Buradonek Ebroren beste aldean Bilibio herria zuen, ibi baten bitartez loturik.[1]
Kastro batek babesturik, jada Burdin Aroan biztanleak zituen. Litekeena da bisigodoen garaian herri biak uztarturik izatea baina nafar-gazteluen gerren ondorioz, banatu eta egungo Haro eta Gatzaga Buradon hiribilduak sortu zituzten.[1]
Burgosko kronikonak eta Compostelako Urtekariek 939an Abderraman III.aren garaian, musulmanek bere gaztelua erre zutela zioten.[2] 1012an, Antso Gartzia I.a Gaztelako kondeak Nave de Alburako foruen berrestu zuenean, Bela Ovecoz bere tenentea zen Buradonen.[3] 1064an Antso IV.a Gartzeitz Peñalengoak zuen jabea, honen tenentea Fortun Antso izanik.[2]
1181ean Antso VI.a NafarroakoakNova Victoria hiria fundatu zuen Gasteiz herrixka zaharraren gainean, foruen sinatzaileen artean Gomez Martinez zegoen, orduko Buradongo tenentea.[2] 1176an San Vicente de la Sonsierrako forua sinatu zutenean ere, Buradan toponimoa aipatu zuten.[2]
Egun sarbideak, harresiaren zati batzuk eta balizko gela bat ikus ditzakegu munioaren bi aldeetatik. Hala ere, zaila da bertaraino ailegatzea sastraka ugari baitago.
Herri hustua
N-124 errepidearen trafikoa arintzeko tunel bat eraikitzean antzinako herrixkaren aztarnak topatu zituzten. Aipatzekoa da Araba osoko eliza paleokristau bakarra.[4]
Indusketa arkeologikoan V. mendeko hainbat gela topatu zituzten. Adituen ustez, herrixka terraza estuetan eraiki zuten 600 metroko altueraraino.[5]
Etxeak, labe zirkularrak eta biltegiak topatu zituzten.[5] Zeramiken aztarnak ikerturik, VI. mendean ere biztanleak zituela uste dute.[5]
Eliza paleokristaua
Eliza paleokristauak 17x5 metroko oinplano laukizuzena du. V. mendean eraiki zuten harlanduak, erromatar adreiluak eta adobe erabiliz. Gero, berreraiki eta jatorrizko fatxadan abside berri bat egin zuten.
Presbiterioak ferra itxura du eta maila bi altuago dago. Absidearen erdialdean aldarea zegoen. Zoladura morterozkoa da. Sarbidea eraikinaren hegoaldean zegoen eta kanpoaldean nekropoli zabala zegoen, X. mendearen erdialdean erabili zutena.[5]
Erreferentziak
↑ abcGonzález Fernández, Rafael; Alonso Martínez, Ignacio. (2011). Las Cuevas de Herrera, el Monasterio Cisterciense y la Camáldula actual (Miranda de Ebro- Haro). XXVI Editum, 172-176 or. ISBN978-84-8371-951-0..
↑Sánchez Candeira, Alfonso. (1999). Castilla y León en el siglo XI. Estudio del reinado de Fernando I. Madril: Real Academia de la Historia, 136 or. ISBN84-89512-41-8..