Captain Blood (euskaraz Blood kapitaina) 1936ko Michael Curtiz hungariar-estatubatuar zinema zuzendariaren abenturazko filma bat da. Rafael Sabatini idazlearen Captain Blood eleberrian oinarritua dago. Bertan, Errol Flynn, Olivia de Havilland, Lionel Atwill, Basil Rathbone, Ross Alexander, Guy Kibbee, Henry Stephenson eta Robert Barrat aktoreek antzeztu zuten.
Filma honetan Warner Bros. Pictures ekoiztetxeak nolabaiteko arriskuaz jokatu zuen, ordurarte nahiko ezezagunak ziren Errol Flynn eta Olivia de Havilland aktoreak protagonisten paperetan ipini baizituen, baina filmak lortutako arrakastaren ondorioz Errol Flynn ordurarte zinema mutuko ekintza filmetako jaun eta jabe zen Douglas Fairbanks ospetsuaren berezko oinordekoa bilakatu zen.
Filma honek Oscar Sarietarako lau izendapen jaso zituen, nahiz eta bat bera ere irabazi ez izan: Film onenaren Oscar Saria, Zuzendari onenaren Oscar Saria, Jatorrizko soinu banda onenaren Oscar Saria eta Soinu edizio onenaren Oscar Saria.
Argumentua
1685. urtea, Ingalaterrako Erresuma. Estuardo etxeko Jakue II.aren erregealdian Koroa eta Parlamentuaren arteko liskarrak etengabeak dira. Peter Blood (Errol Flynn) irlandar doktorea garai hartako politika arazoei jaramonik egin gabe gaixoak sendatzen buru-belarri dabilen medikua da. Baina injustuki Monmoutheko matxinadan parte hartu, koroaren aurkako traizioa leporatu eta Ameriketara erbesteratzen dutenean bere munduarekiko ikuspegia nahiz jokamoldea erabat aldatuko da. Trebezia eta azerikeria handia dituen gizona izanik, ihes egitea lortu eta Blood kapitain beldurgarrian bilakatuko da.
Aktoreak
Iruditegia
Kanpo estekak