Museoak burdinbide material sorta handia jasotzen du, material mugikorra aipagarria izanik, bai eta Euskal Herriko eta inguruko burdinbideen historiari buruzko dokumentazio eta bibliografia ere.
Urolako trenaEspainiako burdinbide elektrikoen artean lehenetariko bat izan zen, eta 1926an inauguratu zenetik aldaketa handirik gabe mantendu zen zerbitzuan, bai egiturari zein material mugikorrari dagokionez. 1986an zerbitzua eten zen eta bi urte geroago behin betiko itxi zen, horren ondoren trenbidea museo bilakatuta. Euskal geografian zehar XX. mendearen hasieran sortutako eta mende horren amaiera aldera itxitako burdinbide asko jatorri zuen material ugari jaso zen. Museoa 1992an sortu zen eta 1994an ireki zen publikora, Juanjo Olaizola Elordi burdinbideen historialariak bultzatuta, zeina 2010era arte museoaren zuzendari izan zen. 2011n kudeaketa modua aldatu zen eta Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioa sortu zen, Maitane Ostolaza historialdariak zuzendutakoa. 2014an kudeaketa sistemak atzera egin zuen eta Euskotrenek kudeatzera pasa zen berriro, Juanjo Olaizola buru.
Bere bildumak, material mugikorraz gain, burdinbidearekin lotutako material asko ere jasotzen du, hala nola erlojuak, uniformeak, jostailu zaharrak, makina-erremintak, argiontziak, plakak, eta abar. Material mugikorrari dagokionez, aldi berean zerbitzuan mantendu dituen lurrunezko tren-makina gehien izan dituen espainiar museoa da. Horretan oinarrituta eta Euskal Burnibidearen Museoaren Lagunak izeneko boluntarioen taldeak babestuta museoak lurrunezko trenean eta kotxe historikoetan bidaia erregularrak antolatzen ditu, Urolako trenbideko Azpeitia eta Lasaoko geltokien artean, 5 kilometro luzeradun ibilbidean zehar.
Urolako treneko mantenu tailerrak trenbidea itxi zen egoera berean mantentzen dira, XX. mendearen hasieratik gaur egun arte iraunarazi diren tailer mekaniko bakarrak bilakatuz.
Museoak burdinbideez kanpoko bestelako ibilgailuak ere jaso eta babesten ditu, horien artean 20ko hamarkadako suhiltzaile kamioi bat.
Lurrunezko trena
Euskotren Trenako E6 linea, Lurrunezko trena edo Azpeitia-Lasao trenaEusko Trenbideak enpresak Azpeitia eta Lasao geltokien artean egiten duen zerbitzua da. Linea hegoaldetik iparraldera doa, Urola ibaiaren haranatik.