Deabruaren zubia (frantsesez: pont du Diable) Frantziako Saint-Jean-de-Fos (Languedoc-Roussillon) herrian dagoen harrizko eraikuntza erromanikoa da. Zubiak bi arku ditu. 65 metroko luzera du, lau zabalerakoa eta 18 metro garaiera.[1]
Lekua
Herault ibaiaren arroilen gainean eraikia, Anianetik lau kilometro ipar-mendebaldean dago.
Historia
Frantziako zubi zaharrenetariko bat da. Zubia XI. mendean egin zen eta bi abadien itunaren ondorioa izan zen, Anianeko abadia eta Saint-Guilhem-le-Déserteko abadia artekoa; horrela dago jasota Gelloneko kartularioan. 1770 inguruan zubia aldatu zen, zabalera eta garaiera handiago emateko. 1935ko apirilaren 5ean Frantziako Kultura Ministerioak Frantziako Monumentu Historiko izendatu zuen. 1998tik, bestetik, Frantziako Donejakuen Bideekin batera Gizateriaren Ondarea bezala sailkatua izan zen, 868-033 zenbakiarekin.
Kondaira
Zubiarekin lotuta horrelako eraikinetan ohiko kondaira bat aurkitu dugu. Zubia altxatzerakoan, gizonek egunean zehar eraikitakoa gauean deabruak botatzen zuen. Egun batean, gizonezkoek deabruarekin hitzarmena lotu zuten: deabruak zubia eraikitzen utziko zien baina, horren truke, deabruak bertatik igaroko zuen lehen arima hartuko luke. Gizonek zubia eraiki zuten baina, behin bukatuez gero, inork ez zuen deabruari arima eman nahi. Hau engainatzen saiatu ziren, zakur bat zubia igaro arazten. Erabat haserretuta, deabrua, orduan, zubia botatzen saiatu zen, lortu gabe. Azkenik, etsituta, zubitik bere burua bota zuen eta hortik dator toponimoa.
Erreferentziak
Kanpo estekak