak eta indigenak defendatzekoa ere.[5] 1928ko uztaila eta 1929ko abuztua bitartean Concordia zuzendu zuen, eta 1931 eta 1934 bitartean El Trabajo.[2]

Indigenismoaren aitzindaria

XX. mendearen hasieran, 1903 eta 1904 bitartean, Mayerrek Carta del Perené izeneko artikuluak argitaratu zituen El Comercio aldizkarian. Artikulu horiek Peruko La Sierra (Andeetako mendialdea) eta La Selva (Peruko Amazonia) eskualdeetara egindako bidaietan idatzi zituen kronikak ziren.[21] 1905ean indigenen egoerari buruzko artikuluak argitaratzen hasi zen. Horrek iradokitzen du ordurako herrialde barruko erakunde indigenekin harremanetan zegoela, eta erakunde horiek beren eskariei buruzko informazioa ematen ziotela, eta berak eskuragarri zituen egunkari eta hedabideetan argitaratzen zituela. Horregatik esan daiteke indigenen auziari buruzko interesa eta defentsa Indigenen Asociación Pro Indígena elkartea sortu baino lehenagokoak izan zirela.[4]

Asociación Pro Indígena elkartea

Erakunde indigenekin zituen harremanei esker, Mayerrek herri horiek jasaten ari ziren esplotazioari eta arraza-bereizkeriari buruzko lehen eskuko informazioa lortu zuen, eta, horregatik, behin baino gehiagotan adierazi zuen bere jarrera:

«... lan egin dezagun perutar guztiok lankidetza harmoniatsuan norbanakoaren eta taldearen onuraren alde! Limako eta Callaoko merkataritza-etxeetan, langileek bizitza zapuzten diote elkarri kolore-kontu barregarriengatik; eta probintzietan, haurraren lehen eskola egunetatik, jauntxokeriak arraza-harrokeriaren mozorroa janzten du, baina haren atzean ezkutatzen duen aurpegiak kasta zapalduak duen kolore bera du.».[22]

Asociación Pro Indigena elkartea 1909an sortu zen, legezko bitartekoez indigenen defentsan lan egiteko proiektu gisa. Billinghurst-en gobernuan (1912-1915), elkarteak estatuaren laguntza izan zuen, eta horrek bere hedapen nazionala bultzatu zuen.[20] 1919an, Leguíaren gobernuaren etengabeko jazarpen eta zentsuraren ondorioz, elkarteak bere izen berria hartu zuen: Comité Central Pro Derecho indígena (Zuzenbide Indigenaren Aldeko Batzorde Zentrala). Mayerrek 1923tik aurrera elkarteak antolatutako kongresu indigenetan parte hartu zuen. Fundatzaile eta laguntzaileen ahaleginak gorabehera, 1927an, Leguíaren gobernuaren jazarpen-politikaren ondorioz, elkartea desegin eta debekatu egin zen. Horrela, hasieran legez onartua izan arren, azkenean erakunde debekatu eta ilegala izan zen.[2][4]

Indigenaren Aldeko Elkarteak Peruko Konstituzioak herritar ororentzat bermatzen zituen eskubideak —adierazpen askatasuna, biltzeko askatasuna, jabetzarako eta lanerako eskubidea, besteak beste— jatorrizko herrietako pertsonek ere bermaturik izateko lan egiten zuen. Horretarako, elkarteak hainbat estrategia erabili zituen, hala nola kausa indigenaren aldeko propaganda zabaltzea, lege-xedapenen onarpenean edo abolizioan eragitea, indigenak "hezteko" egunkari bat sortzea eta Peru osoan dohainik defendatzeko bulego berezi bat ezartzea.[2] Indigenaren Aldeko Elkartea arraza indigenaren erreskate-proiektu bat izan zen, legeaz baliaturik doako abokatu gisa lan egiten zuen erakunde babesle gisa sortua.[20] Dora Mayerrek berak adierazi zuen elkartea indigenismo modernoaren aitzindari bat zela.[7]

Indigenaren Aldeko Elkartean egindako lan nabarmenaz gain, Mayerrek nazioarteko zenbait kongresutan parte hartu zuen, hala nola Nazioarteko Emakumeen Lehen Kongresuan, Buenos Airesen (1910); Arrazen Lehen Kongresu Unibertsalean, Londresen (1912), eta Pátzcuaroko Kongresu Indigenistan, Mexikon (1940).[3]

Esker onak

Revista Oriental aldizkariaren sorreraren 25. urteurrenaren ospakizunean, aldizkariak artikulu bat eskaini zion Dora Mayerri. Bertan, bere jarrera asiazalea goraipatu zuten eta bere figurak Peruko txinatar komunitatearentzat, aldizkariaren babeslearentzat, zuen balioa adierazi zuten.

