Cathy Moana Dewes zeelandaberritar irakaslea eta maorieraren sustatzailea da. 1970eko hamarkadaz geroztik, pertsonaia nabarnema da maorieraren aldeko mugimenduan eta maorierazko hezkuntzan.
Bizitza
Bizitza pertsonala eta ikasketak
Dewesen bi gurasoak irakasleak ziren. Hiru neba ditu. Haurtzaroa East Capen eta Bay of Plenty eskualdean eman zuen, eta han maoriera ikasi zuen[1].
1966an, familia Wellingtonera joan zen bizitzera, non Dewesek Wellingtongo Nesken Ikastetxean ikasi zuen. 1968an ikasle-ordezkari izendatu zuten. Frantsesa, alemana, italiera eta latina ikasi zuen arren, zuzendariak esan zion ezin zuela maoriera ikasi[1][2].
Maorieran lizentziatu zen Wellingtongo Victoria Unibertsitatean. Ikasten zuen bitartean Te Reo Māori Society izeneko erakundea ezartzen lagundu zuen, eta horrek maorieraren sustapena bultzatu zuen, telebistan eta irratian barne[1].
Rawiri Rangitauirarekin ezkondu zen eta harekin sei seme-alaba izan zituen. 2014an senarra hil zitzaion[3].
Ibilbide profesionala
Te Reo Māori Societyn parte hartu zuenez, 30.000 sinadura biltzen lagundu zuen 1972an Zelanda Berriko Parlamentuan aurkeztutako eskaerarako. Bertan maoriera eskoletan erabiltzen hastea eskatu zuen[4].
Kura Kaupapa Māori eskolen mugimenduko kide sortzailea izan da Zelanda Berrian[1], eta Te Runanganui o Kura Kaupapa Māori erakundeko burua ere bai[5].
1985ean, Te Kura Kaupapa Māori o Ruamata eskola ezarri zuen Rotoruan, Zeelanda Berriko lehen maorierazko eskoletako bat. 10 urtez soldatarik jaso gabe lan egin zuen bertan, gobernuaren finantzaketa lortu arte[6].
2016an, Dewes Hezkuntza Ministerioaren Aholku Talderako izendatu zuten hezkuntza finantzatzeko sistemak berrikusteko[7]. Urte berean Te Ururoa Flavellek Te Mātāwai aholku-batzorderako izendatu zuen[8].
Sariak eta errekonozimenduak
- 2011: Waikato Unibertsitatearen honoris causa doktoretza[6]
- 2011: Zeelanda Berriko Merezimenduaren Ordenako ofiziala[9]
Erreferentziak
Kanpo estekak