Daniel Alexander Arzola Valenzuela (Maracay, 1989ko maiatzaren 6a) venezuelar idazlea, artista bisuala, diseinatzaile grafikoa eta giza eskubideen aldeko ekintzailea da, batez ere No Soy Tu Chiste LGBT kanpaina antolatzeagatik ezaguna[1]. Aktibismoan artelanak erabiltzeari artibismo deitzen dio[2].
Bizitza
Bizitza pertsonala
Daniel Arzola Maracayn jaio zen 1989ko maiatzaren 6an. Homosexuala[3] eta ez-bitarra da eta he/him, she/her eta they/them izenordainak erabiltzen ditu ingelesez[4].
Diseinu grafikoa ikasi zuen Pascal Unibertsitateko Teknologia Institutuan. Horrez gain, Maracayko Antzerki Eskolan ikasi zuen.
18 urterekin Asperger sindromea (autismo mota bat) diagnostikatu zioten, eta bere neurotipoari buruz irekia izan da artean[5][6].
Gaur egun Ameriketako Estatu Batuetako Minnesotako Unibertsitateko Boynton Healthen Marketing eta Komunikazio sailean egiten du lan[7]. Artibismoari buruz irakasten du Estatu Batuetako, Txileko, Argentinako eta mundu osoko unibertsitateetan[2]. Jazarpen eta mehatxuengatik, Venezuelatik alde egin behar izan zuen[2].
Ibilbide profesionala
2011 eta 2012 bitartean, Arzolak Efebos erakusketa egin zuen, hamasei eta hogeita bi urte bitarteko gizonen hogeita hamar erretraturen bitartez gizonezkoen irudia berri bat sortu duen artelana. Maracayko hainbat gune artistikotan jarri zen ikusgai[8].
2013an No Soy Tu Chiste Internet bidezko kanpaina jarri zuen martxan, LGBT pertsona ezagunen erretratuetan oinarrituta. Kanpainak tratu txarraren, iseken eta indarkeriaren gaiak jorratu zituen, homofobiari aurre egiteko eskatuz. No Soy Tu Chiste biral bihurtu zen munduan zehar eta gaztelaniatik hogei hizkuntza ezberdinetara itzulia izan zen[5]. 2014ko urtarrilaren 31n, Kanadako enbaxadak ohorezko saria eman zion Arzolari giza eskubideen alde egindako lan artistikoagatik[9]. Proiektu honek ekarri zion nazioarteko ospea izan arren, Arzolak jazarpena jasan zuen Venezuelan eta Herbehereetara ihes egin behar izan zuen[2].
No Soy Tu Chiste kanpainaren eragin globalaz gain, Arzolaren artelanak Kolonbiako eta Argentinako arrazoi sozialen ikur bihurtu dira. 2014an irakasleen jazarpen homofoboagatik Sergio Urrego ikasle kolonbiarrak bere buruaz beste egin ostean, Arzolak homofobiaren aurka berriro hitz egin zuen[10] eta Urregoren erretratua sortu zuen[11]. Bere buruaz beste egin baino egun batzuk lehenago, Urregok No Soy Tu Chisteren kartela bat zabaldu zuen Facebookeko profilean[11]. Bi lanak homofobiaren aurkako borrokaren ikur bihurtu ziren Kolonbian[12].
Argentinan, 2016ko uztailean, Buenos Aireseko metro geltoki bati Carlos Jáuregui LGBT aktibista ospetsuaren izena jartzeko lege proposamena aurkeztu zen. Proposamen hori sustatzeko, Arzolak Jáureguiren erretratu bat egin zuen[13]. Arreta handia lortu zuen, Adolfo Pérez Esquivel Bakearen Nobel saridunarena barne[14]. 2017ko martxoaren 20an, Arzolak hamalau metroko horma-irudi bat erakutsi zuen Carlos Jáuregui geltokian[13].
Erreferentziak
Kanpo estekak