«Txinako herriaren miresle handia izanik, Oriental aldizkariaren lehen kolaboratzaileetako bat izan zen. 22 urtez baino gehiago ari da gure orrietan idazten, eta jorratzen dituen gaietan agerian dira giza emozioa, gizarte-arazoak konpontzen laguntzeko irrika... Txinatar arimaz, bere milaka urteko arteaz eta baita bere jendearen aurpegi exotikoez ere maiteminduta, Oriental-en kronologian agertzen da, argizulo ezabaezin gisa, asiar eta mendebaldarren anaitasuna sendotzeko ardura nekaezinaz eta maitasunaz lan egiten jakin zutenen zeruan». (Oriental, 1956).[11]

Oriental aldizkariaz gain, Peruko eta Txinako beste erakunde batzuek omenaldia egin zioten bere bizitzako azken urteetan. Horien artean, Txinatar Komunitateko Emakume Elkartea, Emakumeen Kontseilu Nazionala, Txinako Enbaxada, Humboldt Elkargoa eta beste aldizkari eta argitaletxe batzuetako zuzendariak aipa daitezke.[11] Denek azpimarratu zituzten Dora Mayerrek indigenen eta txinatarren kausei eskainitako dedikazioa, zapalduen zerbitzura jarri zuen bere ikuspegi humanista eta gizarte-borrokalari gisa izan zuen bokazioa.

2022an, Peruko Estatuko Emakumearen eta Herri Zaurgarrien Ministerioak (MIMP) hil ondorengo errekonozimendu bat eman zion: martxoaren 8an, dekretu batean, Dora Mayer eta beste 24 emakume perutarri "Emakumearen Merezimenduaren Ordena" kondekorazioa eman zien[23], eta nabarmendu egin zituzten eskubideen defentsan eta genero-berdintasuna sustatzen egindako lanagatik. Mayerri, bereziki, "herrialdean gizarte-zientzien garapenerako eta genero-berdintasuna lortzeko egindako ekarpena" aitortu zioten.[24]

Oharrak eta erreferentziak

  • Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, gaztelaniazko wikipediako «Dora Mayer» artikulutik itzulia izan da, 2026-01-19 data duen 171595793 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2026-01-19 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.

Oharrak

  1. Enganche-a kontratu mota bat zen, zeinaren bidez langileak, gehienetan nekazari indigenak, soldata aldez aurretik ordainduta kontratatzen zituzten, baina gero zorrak lotuta gelditzen ziren eta, horrela, esplotatzen zituzten. Horrek familien banaketa eta pobrezia ekartzen zituen.

