Begoña Guillen Montero (Amurrio, Araba, 1963ko ekainaren 22a) argazkilaria da. 2022an Bilboko Udalak antolatutako hilerrien lehenengo argazki lehiaketa irabazi zuen Itxaropenik eza lanarekin.[1]
Biografia
Begoña Guillenek administrazio eta finantza ikasketak egin zituen. 2001eko apirilean Egiptora egindako bidaiak, ordea, inflexio puntua ezarri zuen bere argazkigintzarako zaletasunean. Reflex kamera analogiko batekin hasitako bideak, beranduago, digitalari ireki zion atea, beti ere, era autodidakta batean. Bidaia hartan, inguratzen zuen guztiak argazkien bidez era artistikoago batez erakusteko nahia piztu zion. Geroztik, osagarri nagusia ura duen guztiak erakarri du: itsasoa, ibaiak, aintzirak, …lehorrekoa izanagatik… kostaldearekin erakarpen berezia sentitzen du.
Argazkigintzak, bere bizitzan berebiziko garrantzia duela adierazten du Begoñak.
Argazki makina eskuartean izateak bidaiatzea suposatzen du, baita naturan murgiltzea eta, uraz, argiaz, eguzkiaz, olatuen mugimenduaz, zarataz, isiltasunaz, aireaz, unearen edertasunaz gozatzea, eta nola ez… bakardadeaz, eta pasatutako esperientziak geroago partekatzea ere.
Hilerrietan argazkiak ateratzea ere gogoko du. Bidaiatzen duenean ere bisitatzen ditu hilerriak. 2022an Bilboko Udalak antolatutako hilerrien argazki lehiaketa irabazi zuen Itxaropenik eza lanarekin: begiak itxita, gora begira dagoen harrizko eskultura baten bustoa ageri da, eta aurpegiera are atsekabetuagoa ematen diote hezetasunek.[1]
Bilboko Photobat argazkilaritza elkarteko presidentea ere bada Guillen Montero.[2][3]
Erakusketak
- 2015ean Kresala erakusketa Gasteizko Mila Agirre galerian.
- 2016an Amurrion eta Agurainen Artearen haziak erakusketa kolektiboan parte hartu zuen Araba Euskaraz egitarauaren barruan.[4]
- Photobat taldearekin, Eibarren, Artziniegan eta Bilbon erakusketa kolektiboak egin ditu.
- 2022an Photobat-ekin apiriletik ekainera, Bilboko expodistriton erakusketa kolektiboa.
Sariak
- 2022an Bilboko Udalak antolatutako hilerrien lehenengo argazki lehiaketa irabazi zuen Itxaropenik eza lanarekin: begiak itxita.[5]
Erreferentziak
Kanpo estekak