Diogenes Apoloniakoa (antzinako grezieraz: Διογένης ὁ Ἀπολλωνιάτης) K.a. V. mendeko filosofo presokratiko bat da. Ez dago garbi Kretako edo Frigiako Apolonia hirian jaio zen. Edonola ere, tradizio filosofiko batek Anaximenesen ikasle eta Anaxagorasen garaikidea izan zela dio. Lehenengo filosofo enpirikotzat jo ohi da, biologian egin zituen teoriak behaketaz frogatzen saiatu baitzen. Filosofian ezaguna da, Anaximenes bezala, airea arkhe edo printzipiotzat hartzeagatik. Aldi berean, Anaximandroren apeiron delakoa bezalaxe, aireak gauzak sortu ahal izateko halako adimena izan behar zuela adierazi zuen.