María Jesús Lampreave (Madril, 1930eko abenduaren 11 – Almería, 2016ko apirilaren 4a)[1], ezagunagoa Chus Lampreave izengoitiz, espainiar aktorea izan zen. Sekula aktore bokaziorik izan ez zuen arren, Espainiako zinemako aktore ezagun eta preziatuenetako bat bihurtu zen. Berrogeita hamar film baino gehiagotan eta telebistako lan ugaritan parte hartu zuen, herrialdeko zuzendaririk garrantzitsuenekin lan eginez.
Biografia
Batxilergoa ikasi ondoren, eta pinturarekiko zuen zaletasuna jarraituz, San Fernandoko Arte Ederren Akademiara joan zen, eta Jaime de Armiñánen bitartez, 1958an telebistako aktore gisa debutatu zuen. Zineman Marco Ferreri eta Luis García Berlangaren eskutik hasi zen lanean; azken honekin, El verdugo eta Nacional trilogia bezalako film esanguratsuetan aritu zen.
Baina arrakastarik handienak 1980ko hamarkadan lortu zituen, Pedro Almodóvarren eskutik, 1983ko Entre tinieblas, 1984ko ¿Qué he hecho yo para merecer ésto? eta 1986ko Matador filmeetan lan eginez. Gaztela-Mantxako zuzendariarekin beste bost filmetan lan egin zuen, 2002ko Hable con ella eta 2006ko Volver horien artean. Almodóvarrekin bere filmografia osoan erregularki lan egin duen emakumezko aktore bakarra izan zen.
1986an Fernando Truebarekin lan egin zuen El año de las luces filmean, Goya Sarietarako bere bost hautagaitzetako lehena lortu zuen paper bat eginez. Pertsonaia txoriburu edo fidakorretan aditua, protagonismo handiagoa hartu zuen 1988an Antonio Mercero donostiarrak zuzendutako Espérame en el cielo filmean.
Truebarekin 1992ko Belle Époque filmean lan egin zuen berriz, ingelesa ez den beste hizkuntza batean egindako Oscar Saria irabazi zuena. Lan horrengatik taldeko emakumezko aktorerik onenaren Goya Saria erdietsi zuen. Zuzendariak eta aktoreak 2012ko El artista y la modelo filmean ere lan egin zuten.
Filmografia
Telebista
Sariak eta hautagaitzak
Canneseko Zinemaldia
Goya Sariak
Zilarrezko Fotogramas Sariak
Aktoreen Elkartea
Erreferentziak
Kanpo estekak