Carlos Ferrando López (Cartagena, Espainia, 1949 - Madril, Espainia, 2024ko abuztuaren 13a) bihotzeko prentsako espainiar kazetaria eta telebistako kolaboratzailea izan zen.
Bizitza
4 urte besterik ez zituenean bere familiarekin bizitzera joan zen Sabadellera. Han bizi izan zen 1969ra arte, Madrilen kokatu zen arte Esperanza Roy aktorearen idazkari gisa lan egitera. Artisten munduan erabat murgilduta, Pedro Almodóvarren, Ana Belénen eta Imanol Ariasen prentsa arduraduna izan zen.
Artisten munduaren inguruan zuen ezagutzak Fotogramas aldizkarian eta Diario 16 egunkarian zinema-kritikari lan-ibilbidea egiten lagundu zion. 1980ko hamarkadan La movida madrileña mugimenduko La luna de Madrid aldizkako argitalpenean kolaboratu zuen.
Berebiziko ospea, ordea, 1997an etorri zitzaion telebistan lan egiteari esker. 1997 eta 1998 bitarteko denboraldian Belinda Washingtonek Telecinco telebista katean aurkezten zuen De domingo a domingo iganderoko magazinean agertzen zen. Urtebete geroago Javier Sardàk bihotzeko kronikak komentatzeko kontratatu zuen orduan estreinatu berria zen Crónicas Marcianas telebista saiorako. Kazetariak urtebete beranduago utzi zuen saioa, Sardàri ikusle gehiago bereganatzeko asmoz eskandaluak sortzea egotzi ondoren. Ondoren, 2000n Alicia Senovillarekin batera aritu zen Como la vida saioan, bere saio propioa aurkezten hasi zen arte. 2000 eta 2004 bitartean Corazón del milenio aurkeztu zuen Canal 7 telebista katean, 2001 eta 2003 bitartean Sevilla TV eta beste tokiko telebista kate batzuetan ematen zen Latidos del Corazón saioa aurkeztearekin uztartuz.
2004an, bihotzeko prentsako gaietarako kolaboratzaile gisa itzuli zen telebista nazionalera Agustín Bravok eta Patricia Pérezek Antena 3 katean aurkezten zuten A la carta udako saiora. Ondoren, 2004tik 2005era María Teresa Camposen Cada día saioan jarraitu zuen. 2007an Yolanda Floresek Telecincon aurkezten zuen El ventilador izeneko gauerdiko elkarrizketa saioan egin zuen lan. 2006tik 2008ra Telecorazón kateko Demasiado Corazón saioa aurkeztu zuen.
2009tik 2013ra María Teresa Camposekin elkarlanean aritu zen Telecincoko ¡Qué tiempo tan Feliz! saioak. 2017an, urte batzuetako atsedenaldia hartu ondoren, Telecinco telebista katera itzuli zen kolaboratzaile gisa.
2024ko abuztuaren 13an hil zen Madrilen 76 urte zituela.[1]
Erreferentziak
Kanpo estekak