Chang'e 4 (txineraz 嫦娥四号; pinyinez Cháng'é Sìhào), Txinatar Ilargi esplorazio programaren misio bat da, jaitsiera modulua eta astromobilaz osatua dago. Berez, Chang'e 4a Txinako bigarren jaitsiera modulua eta astromobila dira, Chang'e 3ren erreserba kopia gisa eraikia izan baitzen, Chang'e 2a Chang'e 1ena den bezala. Chang'e 3aren ilargiratze arrakastatsuaren ondoren, Chang'e 4aren ezaugarriak helburu berrietarako zehaztuak izan ziren.
2019ko urtarrilaren 3an, bertako 10:26etan, Txinako Espazio Administrazio Nazionalak Ilargiaren alde ezkutuan ezartzea lortu zuen, hain zuzen ere, Hego Polo-Aitken arroaren Von Kármán kraterrean. Historian lehenengoa izan zen Ilargiaren eremu misteriotsu hartan lurreratzen, hortik datorkio merituaren zati handi bat.[1] Ez da Ilargiaren alde ezkutura tripulaziorik gabeko zunda bat bidaltzeko lehen saiakera izan, NASAk ere 1962an bere saiakuntza propioa burutu zuen, porrot egin zuen baina.[1]
Misio hau ez da hemen bukatuko, Txinatar Ilargi esplorazio programak misio tripulatu bat bidali nahi du Ilargiaren alde ezkutura, adituek ez dute datarik zehaztu, baina zenbaiten ustetan 2036an bidaliko dute.[2]
Helburuak
Zundak hainbat helburu ditu, horietatik asko oso erakargarriak dira egun martxan dauden zenbait ikerketetarako. Ilargiaren alde ezkutuaren erliebea eta lurrazala ikertuko ditu, haren osaera eta egitura, irrati maiztasun baxuak ikertzeaz gain. Gainera, neutroien eta atomo neutroen erradiazioa ere neurtzeko gaitasuna du.[1] Horretaz gain, zundak kotoiaren, patataren eta beste hainbat landare ezagunen haziekin iritsi zen Ilargira, zenbait legami ere eraman zituen. Helburu gisa, Ilargiaren giro arrotz eta latzean ekosistema txiki bat sortzea zen, hala, honen garapena aztertzeko. Besteak beste, hazi hauek gure satelitean jazotzen diren tenperatura aldaketa bortitzekin, erradiazio maila altuekin eta Lurrarena baino grabitate askoz baxuagoarekin zelako elkarrekintzak dituzten jakin nahi da.[3]
2019ko urtarrilaren 12an zundak igorri zituen zenbait argazkiri esker jakin zen kotoiaren haziak ernamuintzen hasi zirela, beste landareenak ordea, oraindik ez zeuden garatzen hasiak egun hartan.[3] Aipatutako landareek zortzi egun iraun zuten bizirik, hau da, 212 ordu guztira.[4] Kotoi landareak ernamuintzea lortu zuen eta Txinako Espazio Agentziaren esanetan, hau hala izanik, helburua bete zuten. 2019ko urtarrilaren erdialdera jazo zen Ilargiko lehen izaki bizidun lurtarren heriotza, eragilea ilargiar gaua izanik, honek bi aste irauten baititu eta sateliteko tenperatura zero azpitik 170 gradutara jaisten baitu. Tenperatura aldaketa bortitz eta handi horrek zunda aurrezte-egoeran ipintzera behartu zuen eta beraz, landareei berotasuna, ura eta argia emateari utzi behar izan zion gailuak.[4]
Erreferentziak
Ikus, gainera
Kanpo estekak