dBiziDonostiako Udalak2008 urteaz geroztik martxan jarrita daukan bizikletak mailegatzeko zerbitzu publikoa da. Hasiera batean 5 geltokitan banatutako 100 bizikletarekin jarri zen martxan eta 2010ean 4 geltoki berri eta 50 bizikleta gehitu zituzten. Tarte honetan CEMUSA enpresa izan zen zerbitzua kudeatu zuena eta 2012ko azaroan 5.632 pertsona zeuden izena emanda. 2012ko abenduaren 31ean zerbitzua amaitu egin zen, dBiziren lehen aroari amaiera emanez. 2008an urteko abonua 12 eurokoa zen, baina 2012rako 20 eurotara igo zuten. Lehen ordua doan egin zitekeen bizikletan, eta ondoren, euro bana ordaintzen zen erabilitako ordu bakoitzeko, gehienezko 4 ordutara iritsi arte.
2013ko abuztuan Bonopark enpresari esleitu zitzaion eta bizikleta elektrikoak jarri ziren hiriko maldak bizikletaz aritzeko oztopo izan ez zitezen. Horretarako estazioak eta lotura sistemak eraberritu ziren. 2015ean 16 guneetara zabaldu ziren bizikletak, baina bandalismo gertaera ugariren ondorioz ia erabilezin geratu zen[3].
2019an dBusi eman zitzaion zerbitzuaren kudeaketaren ardura, eta honek, 2020an Movus eta Urbaser enpresek eratutako BIZISS ABEEari esleitu zitzaion garraio zerbitzua, eta PBSCk eskainitako teknologiaren bidez egiten dute. 317 bizikleta mekaniko eta 120 elektrikorekin hasi zen, 46 geltoki ezarrita hirian zehar, guztiak mixtoak. 2022an zerbitzua Herrerara zabaldu zen eta 2023an 21 geltoki berri ireki zituzten 257 bizikleta berrirekin.