Alpha, jatorriz Alpha AXP izenez ezaguna ere badena, 64-biteko RISC arkitektura da, hasiera batean Digital Equipment Corporationek (DEC) garatua, 32-biteko VAX makinak (CISC motakoak) ordezkatzeko diseinatua. Alpha mikroprozesadoreetan inplementatu zuen DECek. Mikroprozesadore hauek batez ere DEC lan-estazioetan erabili ziren, gama erdi eta altuetan. Hirugarren fabrikatzaileek ere produzitu zituzten Alpha sistemak, ordenagailu pertsonaletako oinarri plakak barne.
Historia
Alpha prozesadorea DEC Alpha edo Alpha AXP bezala ere ezagutzen da. Lehenengo siglak Digital Equipment Corporation enpresaburu dagozkio, jatorrian bertan garatu baitzen prozesadorea. AXPren inguruan bestalde eztabaida ugari egon da: ez duela inolako esanahirik eta produktuarentzat izen bat dela edo DECek saltzen zituen Alpha sistemak bereizteko jarritako hizkiak direla. Badaude era berean, sigla moduan hartu eta esanahia bilatzen saiatu direnak. Ildo horretan informatikarien artean broma modura hasi zen zabaltzen Almost eXactly PRISM esanahia. Izan ere Alpha prozesadorea, DECen barruan PRISM deituriko proiektu baten diseinuan oinarrituta jaio zen[1].
Alpha proiektuaren helburua DECen VAX arkitektura ordezkatzea zen, azken hau zaharkituta geratzeaz gain beste arkitektura batzuk eraginkortasun/prezio erlazioan aldea ateratzen zietelako, esaterako SPARC arkitekturak. VAX ordezkatzeak jauzi handia ekarriko zuen, 32-biteko CISC prozesadorea izatetik 64-biteko RISC prozesadorea edukitzera pasako zelako.
Lehenengo Alpha prozesadorea 1992an merkaturatu zen, 21064 edo EV4 izenarekin. Prozesadore bakoitzaren izenak formatu berdina jarraitzen du: 21x64. 21, 21. mendeko prozesadorea izendatzeagatik eta 64, 64 bitekoa dela adierazteko. Tarteko x-k, kaleratutako zenbatgarren prozesadorea den adierazten du. Era berean, EVx izenarekin ere ezagutzen da prozesadore bakoitza, honen esanahia Extended VAX izanik eta x dagokion bertsioa.
1998a bitartean hiru prozesadore ezberdin kaleratu zituzten: 21064, 21164 eta 21264a. Urte horretan baina Compaq enpresak DEC erosi zuen 9.6 bilioi dolarren truke. Honek txipen produkzioan eragina izango zuen, Samsung etxearen eskutara pasako baitzen hauen ekoizpena. 2001etik iragarrita zeukan Compaqek prozesadore hau bere asmoetatik baztertuko zuela 2004. urterako Intelen Itaniumen mesedetan. 2001 urteko irailean, HPk Compaq erosi zuen eta Alpha prozesadorearen garapenarekin jarraituko zuela adierazi zuen nahiz eta urte gutxi batzuetarako izan.
Edozein kasutan, kontuan eduki behar da HPk berak PA-RISC prozesadorea mantentzen zuela eta zama gehiegi zela bi prozesadore ezberdinen garapena mantentzea. 2003an 21364 edo EV7a kaleratu zen eta horren ondoren EV8 prozesadorea izango zena planifikatuta bazegoen ere, azkenean bertan behera utzi zuten. Antzeko zerbait gertatu zen EV9arekin, 'Tarantula' bezala ezagutzen den prozesadore honen diseinua Universitat Politècnica de Catalunyan garatu zen[2] eta 2006rako espero zen baina halakorik ez zen iritsi eskuartera. EV10, EV11 eta EV12ren oihartzuna ere entzuten zen duela urte batzuk, baina gaur egun ezinezko zerbait dirudi; are gehiago 2007ko apirilaren 27tik HPk Alphan oinarritutako sistemak saltzeari utzi ziola jakinda.
Erreferentziak