Biomak Euskal Herrian

Biomak Euskal Herrian Euskal lurraldean egun dauzkagun antzeko ezaugarri ekologikoak eta klimatikoak dauzkaten area geografikoak dira.

Bertako biomak gure baldintza klimatiko eta ekologikoen aniztasunaren ondorio dira. Euskal Herria txikia bada ere (20.894 km2 baino ez ditu), orografiaren, klimaren eta gizakiaren eraginaren ondorioz, bioma ugari aurki ditzakegu. Oro har, biomak klimaren arabera banatzen direla esan dezakegu.

Gaur egun, gure planetan ia ez dago guztiz “naturala” den ingurunerik, ez eta Euskal Herrian ere, gizakiak ia ingurune guztiak aldatu dituelako nolabait. Aldaketak handiagoak izan dira batzuetan besteetan baino, baina gizakiok oso eragin handia dugu biometan.

Hostozabalen baso misto epela

Hostozabalen baso misto epela izenez ezagutzen dena, Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako (Aiara, Zuia-Gorbeialdea) eta Nafarroako ipar-mendebaldean eta Iparraldean aurki dezakegu bioma mota hori.

Klima ozeanikoa dugu, euri ugari egiten du urte osoan (500-1500 mm), haize heze atlantiarraren eraginez eta tenperatura epelak ditu, negu hotz samarrekin. Ingurune hauetako urteko batez besteko tenperatura 10º eta 20º artean ibili ohi da.

Lurraldea menditsua da, altuera handirik gabea. Ibaiak kostaldetik hurbil daude eta laburrak dira, arro txikikoak, emaritsuak eta higatzeko ahalmen handikoak.

Itsas bazterra koskatsua da eta hainbat itsasadar ditu: Bilbo, Urdaibai, Zumaia, Pasaia...

Hariztiek eta pagadiek osatzen dituzte baso nagusienak. Horiekin batera, gaztainak, urkiak, akaziak, sahatsak... Baina gizakiaren eraginez, jatorrizko basoak desagertu egin dira. Horien ordez, industriarako gaiak ateratzeko bestelako basoak (pinudiak, eukaliptoa) sortu dira Bizkaian, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan. Nekazaritzarako eta abeltzaintzarako belardiak, landak, baratzeak eta laboreak (artoa) lantzen dira.

Ingurune hau oso populatua dago, bereziki industrializazioaren ondorioz. Orduan, paisaia naturala ia erabat desagertu da.

Tarteko bioma

Euskal Herriko ur-mugatik hegoaldera kokaturik dago, Añanatik Zangoza ingurura arte: Arabako lautada, Nafarroako sakana, Iruñeko arroa...

Mediterraneo eta kontinental arteko klima du. Euri gehiegi egiten ez badu ere, ez da bioma oso lehorra.

Ibai guztiak (Uda, Zadorra, Ega, Arga, Irati...) Ebron amaitzen dira eta emari handikoak dira, ura mendilerro nagusietatik jasotzen baitute.

Erliebe aldetik lautada da nagusi. Nekazaritzarako oso lur emankorra da.

Giza jardueran nekazaritzak garrantzi handia du alde honetan: laboreak, garia, zekaleak, garagarra, patata... lantzen dira.

Bioma mediterraneoa

Mediterranear basoa Euskal Herriari dagokionez, Ebro ibaiaren inguruan kokatzen den bioma da, Arabako Errioxan eta Nafarroako Erriberan bereziki.

Horko klima mediterraneo gogortua da. Euri gutxi egiten du, eta zenbat eta ekialderago, orduan eta lehorragoa da klima. Azkenean, Bardean basamortu itxurako paisaia agertzen zaigu.

Lautada handiak eta higadurak eragindako muino eta mendixkak ageri dira.

Ebroko ura baliatuz, ureztatze-lan garrantzitsuak egin dira nekazaritzarako. Nekazaritzak garrantzi berezia du alde honetan. Hor ditugu, adibidez, Errioxako mahastiak edo Erriberako barazkiak (piperrak, zainzuriak...).

Horrez gain, mediterranear basoaren hainbat gune agertzen dira euskal kostaldean. Garai bateko landaretzaren banaketaren hondar bezala. Kostaldeko artadi zein artelatz basoak dira.

Mendiko bioma

Mendiko bioman basoak eta belardiak tartekatzen dira.

Bereziki, Pirinioetan aurkitzen da eta baita beste zenbait mendi garaitako gailurretan ere.

Altueraren eta klimaren arabera, basoak eta belardiak tartekatzen dira.

Gizakiak basoak ustiatzen ditu zura, egurra eta egur-ikatza lortzeko eta, udan, artaldeak bazkatzeko, baina ez dago giza-biztanleria iraunkorrik, mendiko klima baitute inguru hauek.

Ikus, gainera

Kanpo estekak