Dengea, denge birusak eragindako gaixotasuna da. Eltxoek garraiatzen duten gaitz tropikala da, nagusiki Aedes aegypti motako eltxoek.
Sukar altua, buruko mina, oka, mina muskuluetan eta azaleko negelak izan daitezke ezaugarri nagusiak. Sintoma horietako asko gripekoekin nahas daitezke.
Munduko eremu tropikaletan eta sub-tropikaletan hedatzen den gaixotasun infekziosoa da (Erdialdeko eta Hego Amerikan, Afrikan, Indian eta Asiako Hego-ekialdean....). Mingarria izan arren, gaitza kasu gehienetan berez sendatzen da, kasu gutxi batzuetan denge hemorragiko deritzona agertu arren, askoz larriagoa dena.
Gaitzaren intzidentzia nabarmen handitu da azken hamarkadetan, eremu tropikaleko hirietan gero eta jende gehiago bizi delako. 1950ko hamarkada baino lehen, aldiz, birusa ezin zen erraz barreiatu populazio txiki eta hedatuan [1].
300-500 milioi pertsona infektatzen dira urtero dengearen birusarekin, eta gaitza endemikoa da 100 herrialde baino gehiagoetan [2]
Dengearen eragilea Flabibirus taldeko birus bat da, sukar horia eragiten duen birusaren talde berekoa. Sukar horiak eta dengek antzekotasun batzuk partekatzen dituzte: antzeko eltxoen bidez transmititzen dira (Aedes aegypti, batez ere), eremu geografiko bera dute, Flabibirus taldeko birusak dira eragile patogenoak....
Dengearen birusaren material genetikoa polaritate positiboko eta kate bakarreko RNA da. Flabibirusak birus geruzadunak dira, kapsidearen gainetik lipidoz eta glukoproteinez osatutako geruza dutelako.
Birus horrek bost aldaera edo serotipo ditu, ezaugarri antigeniko desberdinak dituztenak. Letra eta zenbakiekin izendatzen dira: DENV1, DENV2, DENV3... [4].
Serotipo batek infektatzen duenean betiko immunitatea sortzen du ostalarian serotipo horrekiko, eta epe laburreko immunitatea beste serotipoekiko, immunitate gurutzatua izeneko fenomenoaren bidez.
Infekzioa
Gaitzaren bektore nagusia Aedes aegypti eltxoa da. Eltxo honen emeek flabibirus patogenoak eramaten dituztenean eta gizakiei ziztada egiten dietenean birus patogenoa inokulatzen dute (eltxo arrek ez dute ziztatzen). Infektatutako gizakiak birusaren eramaileak bihurtzen dira, eta eltxo ez-eramaileak infektatzen dituzte hauek ziztatzerakoan. Modu horretan gizakia-eltxoa-gizakia zikloa abiatzen da.
Gizakia ez ezik, primate batzuk ere dengearen birusez kutsa daitezke. Eltxoa-primatea-eltxoa-gizakiaren zikloa osa daiteke, beraz. Aldiz, gaitza ez da pertsonen artean kutsatzen (odol-transfusioarekin izan ezik).
Birusak eltxoaren listu-guruinetan infekzio iraunkorra sortzen du [5]. Gizakian sartzen denean, birusa aske geratzen da plasman, bertako zelula batzuk infektatuz (monozitoak, makrofagoak...). Immunitate-sistemaren zelula horietako batzuek (makrofagoek, esaterako) zitokinak eta interferoia ekoizten dute erantzun immunea aktibatzeko, horiek izanik hein handi batean gaixoaren sintomen eragileak (sukarra, mina, gripearen antzeko sintomak...) [6]. Odolean zehar birus patogenoa gaixoaren beste organo eta egitura batzuk infekta ditzake (gibela, larruazala, odol-hodiak...). Birusa organo horien zelulen barnealdera endozitosiaren bidez sartzen da, eta bertan RNA birikoaren itzulpenak birusaren proteinak sortzen ditu. Azkenik, zelula barruan sortutako birus berriek zelularen lisia eragiten dute eta aske geratzen dira infektatzen jarraitzeko.
Sintoma klinikoak
Gaitzaren inkubazio epea 3-10 egunetakoa da. Infekzioak bi agerpen kliniko desberdinak sor ditzake: gaixotasun arina eta gaixotasun larria.
Infektatuen %95 inguruk gaitzaren mota arina sufritzen dute. Horietako asko asintomatikoak dira. Sintoma dituztenek, aldiz, gripearen antzekoak dituzte hein handi batean: sukarra, buruko mina, nekea, giharretako zein hezurretako min handia (dengea oso mingarria da, eta "sukar hezur-apurtzailea" deitu ohi zaio) eta larruazaleko exantema (elgorria edo errubeolarena gogorarazten duena) [7]. Gaitzaren fase akutuak orokorrean ez du astebete baino gehiago irauten, gaixo batzuek nekea eta odol-analitika anormalak luzaro izan arren (leukopenia eta tronbopenia, esaterako)
Infektatuen %5k denge hemorragiko deritzona garatzen dute. Odol-hodiak apurtzen dira eta barne zein kanpoko odoljarioak agertu. Tronbopenia areagotzen da. Kasu larrienetan "dengearen shocka" agertzen da, hilkortasun tasa handia duena. Antza, birusaren aurkako gehiegizko erantzun immune batek (zitokinak, konplementua...) denge hemorragikoren sintoma larriak sortuko lituzke [8]
Diagnostikoa
Eremu endemikoetan ohiko sintomatologiak zantzu batzuk eman ditzake gaitzaren diagnostikorako, baina halere laborategiko analisien bidez baieztatu egin behar da diagnostiko hori. Izan ere, beste infekzio biriko batzuek dengearen antzeko sintomak eragiten dituzte (malaria, elgorria, errubeola, Zika sukarra...).
Birusaren identifikazioak ere diagnostikoan baieztatzen du: antigeno birikoen presentzia (ELISAren bidez), birusaren RNA antzemanez (PCRen bidez) edo birus osoaren isolamendua gaixoaren odoletik edo likido zefalorrakideotik.
Profilaxi eta tratamendua
Profilaxiaren aldetik bi dira jarraitu beharreko bideak: eltxo bektorearen kontrola (insektizidak erabiliz eta eltxoari bere ohiko habitatak murriztuz) eta gaitzaren aurkako txertoa. Azken honi dagokionez ez dago oraindik babes osoa ematen duen txertorik, baina ikerketa ugari egiten ari dira azken urteotan eta txerto batzuk dagoeneko kaleratu dira, umeei eta denge larria pairatzeko probabilitate handia dutenei ematen zaiena [9].
Beste gaixotasun birikoekin gertatzen den bezala ez dago tratamendu espezifikorik gaitzaren aurka. Kasu gehienak berez sendatzen dira 7-10 egunotan, eta tratamendua sintomak arintzera (sukarra, gihar eta artikulazioetako mina...) zuzentzen da. Aspirina eta ibuprofeno ez dira erabili behar, botika hauek gaitzak sor ditzakeen odoljarioak okertu ditzaketeelako. Likido asko edatea eta atseden hartzea gomendatzen da. Kasu larrietan gaixoaren ospitalizazioa ezinbestekoa da, batzuetan zainketa intentsiboetako unitateetan.