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) Crevoisier, Luz María. (2019-03-03). «Dora Mayer: Una mujer de avanzada» elperuano.pe (kontsulta data: 2026-02-17).
  2. a b c d e f (Gaztelaniaz) Zegarra, Margarita. (2009). «Dora Mayer, los indígenas y la nación peruana a inicios del siglo XX» Anuario de Estudios Americanos (beta.acuedi.org-en jasota) 66: 251-288. (kontsulta data: 2026-02-17).
  3. a b c d (Gaztelaniaz) Tamariz, Domingo. (2018-01-28). «Dora Mayer» elperuano.pe (kontsulta data: 2026-02-19).
  4. a b c d e (Gaztelaniaz) Jancsó, Katalin. (2012). «Dora Mayer en Amauta» Cátedra Mariátegui (Lima) Año I, No. 4, enero - febrero 2012 (kontsulta data: 2026-02-18).
  5. a b c (Gaztelaniaz) Guerrero, Estefany. (2022-10-18). «Movimiento femenino y prensa escrita: el Semanario La Crítica (1917-1920)» Revista revoluciones 4 (10): 22–34.  doi:10.35622/j.rr.2022.010.003. ISSN 2710-0499. (kontsulta data: 2026-02-18).
  6. (Gaztelaniaz) Fadellin, Nicole Marie; Cáceres Atocha, Roger. (2021). «Dora Mayer: el sol que disipa las nubes» Memoria Perú - Recorridos por el patrimonio de la Biblioteca Nacional del Perú (Biblioteca Nacional del Perú) (kontsulta data: 2026-02-16).
  7. a b c d (Gaztelaniaz) Arias, Christian Martínez. (2024-09-30). «Dora Mayer y la disputa fundacional de la nación en el primer número de Amauta (1926)» América Crítica 8 (1): 5–11.  doi:10.13125/americacritica/6196. ISSN 2532-6724. (kontsulta data: 2026-02-19).
  8. (Gaztelaniaz) Mayer de Zulen, Dora. (1927-01-05). «La fórmula Kellogg» Amauta 5: 9-10. (kontsulta data: 2026-02-19).
  9. a b c (Gaztelaniaz) Mayer de Zulen, Dora. (1927-12-10). «El Problema religioso en Hispano América» Amauta 10: 59-61. (kontsulta data: 2026-02-18).
  10. a b c (Gaztelaniaz) Mayer de Zulen, Dora. (1927-05-09). «América para la humanidad» Amauta 9: 14-15. (kontsulta data: 2026-02-18).
  11. a b c (Ingelesez) Jancsó, Katalin. (2015-05-01). «La inmigración China en el Perú y la asianófila Dora Mayer» AMERICANA E-journal of American Studies in Hungary 11 (1) ISSN 1787-4637. (kontsulta data: 2026-02-19).
  12. a b (Gaztelaniaz) Vargas Aspíllaga, Pedro Manuel. (2024-07-07). «LITARCISS: La China silenciosa y elocuente, por Dora Mayer de Zulen: Resumen y análisis» LITARCISS (kontsulta data: 2026-02-21).
  13. (Gaztelaniaz) Mayer de Zulen, Dora. (1924). La China silenciosa y elocuente. Lima, Perú: Editorial Renovación (kontsulta data: 2026-02-20).
  14. (Gaztelaniaz) Chuhue Huamán, Richard. «Dora Mayer en la revista Oriental» Aula y Ciencia. Revista del Programa de Estudios Básicos de la Universidad Ricardo Palma Vol. 11, Nº 15: 33-60. (kontsulta data: 2026-02-19).
  15. (Gaztelaniaz) Rojas Huaynates, Joel. (2018). «Los espectros de Dora Mayer» IN Dora Mayer. El sol que disipa las nubes. Textos esenciales. (Fondo Editorial del Congreso del Perú) (kontsulta data: 2026-02-19).
  16. a b (Gaztelaniaz) Lazarte Oyague, Saby. (2023). «Dora Mayer y Pedro Zulen: Encuentro que trasciende en el tiempo» Aula y Ciencia (15): 73-84. ISSN 2519-5689. (kontsulta data: 2026-02-19).
  17. Mayer de Zulen, Dora; Asociación Pro-Indígena (Lima, Peru). (1913). The conduct of the Cerro de Pasco mining company, by Dora Mayer, president of the Press committee of the "Asociación pro-indígena". Lima, Peru [Imp. "El Progreso"] (kontsulta data: 2026-02-21).
  18. (Gaztelaniaz) Zulen, Dora Mayer de. El oncenio de Leguia. Tip. Peña (kontsulta data: 2026-02-21).
  19. (Gaztelaniaz) Ilecara. (2010-01-07). «Siglo XIX - Dora Mayer» MUJERES QUE HACEN LA HISTORIA - BREVES BIOGRAFIAS (kontsulta data: 2026-02-19).
  20. a b c d e f g h i j (Gaztelaniaz) Kapsoli Escudero, Wilfredo. (2021-07-26). «DORA MAYER DE ZULEN Y EL INDIGENISMO» Aula y Ciencia (15): 15-31. ISSN 2519-5689. (kontsulta data: 2026-02-19).
  21. (Gaztelaniaz) Jancsó, Katalin. (2009). Indigenismo político temprano en el Perú y la Asociación Pro-Indígena. Tesis doctoral. Editado por el Programa de Historia del Mundo Hispánico de la Escuela de Doctorado de Historia de la Universidad de Szeged ISBN 978-963-482-940-9. (kontsulta data: 2026-02-19).
  22. (Gaztelaniaz) Mayer, Dora. (1913-09-12). «Informaciones» El Deber Pro-Indígena Año I, n.º 12.
  23. (Gaztelaniaz) Ministerio de la Mujer y Poblaciones Vulnerables. (2022-03-08). «Resolución Ministerial N.° 081-2022-MIMP» www.gob.pe (kontsulta data: 2026-02-19).
  24. (Gaztelaniaz) «MIMP otorga reconocimiento póstumo a mujeres que promovieron igualdad de género» andina.pe 2022-03-08 (kontsulta data: 2026-02-19).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Content Disclaimer

Informasi ini disarikan dari Wikipedia dan disajikan kembali untuk tujuan edukasi. Konten tersedia di bawah lisensi CC BY-SA 3.0. Kami tidak bertanggung jawab atas ketidakakuratan data yang bersumber dari kontribusi publik tersebut.

  1. The information displayed on this website is sourced in part or in whole from Wikipedia and has been adapted for the purpose of restating it. We strive to provide accurate and relevant information, however:
  2. There is no guarantee of absolute accuracy. Wikipedia is an open, collaborative project that can be edited by anyone, so information is subject to change.
  3. It is not intended to constitute professional advice. The content displayed is for informational and educational purposes only. For important decisions (e.g., medical, legal, or financial), please consult a professional.
  4. Content copyright. Wikipedia is licensed under the Creative Commons Attribution-ShareAlike License (CC BY-SA). This means that content may be reused with appropriate attribution and shared under a similar license.
  5. Responsible use. Any risk arising from the use of information from this website is entirely the responsibility of the user.