Daphne cneorumThymelaeaceae familiako zuhaixka bat da. Lorategietan apainketarako erabili izan da dituen arroxa koloreko loreengatik, baina gizakiarentzako pozointsua den landarea da eta kontuz ibili behar da manipulatzerakoan.[1]
Europako mendietan aurkitzen da, betiere populazio txikietan. Orokorrean 1.500 metrotatik gora aurkitzen da, baina Euskal Herrian ere badugu altuera txikiagotan. Iberiar penintsulari dagokionez, Euskal Herriaz gain Pirinio eta Kantabria artean eta Sorian agertzen da.[1]
K.o. I. mendeko Dioskorides medikuak aipatzen du lehenengoz Daphne izena. Hitz horrek antzinako grezieraz "ereinotza" edo "erramua" esan nahi du, izan ere genero horretako landareek ereinotzaren antzeko hostoak baitituzte.[3]
Espeziearen cneorum izena greziarrek torbiskoa (Daphne gnidium) izendatzeko erabiltzen zuten, genero bereko beste espezie bat[4]. Hark lore zuriak ditu.
Daphne verloti Gren. & Godr. Fl. France 3: 59 (1856)
Deskribapena
Landare bizikorra da eta urte asko iraun dezaketen zurtoin etzan finak izaten ditu. Urtean sortu berriak berde-horixkak izaten dira eta iletsuak, zaharrak aldiz arre-gorriak eta biluziak. Zuhaixkak 30-50 cm arteko altuera hartzen du.[5] Landarearen azpiko zatietan ez da hostorik izaten.[6]
Hosto bakunak ditu, 7-18 mm luze eta 3-6 mm zabal neurtzen dituzte. Hostoak ere iraunkorrak dira. Nerbio zentrala izan ohi dute eta puntadunak dira. Batzuek forma obalatuagoa dute eta beste batzuek eliptikoak edo lantzeolatuak dira.[1] Hostoen azpialdeak kolore argiagoa izaten du.[5]
Kolore arroxeko loreak ditu, 10-17 mm luzerako hodia eta lau petalo dituztenak. Usaintsuak dira[7]. Multzokatuta azaltzen dira, 6-12 loretako kapitulutan. Sepaloak txikiagoak dira, 3-7 mm, eta arroxak edo batzuetan moreak izaten dira.[1]
Fruitu mamitsuak eratzen ditu, 4x3 mmko oboide itxurakoak. Periantioaren barnean eratzen dira eta kolore laranja edo horia izaten dute. Heldu ahala beltz bihurtzen dira.[1]
Banaketa eta habitata
Mendialdeko espeziea bada ere Euskal Herrian itsas mailaraino ere jaisten dela ikusi da. Bizkaian lau populazio daude, Berangon, Karrantzan, Artzentalesen eta Muskizen. Gipuzkoan Aiako harrian eta Bidasoa aldean[8], Lapurdin Biarritz inguruan eta Nafarroan Piriniotako haranetan.[1]
Mendialdean harri txintxarrezko lurzorutan dauden larre eta sastrakadietan agertzen da[6]. Kostaldean hondarretako lurzorutan ikusten da, txilardi eta otadietan.[9] Orokorrean toki argitsuetan hazten da eta lurzoru lehor eta alkalinoak atsegin ditu.[5]
Martxoa eta abuztua artean loratzen da.[5] Endozookoriaz barreiatzen dira haziak, hau da, animaliek fruituak jaten dituzte eta gorozkietan sakabanatzen dira haziak.[5]
Landarearen atal guztiak dira gizakiarentzako toxikoak, adarrak, loreak zein haziak.[1]
Mehatxuak
Daphne cneorum espeziearen populazioak txikiak eta isolatuak dira, "bakan" gisa sailkaturik daude, eta horregatik daude Galtzeko Arriskua duten espezieen zerrendan.[8]